Bilatzaile berria du 'ataria.eus'-ek

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 23a, 13:05

'ataria.eus' webguneko bilatzailea eta komunitatera edukiak igotzeko sistema eraberritu dira, erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz.

Bilaketa zehatzagoak egiteko aukera eskainiko du aurrerantzean, ataria.eus-ek; albisteak ez ezik, hitzorduak, komertzioak edo komunitateko argitalpenak aurkitu ahal izango dira. Orain arte Google-k garatutako bilatzailea zuen webguneak, baina aste honetan Elhuyarrek garatutako zerbitzurako aldaketa egin da.

Izan ere, Google-eko bilatzaileak euskarazko bilaketekin arazoak ematen zituela atzeman zen Tokikom-eko komunikabideen webguneetan. Publizitatea ere txertatzen zuen. Horregatik, euskaraz sortutako bilatzaile baten aldeko apustua egin dute komunikabide guztiek, baita TOLOSALDEKO ATARIA-k ere.

Bilaketa sinpleak edo zehatzak egiteko aukera eskaintzen du orain: deklinazioak erabili daitezke; datak aukeratu; hitz gakoa albisteko zein partetan bilatu nahi den definitu; zein motatako albistea ikuskatu nahi den zehaztu argazki galeria, bideoa, hitzordua... edota emaitzak zein hurrenkeretan ikusi nahi diren hautatu.

Bilatzaile berria Tokikom Plataformaren erabiltzaile diren komunikabide guztietan aurkituko da aurrerantzean. Gainera, ataria.eus-etik irten gabe, Plataforma hori erabiltzen duten beste 15 webguneetan ere egin daitezke bilaketak. Horretarako, bilaketa zehatza egiteko aukera hautatu eta webguneak atalean zerrendako beste komunikabideetako bat (edo guztiak) hautatu beharko da.

Ez da webguneko berrikuntza bakarra izan. Norberak edukiak argitaratu ahal izateko sistema ere egokitu du ataria.eus-ek. Horri esker, komunitatea erabilerrazagoa eta intuitiboagoa da orain. Agendaren diseinua ere egokitu da.

Gisa honetako aldaketak Atarikideen laguntzari esker gauzatu ahal ditu TOLOSALDEKO ATARIA-k. Orain dela hilabete aurkeztu genuen Egiten duzuna gara kanpainako adierazpenean ere jartzen genuen moduan «TOLOSALDEKO ATARIA egiten duzun hori da. Egiten duzun neurrian gara». TOLOSALDEKO ATARIA eta ataria.eus hobetu eta indartzeko beraz, egin Atarikide!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!