Enirio-Aralar

Mankomunitateak ezezkoa eman dio Aranzadik Aralarri buruzko txostena aurkezteari

Tolosaldeko Ataria / Goierriko Hitza 2018ko ots. 22a, 13:55

Bozketaren unean ezezkoaren alde egin zuten ordezkariak besoa altxatu zuten unea. ARIANE VIERBÜCHER/GOIERRIKO HITZA

Enirio-Aralar Mankomunitateko ordezkariek atzo egin zuten ez ohiko batzarrean bozkatu zuten Aranzadik Aralarko egoerari buruz egin berri duen azterketa Mankomunitatean publikoki azaltzeko aukera. Aldeko eta kontrako zazpi boto izan ziren, eta berdinketa izan zenez, Mankomunitateko lehendakariaren botoak, kontrakoa izan zena, erabaki zuen bozketa.

Aurkezpena egitearen aldeko botoa eman zutenak ondorengo herrietako ordezkariak izan ziren: Ataun (EH Bildu), Zaldibia (EH Bildu), Legorreta (EH Bildu), Ikaztegieta (EH Bildu), Itsasondo (EH Bildu), Gaintza (independenteak) eta Baliarrain (independenteak).

Ezezko botoa eman zutenak, berriz, hauek izan ziren: Amezketa (EH Bildu), Lazkao (EAJ), Beasain (EAJ), Ordizia (EAJ), Altzaga (independenteak), Arama (independenteak) eta Abaltzisketa (independenteak). Orendaingo (EH Bildu) ordezkaria ez zen izan batzarrean. Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkatea da Mankomunitateko lehendakaria.

Bozketaren unean baiezkoaren alde egin zuten ordezkariak besoa altxatu zuten unea. ARIANE VIERBÜCHER/GOIERRIKO HITZA

Ezezkoaren arrazoiak

Bozkatu aurretik, Santamariak aurkako botoaren argudioak emateko idatzi bat irakurri zuen: “Aranzadi Zientzia Elkarteari azterketa hau egitea ez dio Mankomunitate honek eskatu, bere kabuz egin du eta bere ikuspegi soiletik”. Haren esanetan, Aranzadik Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako aurkezpena "tamalgarria" izan zen, eta "deslegitimatu" egiten du mankomunitatearen aurrean lan hori aurkezteak. 

Santamariak gogoratu zuen mankomunitateak “gehiengoz eta kontrako botorik gabe” onartu zuela Legealdiko Kudeaketa Plana 2016ko abenduaren 20eko batzarrean. “Beraz, hartutako erabakiak errespetatu eta exekutatzeko garaia da, ez berriro tentsioa sorrarazten duten eztabaidak sortzeko garaia”.

Halaber, Aranzadiren azterketa mankomunitatean aurkeztea eskatu duten udalerrietako ordezkariei zuzendu zitzaien Santamaria. “Itsasondok, Zaldibiak, Legorretak, Ikaztegietak eta Baliarrainek ez zuten parte hartu nahi izan erabaki hartan. Orain estudioaren aurkezpena eskatzeak orduko erabakia ez duzuela onartzen erakusten du”.

Aitor Altuna Lazkaoko ordezkariak eta Aitor Aldasoro Beasaingoak, biak EAJkoak, ildo berean hitz egin zuten, eta nabarmendu zuten “atzerapausoa” litzatekeela Aranzadik azterketa hori mankomunitatean aurkeztea. Tartean, ika-mika ere izan zen, Aranzadiren lanaren izateaz. Altunak galdetu zuen ea Aranzadiri zeinek eskatu dion lan hori egitea, eta Iñaki Aizpuru Itsasondoko ordezkariak (EH Bildu) erantzun zion “alderdien kontua” izan dela, EAJri eta EH Bilduri erreferentzia eginez. Era berean, Aizpuruk EAJko ordezkariei iradoki zien haiek ere jakinaren gain zeudela. Aldasorok erantzun zion ezetz, eta hori hala izan bada, alderdiak beraiek etorri beharko direla mankomunitatera azalpenak ematera.

Lehendakariaren kalitatezko botoa

Bi aldiz bozkatu zuten puntua. Lehenean kontrako eta aldeko zazpi boto jaso zituen proposamenak. Berdinketa izan zenez, idazkariak bozketa errepikatzeko eskatu zien ordezkariei. Emaitza bera izan zen, eta bigarren horretan, lehendakariaren kalitatezko botoak hautsi zuen berdinketa.

Ahal Dugu-Podemoseko Mila Sukia Ordiziako zinegotziak eta Edurne Huesa Landarlaneko kideak hitza eskatu zuten bilkuraren bukaeran, baina ez-ohiko batzarra izan zenez, horretarako aukerarik ez zegoela erantzun zien Santamariak. Batzarra jarraitzera jende dezente inguratu zen.

Aralar Bizirik-en iritzia

Aralar Bizirik elkarteak sare sozialen bidez eman du atzoko batzarraren inguruan duen iritzia. “Aralarko gaian berebiziko garrantzia eta adierazgarritasuna duen azterketa bat publikoki plazaratzea eragotzi dute, gizarteari informatzeko eskubidea ukatuz. Gero gardentasunaz eta partaidetzaz hitz eginez ahoa beteko zaie, baina beren ekintzetan interes pribatuen aldeko defentsa soilik erakusten dute”. EAJri egozten diote “gizarteari informazioa ezkutatzea”, eta EH Bilduri galdetzen diote ea nola den posible Amezketako ordezkariaren jarreraren aurrean neurririk ez hartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!