Ariztimuño aldundiko Mendietako eta Ingurune Naturaleko zuzendari nagusia da eta Asensio Ingurumeneko zuzendari nagusi ohia. Lurralde antolaketaren aurkako ustezko delitu batengatik inputatuak daude, Enirio-Aralarko barruti babestuan 4 kilometro pasako pista bat baimendu eta sustatzeagatik. Eguzkik eta Landarlanek diotenez, aldundiak "balizko okerra onartu ordez", nahiago izan du "berean tematu eta talde hauek natura defendatzeko eta ingurumen justizia eskatzeko dituzten eskubideak oztopatzen eta eragozten saiatu".
Epaitegian "uko eginarazteko" 20.000 euroko fidantza bat jartzeko eskatu zuen aldundiak, taldeek azaldu dutenez, "eta dudak uxatzeko fidantza jarri arte guri parte hartzen ez uzteko eskatu epaileari". Epaile instruktoreak "astakeriatzat" hartu eta "balizko gastuei aurre egiteko moduko" 4.000 euroko fidantza ezarri zietela gaineratu dute. "Baina kopuru honi aurre egiteko gai izango ote ginen kezkarekin eta, dirudienez, foru aldundiak defentsa gastu altuak dituenez, hain gutxirekin ez konformatzeko erantzun dio epaileari eta fidantza 10.000 eurora igotzeko behintzat, ea honela gizarte-akusazioa uxatzea lortzen duten".
Aldundiak "oztopoak" jarri bitartean, "gardentasuna, gizarte parte hartzea eta lankidetza publiko-pribatua bezalako ideiekin etengabeko zalaparta itzela sortzen digu", gaineratu dute. "Baina hau bezalako salaketek argitzen dituzte aldundiaren benetako asmoak, haien bozka mintegiari lotutako presio taldeentzat lan egitea bere helburua izanik, haien erabakietan klientelismoa hutsa erabiltzea, nahiz eta horretarako naturaren kontserbaziorako legedia alboratu beharrean gertatu".
Eguzkik eta Landarlanek kritikatu dituzte aldundiaren "talde laguntzaile" deitu dituztenak: "ENBA, EHNE-Gipuzkoa, GEBE edo Baskegur bezalako erakunde pribatuak, iturri publikoetatik elikatzen diren arren, eta Abaltzisketako Udala bezalako publikoen bat ere, gustukoak ez dituzten legeei intsumisoak direla aldarrikatuz eta, egun ia ezerezean eta etorkizun gutxiago duen landa-eredu nostalgiko baten irudia saldu nahian kaleratu direnak". Bide batez, Eguzkik eta Landarlanek "lehen sektoreko talde tradizionalista hauei ametitu nahi ez dutena berriro ere gogoratu arazi" beharko zaiela diote: "Enirio-Aralar herri-mendi bat dela, babestua gainera, eta bertan ez dagoela nolanahi jarduterik eta indarrean dagoen ingurumen arautegiak interes publikoa babesten duela eta edozein interes pribatuaren aurretik dagoela".