Martxoaren 2an Leidorrera iritsiko da Nafarroako piratarik ezagunena. El Drogasek bere ibilbidean zehar sortu dituen kanta esanguratsuenen errepasoa egingo du Rhythm&Blues Band-arekin batera. Beti-betiko kantak entzun ahal izango dira, baina, molde berriekin. Publikoan Irurako ikastolako irakasle eta gurasoetako asko eta asko izango dira, izan ere, kontzertuarekin irabazten den diruaren zati bat ikastolarentzat izango baita. Enrique Villarreal (Iruñea, 1959) berari Ikastolako haurrei El Drogas nor den eta kontzertua nolakoa izango den azaltzeko eskatu zaio.
Zer sentitzen duzu Irurako Ikastolaren aldeko aletxoa jarriko duzula jakitean?
Niretzako ekarpen hau egitea nahiko erraza da, nik egiten dakidana horixe da, abestea eta musika jotzea. Bestalde, garbi dut lehentasun batzuk ditudala historia sozialak aukeratzerakoan eta beraz, Irurako ikastolaren aldeko kontzertua eskaintzea demasa iruditzen zait. Kontzertu bat ematera joan eta bide batez ikastolan dituzten baliabideak hobetzen laguntzen badut primeran!
Haurrei nola aurkeztuko zenieke Enrique Villarreal?
Puff, ba.. Enrique aitatxi bat da. Norberak gustuko duena egitetik bizitzea oso zaila den toki batean bizi den aitatxi bat da. Ni zorte handia duen pertsona bat naiz, musika gustuko dut, idaztea gustuko dut… idazteko irakurri egin behar dut, nire zaletasun gustukoenetako bat da eta ikasten jarraitzeko irakurri egin behar dut. Musika entzutea ere asko gustatzen zait, gainera, konposatzen ikasteko musika entzutea garrantzitsua da. Ba ez dakit zer esan... Guzti honengatik aitatxi pribilegiatu bat naizela uste dut. Ez horregatik guztiagatik bakarrik, baizik eta pribilegiatua naiz bi biloba zoragarri ditudalako.
Nola sentitzen zara parkean edo edonon «aitatxi, aitatxi» entzuten duzunean?
Nik oso ondo daramat. Nire bizitzako garai guztiez gozatzen saiatzen naiz, gainera, garai desberdinak datozen bezala disfrutatu behar direla uste dut. Ni oraintxe bertan nire bilobekin oso istorio politak bizitzen ari naiz, bilobarik izan gabe bizi ezin daitezkeen istorioak dira. Nire semeak txikiak zireneko esperientziak errepikatzen ari naiz, esate baterako, errekara joan eta harriak uretan dantzan jartzen ditugu txipi-txapa. Edozein kasutan ere, ez da ezer berria, ahal nuen guztietan egoten nintzen nire semeekin, batez ere jolasean, bihurrikeriak egitea oso gogoko genuen. Orain bilobekin are eta gozagarriagoa da, ez duzulako aita zareneko ardura, eskolako notekin etortzen direnean adibidez... edo, bilobak goxokiak eskatzen badizkit, azukrea lehen bezalaxe txarra dela jakinda ere, ba, aizu, erosi egiten dizkiet.
Badakizu Tolosaldean inauteriak oso garrantzitsuak direla... Neska-mutikoren batek pirataz mozorrotuta zatozela pentsatuko du...
Nire semeei kontatzen nien eta orain nire bilobei kontatzen diedan istorio berdina konta diezaiekezu. Esan iezaiezu itsasoetako negozioa nahiko gaizki zegoela eta nire barku pirata saldu beharra izan nuela. Barkua saldu eta furgoneta erosi eta zarata egiten hasi behar izan nuen. Entseguak egiteko lokalean dauzkat altxorrak gordetzen genituen bi kofreak, barkuak asaltatzeko erabiltzen genuen trabukoa, bandera pirata eta baita barku hartako nagusiaren sablea ere. Haurrak txikiak direnean dena sinesten dute eta sinesten duten bitartean oso polita da. Entsegu lokalera joaten garenean kofreak erakusten dizkiet haurrei eta flipatu egiten dute. Edo munduari buelta eman nion aldi bakoitzeko belarritako bat jarri nuela esaten diet eta nire belarria begira txoratu egiten dira.
Egungo haurrek askotan entzun behar izaten dute gurasoen gustuko musika… Neska-mutilen batek «Aizu, hau ez al da Barricada-koa»? galdetuz gero, zer esango zenioke?
Erraza da, esaiezu nire anaia bikia dela hori… [kar, kar, kar]. Edo esaiezu beste Ni bat zela. Pertsonaia askoren azalean sartzeko gaitasuna dut eta pertsonaien artean, Barricadan jo zuen ile luzeko gazte hura zegoen. Baina guztia barku pirata hartan sortu zen, kale askotako asfaltoan nabigatu zuen barkatu hartan.
Zein pertsonaiaren azalean sartuko zara martxoaren 2ko kontzertuan?
Kasu honetan Rym&Blues talde bateko abeslaria naiz, hori niretzako sekulako plazera da. Pentsa, entseguetan taldearen musikarekin liluratua geratzen naiz eta askotan berandu hasten naiz abesten [kar, kar, kar].
Plaza batean edo areto batean kontzertua eskaintzea oso desberdina izango da noski. Leidorren moduko aretoetan aritzeak zein plus du?
Oso desberdina da, baina, oso polita da. Areto batera doazen ikus-entzuleak apropos kontzertu hori entzutera joan dira, horixe da euren helburua. Kontzertua ikustera joan dira eta ikusi eta entzuten dutenak gidatzen ditu eta hori asko nabaritzen dugu eszenatoki gainetik. Diskoteka batean, kontzertu sala batean edo herriko festetan giroa oso desberdina da. Plaza batean jendea ondokoarekin hizketan ari da, katxi bat hartzera doa barrara, eta zuk beste inor baino punkiagoa izan behar duzu kontzertuak funtzionatzeko.
Aretoen kasuan, nolabait esatearren, intimistagoa dela esango nuke, ikus-entzuleak bakarra dela sentitu dezake, abesti bakoitza berarentzat jo duela sentituko du.
Irurako ikastolako guraso asko izango dira Leidorren. Zein ikusi nahiko zenuke publikoan?
Ez zait gehiegi axola. Batez ere gogoa duen edonor. Gure kontzertua ondo pasatzeko aitzakia izan dadila eurentzat eta kito.
Zer prestatu duzue kontzerturako?
Nire ibilbide osoko kantak aukeratu ditugu, Rhythm&Blues formatura moldatu ditugun kantak dira, batzuetan soul koroekin, baladak… jendeak urte askotan entzun dituen kanten bertsioak dira baina ukitu desberdina dute. Normalean entzun ez nauzuen instrumentu batzuekin ikusiko nauzue. Niretzako gozada bat izan da formatu desberdinekin lan egiteko aukera izatea.
Kontzertura doazenek oparia ere jasoko dute gainera.
Bai, egia da. Demasiado tonto en la corteza diskoaren birarekin probatu genuen formula da. Orduz geroztik, hiru hilean behin EP bat ateratzen dugu lau kanta berrirekin eta kontzertuetarako sarrerak erosten dituen jendeari oparitzen dizkiegu. Publikoa zaintzeko modu polita iruditzen zaigu eta horixe egingo dugu Leidorren ere. Iruñeko Ziutatelan eskaini genuen kontzertuko lau kanta dira, bere garian diskoan sartu ez ziren zuzeneko lau kanta.
Kontzertura joan ez joan duda-mudan dagoenari zer esango zenioke? Zergatik ezin dute kale egin?
Batetik, ikuskizun desberdina dela esango nieke. Ez dugu ezer berririk asmatu baina, normalean ikusten diren ikuskizunen aldean desberdina da. Asko zaindu dugu, bai musikari dagokionez eta baita eszenografiari dagokionez ere. Bestetik, Irurako ikastolari laguntzeko modu bat da, ikastolaren konplizea izateko modu bat da eta ez dago ondo pasatzeko aitzakia hoberik.