Emakumeen Traineruen Elkartea sortu dute, eta tartean da Tolosaldea

Tolosaldeko Ataria 2018ko otsailaren 21a

Tolosaldeak trainerua osatuko du, aurten, berriro.

Eusko Tren ligari eutsiz, bigarren mailako liga bat antolatuko dute; TKE eta KAE ligak izan dituzte eredu.

Emakumeen Traineruen Elkartea sortu berri dute hamalau arraun klubek, eta tartean da Tolosaldeako Arraun Kluba. Arraun ligak berrantolatzea izango dute helburu, eta gizonezkoen ligetako TKE eta KAE elkarteak izan dituzte eredu, erakundea osatzerakoan. Tolosaldearekin batera, elkartea osatu dute San Juan, Orio, Hibaika, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra, Hernani, Hondarribia, Kaiku, Deusto, Lea-Artibai, Lapurdiko Arraun Taldea, Colindres eta Astillero arraun klubek.

Horrela, Eusko Tren liga gorenari eutsiz, bigarren mailako liga bat sortzea izango da erakundearen jomuga, bi ligen artean igoerak eta jaitsierak sortu ahal izateko, besteak beste. Azaldu dutenez, orain arte bezala, Eusko Tren ligako estropadak gizonezkoen TKEko egutegiari lotuta joango dira, eta balizko bigarren maila horretako hitzorduak, berriz, KAE 1. mailako egutegia jarraituko lukete.

Azken urteotan indarra hartzen ari zen Eusko Tren ligan sei traineruk parte hartu ahal izateko aukera, eta elkartearen sorreran ere hizpide izan da. Badirudi, dena den, 2018ko denboraldian ezin izango dela halako aldaketarik egin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!