Podiumera igo dira Garin eta Del Pozo Euskadiko Kros Txapelketan

Ataria 2018ko otsailaren 15a

Tolosa Atletismo taldeko hiru atletek Espainiako Txapelketarako sailkapena lortu dute Euskadiko Kros Txapelketan.

Euskadiko Kros Txapelketa jokatu zen igandean Amurrion, oso lokaztuta zegoen ibilbidean, eta eskualdeko bi korrikalari podiumera igo ziren, biak Tolosa CF Atletismo taldekoak: Ander Garin alegiarra 23 urte azpikoetan hirugarrena izan zen eta Paula Del Pozo alegiarra jubenil mailan hirugarrena izan zen.

Bi atleta horiek Espainiako Kros Txapelketan parte hartuko dute Euskadiko Federazioa ordezkatuz. Paula Del Pozok martxoaren 4an izango du Espainiako Txapelketaren proba, Murtziako San Pedro del Pinatar herrian. Tolosa CF Atletismo taldeko beste kide bat ere izango da Espainiako Txapelketan, Ander Ortiz, absolutu mailan bosgarren egin eta gero. Unai Arroyo tolosarrak laugarren egin zuen proba horretan eta Espainiako Txapelketan parte hartzeko txartela ere lortu zuen.

Absolutu mailan Tolosa CF Atletismoko beste bi kide izan ziren Euskadiko Txapelketan. Ander Etxeberriak 37. amaitu zuen eta Iñaki Insausti 59. postuan helmugaratu zen. Horrez gain, taldeko Alain Odriozolak kadete mailan parte hartu zuen eta 16. postuan amaitu zuen. Tolosa CF Atletismo taldetik parte hartu duten guztiei zoriondu die lortutako emaitzengatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!