«Irrifar bat ateratzeko balio duen edozerk balio dit mozorrotzeko»

Mikel Iraola 2018ko ots. 7a, 21:32

Etxetik datorkio inauterizaletasuna Txomin Azpirozi. Musikari gisa aritu izan da noizpait, baita txarangen aurretik saltoka ere. Baina, batik bat, mozorrotzea eta irrifarreak sortzea gustatzen zaio.

Nondik datorkizu inauterizale sena?
Ez daukat oroitzapen jakin bat. Gure familia oso inauterizalea izan da betidanik eta txiki-txikitatik oso gertutik bizi izan ditut. Sen hori ez izatea, hori izango litzateke harritzekoa!

Zure aitona, Antton De Pedro, eta bere akordeoia ezagunak ziren Tolosako Inauterietan. Inauteriak bizitzeko modu horretatik zerbait geratu zaizu zuri?
Modutik ez dakit, norberak bere inauteriak bizi baititu, baina izpiritutik asko. Festa norberak jarri behar duela iruditzen zait besteek jarri zain egon gabe. Agian hortan antzekoak izan gaitezke Aitona zena eta biok.

Zergatik dituzu gustuko inauteriak?
Espontanitatea, sormena, irudimena, antzerkia, musika, folklorea, umore ona, parranda eta zezenak gustuko ditut urte osoan zehar. Nola ez gustatu ezaugarri horiek guztiak bat egiten duten festa bat?

Zer dute berezitik Tolosako inauteriek?
Jendeak nola bizi dituen. Ez dago ikuslerik, parte hartzaileak baizik. Historian etenik sufritu ez izana ere uste dut asko igartzen dela maiz aipatzen den “izpiritu” horren transmisioan, edozein festa motekin pasa ohi den bezala noski.

Asko hitz egiten ari da azken urteotan karrozez, zarataz... nola ikusten duzu gaia? Konpondu beharrekorik badagoela uste duzu?
Nire ustez, zer konpondua egon badago. Iazko zaldunitan ezin zitekeen triangulon 5 minututik gora egin. Nola konpondu? Gai korapilatsua da… Mimoz prestatutako esketx, antzerki edo emanaldiak “play” botoi txiki eta hotz batek estali edo mututu ditzake segundu bakar batean. Norberak bere erara bizi ditu inauteriak –eta hala bedi!– baina batzuetan frustagarria gertatzen da. Egitea asko kostatzen da, desegitea berriz gutxiegi.

Mozorro bat aukeratzerakoan zer hartzen duzu kontuan?
Mozorroa bera ez, zertaz mozorrotu aukeratzen dut normalean. Irrifar bat ateratzeko balio duen edozerk balio dit. Behin oinarri bat izanez gero neroni arduratzen naiz mozorroari bizia emateaz.

Zezenetako igoeretan txarangen atzetik saltoka topatu ahal izango dute askok Txomin Azpiroz. Ondo pasatzeko gutxi behar izaten da, ezta?
Nik ez dut askorik behar izaten behintzat, eta aurretik txaranga bat jarriz gero, kitto!

Txarangetan ere parte hartu izan duzu. Zergatik uste duzu direla bereziak txarangak?
Izaera propioa ematen die Inauteriei. Herri gutxi egongo dira horrelako errepertorioarekin. Errepertorio tradizionalaz gain ia-ia himno bihurtu diren elkarteetako kantak ere hor daude. Nik pertsonalki ez dut txarangarik gabeko inauteririk ulertzen.

Zein da zure abesti gustukoena?
Ufffaa… Bi aukeratuko ditut: Praxkuarena, zaldi patiotik zezen plazara sartzen hasteko tuneleko momentua gogorarazten dit. Zaldi patioa… haiek bai garaiak!. Eta bestea Troika. Abesti honek badu zerbait zeharo hunkitzen nauena.

Inauterietako uneren bat aukeratu beharko bazenu...?
Zezenetako “liturgia” hori asko gustatzen zait; txarangaren igoera, plazari buelta, zezenak, jaitsiera… Txistulariak idiarena jotzen dutenean eta zezena lepoan zintzarriak dituela ateratzen denean oilo larrua jartzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!