Lehen erakusketa, hainbat teknikekin

Imanol Garcia Landa 2018ko ots. 7a, 09:40

Ines Aranburu altzotarraren margolanak ikusgai daude Alegiako Erretirodunen tabernan.

Otsailaren bukaera arte ikusgai daude Ines Aranburu altzotarraren artelanak Alegiako Erretirodunen tabernan. Lehenengo aldia da bere lanak publikoki erakusten dituela: «Animatu egin ninduten inguruan ditudanak, eta ni neu ausartu egin nintzen». Ez du sentsazio berezirik sentitu ikusi dituenean bere lanak publikoaren bistan, baina bai ilusioa egingo liokeela norbaitek eramango balu obraren bat etxera. «Egin dudan lana norbaiti gustatu zaiola esan nahiko luke, eta poz handia izango litzateke. Ez dut beste helbururik».

Lanak erosteko aukera dago, baina ez du prezio jakinik jarri. «Nire helburua bete nuen lana hasi eta bukatzerakoan», esan du Aranburuk. «Nire erronka hori da, hasi lan bat egiten eta ea zer ateratzen den lan horretan». Tolosako kultur etxean hasi zen orain urte batzuk ikasten. «Zaletasun horri etekin bat ateratzea zen, pixka bat jolastea». Betidanik izan du margotzeko afizioa, eta baita berezko ahalmena ere.

Erakusketan hainbat teknika ikusi daitezke. Batetik olioarekin egindakoak daude, eta baita ikatz-ziriarekin sortutakoak ere. Bestetik, zenbait margolanetan beste elementu batzuk gaineratu ditu: harriak, sareak, telak... «Bizia ematen diote elementu horiek, gorpuztu bezala egiten da lana. Itsatsi egiten ditut eta gero gainetik margotu, naturala eman dezan». Ikatz-ziriarekin aritzea gustatzen zaio Aranbururi: «Oso gustagarria da, atsegina iruditzen zait. Oso naturala da, beti-betikoa, eta agian ez da hainbeste erabiltzen den teknika bat».

Margotzen ari den garaian, berdin dio zein teknika erabiltzen duen, une horretan beste guztiaz ahaztu egiten dela dio Aranburuk: «Bakar-bakarrik da aurrealdean dudan lana eta ni. Une hori oso lasaigarria da, lasaitzen zaitu. Zure burua deskantsatzeko afizio bat da, eta zure biziari pixka bat laguntzeko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!