Alegiarra izanik zer lotura duzu Tolosako inauteriekin?
Tolosako inauteriak azkenean bereziak dira, eta eskualde osoak parte hartzen du. Nire aita oso inauterizalea izan da, eta urte askotan udaletxetik txupinazoa botatzen zuen; nik bizipenak oso politak izan ditut eta sentimenduak ere bai inauteriekiko.
Zer dira zuretzat, beraz, inauteriak?
Inauteriak definitzeko bi hitz erabiliko nituzke: eskizofrenia kolektiboa. Alde batetik eskizofrenia, pertsonalitatea aldatzen delako eta errealitatearen distortsio puntu bat izaten delako herrian bertan. Eta kolektiboa, jende guztiak parte hartzeko aukera duelako.
Nola bizitzen dituzu inauteriak? Sei egunetan izaten zara Tolosan?
Sei egun baino gehiago. Kaldereroetan hasten gara, gero niretzako une politenetakoa izaten da kaldereroen ondorengo igandean Berdura Plazan egiten den bandaren kontzertua, inauterietako abestiekin. Hor inauteri usain hori sartzen hasten da. Gero bost egunak Tolosan baita ere, eta azkenean Piñata igandea ere bai.
Ez duzue atsedenik hartzen...
Ez, ez. Inauterietan ez dago atsedenik. Dena ikusi behar da eta denetan parte hartu behar da.
Nola izaten da zuen plana Ostegun Gizenetik hasita Asteartita arte?
Osteguna orain egun lasaia iruditzen zait, ama naizenetik. Ez da horrenbesteko eromena. Txupinazora joan, zezenak, txarangen jaitsiera... Gero ostiralean Arpegik egiten duen jaialdia ikustera joaten gara Leidorrera. Larunbatean atseden pixka bat hartzen dugu, mozorro guztia ondo prestatuta dagoen ikusteko, eta pertxatan dena txukun uzteko. Igandean kuadrillan ateratzen gara, eta niretzako egunik politena da, Dianatik hasita. Egun guztia kuadrillan pasatzen dugu. Astelehenean ere lagunekin elkartu eta konpartsa guztiak ikusten ditugu. Gero astearte gauean parranda egiteko aprobetxatzen dut; familia etxera joan eta nik gaueko giroa ez galtzeko. Astearte gauak magia dauka, txarangen atzetik ibiltzea Errementari kaletik doazenean... Gustatzen zait momentu hori bizitzea.
Asko aldatu da inauteriak bizitzeko modua txikia zinenetik?
Nire aitak egin zuen esfortzu handi bat bi anai-arreboi txaranga guztien atzetik eramateko, karroza guztiak ikustera joateko... Pasatzen zituen inauteri guztiak guk Tolosako festa hori bizitzeko ilusio horrekin. Beti bere ondoan ibiltzen ginen, elkarteetan bazkaltzen, afaltzen... Orain, saiatzen naiz alabak ere bizipen horiek izatea, nik une magikoak deitzen dizkioten horiek ere gurekin bizitzea, bere gurasoekin eta nire aita ere barne. Zaletasun hori ematen saiatzen naiz alabari. Inauterien magia hori barrutik bizitu behar da eta momentu horiek aprobetxatzen saiatzen gara. Familian, lagunekin... edozein unetan.
Ikusten denez, tradizioak jarraipena du.
Ditugun tradizio guzti horiek errepikatzen saiatzen gara, hau da, aitarekin bizitutako guztiak nire haurrari erakustea ere egoki iruditzen zait. Adibidez, Dianara joatea. Azken finean kaleko festa bat da, gu geuk egiten duguna, nahiz eta Tolosakoak ez izan. Parte hartzeko aukera ematen zaigun festa bat da, eta nik uste dut ezberdintasun bat duen festa bat dela, hau da, zuk egiten duzu, zuk parte hartu dezakezu, eta inongo araurik gabeko festa bat da.
Ohitura jakin batzuk badituzue, beraz, urtero errepikatzen dituzuenak, Dianara joatea bezala.
Bai. Zezen plazara sartzea txarangekin, adibidez, beste une magikoetako bat da. Normalean igandean sartzen gara eta beste egunetan saiatzen gara. Egun bat bai ala bai izaten da zezen plaza barrura sartu eta itzuli bat ematea.
Inauteriek, diozun bezala, une berezi horiek badituzte. Dianan, adibidez, manifestazio bat sortzen da…
Eromen une bat sortzen da Dianaren lehen doinuekin, eta oso polita da. Maitasun berezi bat diot. Baita zezen plazako une horri eta astearte goizaldeko ordu txiki horiei ere.
Prestaketa aldetik nola antolatzen zarete?
Normalean Eguberriak pasa eta gero hasten gara gure sormena lantzen. Pixkanaka dena adosten joaten gara, taldean ze mozorro jantziko ditugun, beste urteetako zein berritu behar ditugun... Iganderako urtero mozorro berri bat egiten dugu, eta astelehena eta asteartea aurreko urteetan egindakoak erabiltzen ditugu. Behin ere ez ditugu erosten. Hori ere esan beharra dago, hori da beste ukitu magiko bat. Normalean etxeko arropekin edo gu geuk egindako arropekin izaten da. Aurrekontu asko gabe egindako mozorroak izaten dira.
Alegian nola bizitzen da inauterizaletasuna?
Alegian ere zerbait berezia izaten da. Taberna eta denda asko astelehen eta asteartean itxita egoten dira, azkenean herri guztia Tolosara joaten delako. Alegia oso triste geratzen da, baina Tolosako inauterietan parte hartzeko ilusio horrekin egoten gara. Eta jende guztia joaten da, ez bada zezenetara, bazkaltzera, edo parranda egitera. Hain gertu egonik, inauterizaletasuna modu batera edo bestera bizitzen da herrian.
Nola azalduko zenioke zer diren Tolosako inauteriak ezagutzen ez dituen bati?
Zaila da. Etorri beharra dago, bestela ulertezina da. Ezer politizatu gabeko festa bat da, hau da, edozertaz mozorrotu zaitezke beti ere errespetuan oinarrituta, minik eman gabe. Politikoki zuzenak ez diren gaiak ukitu ditzakezu mozorrotuta zaudenen, eta irekita egon behar duzu, ikusten duzun ezer politikoki hartu gabe. Ikusi dezakezu judutar bat eta nazi bat elkarrekin, eta esan, zer da hau? Ikuspegi zabal batekin ibili behar duzu, edozein gauza topatu dezakezu-eta Tolosako kaleetan.
Dirudienez, ez duzue behin ere huts egin inauterietan.
Ez, ez. Eta, gainera, nik beti esan diet ingurukoei egunen batean esaten badut Tolosako inauterietan kanpora noala, mesedez zaldi zuria hartzeko, gainean jarri eta Arrasatera bidaltzeko, nire buruan ondo ez dabilen zerbait pasatzen ari dela. Inauteriak sakratuak dira, eta espero dut bizi guztian hor egotea momentu horiek bizitzen.
Zerbait aldatuko zenuke festatik?
Azken urteotan ohikoa da inauteriak aldatzen ari direnaren kexa entzutea, baina jende helduak konturatu behar du beste bizi-momentu batean gaudela eta gazteek beste modu batera egiten dituztela gauzak, eta hori ere onartzen jakin behar da. Bakoitzak ere autokritika pixka bat egin behar du. Eta aldatu, ez nuke aldatuko ezer. Ez zait asko gustatu karrozak geldirik egon eta jendea mugitzea. Nik uste dut karrozak mugimenduan dauden momentu horretan ere sortzen den giro hori, karroza bat aurrera datorrela, gero txaranga datorrela..., sortzen den kaos une hori polita dela. Agian egingo zuten errazteko pasabidea eta istilurik ez egoteko edo, baina ez zait gehiegi gustatu. Azkenean denak hor eroak bezala ibiltzea, momentu kaotiko horiek politak direla uste dut, eta uste dut inauteriek bakarrik dituztela horrelako momentuak.
Zer da zure ustez ezinbestekoa?
Jendearen parte hartzea, datorren lekutik datorrela, animatzea eta parte hartzea. Nik uste dut dena ondo dagoela. Zezenak ere hor daude, politak dira nire ustez, eta horiek kenduz gero ere ez zen berdina izango. Orokorki ikuspegi oso positiboa daukat inauterien inguruan, eta ez nuke jakingo gauza bat esaten, azkenean denen batura direlako.
MOTZEAN
Egun bat? Igandea.
Eguna ala gaua? Biak, posible izanez gero.
Txaranga doinu bat? Baila negra.
Jantzi duzun mozorrorik gustukoena? Gustukoenak izaten ditut trapu zaharrak. Edozein trapu jarri eta nahikoa; makillajea alde batera utzi, orrazkera alde batera utzi, eta lau trapu zaharrekin ibiltzeko mozorroak.