Alerta laranja, bihar eta etzi, elurragatik

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 6a, 14:01

Dagoeneko zuritzen hasiak dira eskualdeko zenbait herri. Elur maila 100 metrora jaitsiko dela iragarri du Euskalmetek eta itsasoaren mailan elurra egitea ere ez du baztertzen.

Bidania-Goiatz, Berastegi, Ikaztegieta, Abaltzisketa... dagoeneko zuritzen hasiak dira. Elur maila asko jaitsiko da datozen bi egunotan, eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzak alerga laranja eman du bihar eta etzirako.

Prezipitazioak gaur arratsaldean iritsiko dira kostaldetik, eta hasiera batean txikiak izango direla iragarri badute ere, indarra hartu dezaketeela ohartarazi du Barne Sailak.

Aemet Espainiako meteorologia agentziak Gipuzkoan eta Nafarroan elurra ehun metrora egingo duela iragarri du, eta alerta laranja gaur arratsaldeko 18:00etatik eman du. 300 metrora sei zentimotro elur pilatuko dela iragarri du.

Asteburuan ez du atsedenik emango eguraldiak. Ostiral goizean izotza izan daitekeela ohartarazi dute meteorologia zerbitzuek, nahiz eta hori ostegun gaueko laino kopuruaren baitan egongo den zehaztu. Hala ere, arratsaldean fronte bat helduko da eta elurra egin dezake berriro beheko mailatan. Baita larunbatean ere.

Ertzaintzak honako oharrak eman ditu:

1.- Eguraldiari buruzko iragarpenak ikusi.

2.- Egoera okertzen bada saihestu bidaiatzea eta utzi antolatutako bidaiak bertan behera.

3.- Ahal dela garraio publikoa erabili.

4.- Gidatu aurretik, errepideen egoerari buruz informatu (Jaurlaritzaren 011 telefono zenbakian, @trafikoaEJGB Twitterreko kontuan, Euskalmeten webgunean edo @Euskalmet Twitterreko kontuan).

5.- Mendira doazenek alerta laranjarekin utz dezatela irteera bertan behera.

6.- Etxean erne ibili sutontzi, berogailu eta tximiniekin.

Errepidean elurretan harrapatuta geratuz geroz, jarraibide hauek segi.

1.- Ibilgailuan geratu. Izan beti sakelako telefonoa eskura eta bateria kargatuta.

2.- Mantendu motorra martxan eta berogailua piztuta. Tarteka kanpotik aire freskoa sartzen utzi.

3.- Saiatu ez loak hartzen. Eraman beti autoan mantaren bat eta hotzari aurre egiteko jantziak.

4.- Larrialdi kasu batean egonez gero, deitu 112 zenbakira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!