'Handia' filma

«6 Goya sari eskuratuko genituela bota nuen egin genuen kinielan»

Iñigo Terradillos 2018ko ots. 6a, 12:15

13 izendapen zituen, eta horietatik 10 Goya sari eskuratu ditu Handia filmak. Migel Joakin Eleizegiren anaiaren papera egiten duen Joseba Usabiaga aktoreak azaldu duenez, "estreinatu zenetik hazi eta hazi ari da pelikula".

'Inor ez da etengabe hazten' dio filmaren kartelak. Baina badirudi Handia filma baietz, etengabe hazten ari dela.
Ba bai, oraindik hazten ari da. Noizpait geratuko da, baina gaur gaurkoz, urriaren 20an estreinatu zutenetik ez dio hazteari utzi.

Hamar Goya sari. Hau ez da askotan lortzen den zerbait. Eta, gainera, Goya sari gehien jaso dituzten filmen artean dago, balizko ranking baten podiumean.
35 urtetan bakarrik hiru aldiz gertatu da. 'Mar Adentro'k 14 jaso zituen, 'Ay Carmela' izeneko bat dago ondoren, eta gero 'Handia'. Eta gutxiagorekin badaude oso onak diren pelikula asko eta asko. Proiektua hasi genuenean ez genuen uste horrelako ibilbidea izango zuenik. Hasteko, 13 izendapenak ez genituen espero, baina hortik 10 sari eskuratzera, sekulakoa izan da.

Kinielarik egin al zenuten?
Bai, guztion artean esan genuen bakoitzak zenbat espero zituen. Nik 6 bota nituen; Jon Garañok 2; Aitor Arregik 4. Besteren batek 5 ere esan zuen. Baina inork ez zuen halako zifrarik bota. Historian zehar ia inork ez ditu 10 lortu, eta ia ezinezkoa zirudien. Hamar lortu, eta horrez gain, beste bi lortzeko aukera ere izan genuen.

Eneko Sagardoik bere saria zurekin konpartitu nahi izan zuen.
Polita izan zen. Ni bere amaren alboan nengoen eserita, eta gurasoei ere aipamena egin zien. Pozgarria izan zen hori bizitzea gurasoen ondoan, eta eskertzen diot Enekori. Nik ere antzeko zerbait egingo nukeen egoera berean.

Lantaldean asko banatu dira sariak.
Ia erabat banatu dira, bai. Soinukoek ez dute eraman. Aktoreen kasuan Enekok eraman duenez, gu ere hor ordezkatuta gaude.

Nola bizi izan zenuen larunbateko gala?
Aretoan izateko zortea izan nuen. Izendapena zutenak aurrealdean eserita zeuden; gonbidatuak geundenok, berriz, albo batean jarri ginen. Beste gela batean ekipoko jende gehiago eta familiartekoak zeuden. Gala eta festa hotel berean izan zen. Festa polita izan zen, pixkanaka iristen joan zen jendea. Ez zen oso gau luzea izan, 02:00etan hasi ginen eta 05:00etako erretiratuta geunden. Baina jende askorekin hitz egiteko aukera izan genuen, eta jendearen eskertza jaso genuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!