Tolosaldeko emakumeak ere M8an planto egiteko prest

Ataria 2018ko otsailaren 5a

Greba dela eta Tolosaldean egindako lehen bilera.

Martxoak 8ko emakumeen grebarekin bat egiteko asmoz, bilerak egiten ari dira Tolosaldeko hainbat emakume. Lehen bilera egin dute jada, eta bigarrena bihar egingo dute, hilak 6, 19:00etan, Tolosako kultur etxeko areto nagusian.

Euskal Herriko mugimendu feministak Emakume Langileen Nazioarteko Egunean greba egitera deitu ditu emakume guztiak. Enpresa munduan lan egiten duten emakumeez  gain, zaintza lanetan eta kontsumoan planto egitera ere deitu dituzte.

Tolosaldean ere deialdiarekin bat egiteko asmoa dute hainbat emakumek eta greba nola egin eta gaia nola landu erabakitzeko bilerak egiten ari dira. Bigarrena, bihar izango da, 19:00etan, Tolosako kultur etxeko areto nagusian.

Euskal Herriko mugimendu feministak lau ardatzen inguruan antolatu du greba eguna; enpresetan kontratatutako langileei eta ikasleei launa orduko bi lanuzte egiteko eskatu diete, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara; ofizialki lan gisa aitortzen ez diren lanetan ere planto egiteko eskatu dute; grebaren seinale gisa besoko morea eta leiho zein balkoietatik amantalak zintzilikatzeko eskatu dute; eta bukatzeko egun horretarako kontsumo greba egitea ere eskatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!