Osasun publikoaren afera

Asuncion klinikako langileak Jon Darponekin bilduko dira hilaren 16an

Ataria 2018ko otsailaren 3a

Mobilizazio egutegiarekin jarraitu dute langileek eta gaur kontzentrazioan bildu dira Tolosako Trianguloan. Hilaren amaierarako manifestazio bat egingo dutela iragarri dute.

2011. urtetik ez dutela inongo soldata igoerarik izan salatu dute langileek, eta ondorioz eroste ahalmenaren galera "geroz eta handiagoa" dela. Beraien urteko lan jarduna administrazio publiko langileek duten lan jardunetik "oso urrun" dagoela esan dute, eta 2010. urtetik ez duela inongo murrizketarik izan. Abendua eta urtarrila artean egindako lau eguneko grebaren ondoren, enpresak negoziazio mahaira deitu zituen langileak, baina hauek aipatu dutenez, euren aldarrikapenetatik "oso urrun" dago enpresa, "eskakizunei erantzun gabe jarraitzen dute".

Egungo egoera azken urte hauetan "jasaten ari garen prekaritate sistematikoaren" ondorioa dela esan dute langileek, eta horren "arduradun zuzenak EAJ buru den Eusko Jaurlaritza eta Montoya jauna direla". Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko sailburua den Jon Darponi bilera eskatu diote, eta otsailaren 16an bilduko dira berekin. Asuncion klinikako langileek ere otsailaren 21ean agerraldia egingo dute legebiltzarrean euren egoera azaltzeko. 

Bien bitartean, tarteka egiten dituzten lanuzteekin segiko dute langileek eta mobilizazio handi bat iragarri dute Tolosan, otsaila bukaerarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!