Harituzen apustu sendoa

Imanol Garcia Landa 2018ko ots. 2a, 10:32

Tolosaldeko bertsolariza sustatzea du helburu Harituz Bertsozale Taldeak, eta pertsona bat lanaldi osoz hartzea erabaki dute, koordintzaile lanak egiteko.

Lau urte pasatu dira Harituz bertsozale taldea sortu zenetik. Tolosaldean bertsolaritzaren inguruan dauden beharrei erantzuteko eman zuten pausoa. “Behar horiek identifikatu ahala, konturatu ginen ezin ginela denetara iritsi”, azaldu du Unai Mendizabal Harituz taldeko koordinatzaileak. Borondatezko lanean ari ziren orduan, bakoitza bere denbora librean, eta konturatu ziren horrekin ez zela nahikoa.

Proiektua indartzeko bidean “apustu handia” egin du Harituz taldeak: langile bat lanaldi osoz kontratatzea. Hain justu, Mendizabalek berak heldu dio erronkari. “Tolosaldeko udal guztietara joan gara proiektua bideragarria izan dadin diru laguntza eskatzera, eta erantzuna txukuna izan da orokorrean”, adierazi du Mendizabalek. Eskualdeko bertsolaritzaren beharrei erantzun nahian jarraitzen dute Harituz elkarteko kideek. “Baina lehen baino era profesionalagoan edo indar handiagoa eginez”.

Bide horretan, gaztetxoentzako bertso eskolak bultzatzea izan da ikasturte honetako erronka nagusia. “Aspalditik identifikatuta geneukan bertso eskolena zela behar handiena zuen esparrua. Euskararen arnasgunea den aldetik, bertsozale mordoa dago Tolosaldean; eskualderik bertsozaleenetakoa dela esan daiteke, baina, aldi berean, bertso eskolek ez dute behar adinako indarrik”. Bertso eskoletako eskaintza egiterakoan, “profesionalizatzea eta hobetzea” izan da helburua, “ugaritzeaz gain”. Mendizabalentzat, Harituz elkartean egiten duen lanaren parte da bertso eskolako irakasle lana.

Ikasturte hasieran motibazio saioak egin zituzten eskualdeko lehen hezkuntzako ikastetxe guztietan, haurrei egokituta. “Publiko helduarentzat izan ohi dira antolatzen diren bertso saioak, eta saio horietako bertsoaldiak, askotan, ulertzeko zailak izaten dira haurrentzat; eta aspergarriak ere izan daitezke batzuetan”, azaldu du Mendizabalek. “Oso emaitza ona izan dugu motibazio saio horiekin; izan ere, aurten Tolosaldean hamabi talde daude martxan, dagoeneko, eta 66 ikasle dauzkagu guztira. Handia izan da aldaketa, aurreko ikasturtean hogei ikaslera iritsi ginelako justu-justu”. Mendizabalen esanetan, bertso eskola horiek martxan jartzeak bete du gehien: “Neure buruari ahalegin handiagoa eskatzen diot eskola horiek prestatzen eta metodologiaren inguruan hausnartzen. Beraz, kopurua handitzeaz gain, kalitatea ere hobetu dugula uste dut”.

Tolosaldeak hainbat bertso eskola izan ditu azken urteotan, eta hortik atera dira egun plazaz plaza eta txapelketetan aritzen diren bertsolarietako asko eta asko. “Baina hutsune handi bat dago atzean, eta gaur egun Tolosaldean ez dago eskolarteko txapelketetan parte hartzen duten 14 eta 18 urte arteko bertsolari gazterik”. Hartu duten bidearekin, etorkizun hurbilean halako hutsunerik ez izatea espero duela adierazi du Mendizabalek.

Beste zenbait jarduera ere antolatzen ditu Harituz bertsozale taldeak. Bertso jarrien afaria egiten dute urtero, eta otsailaren 23an izango da aurtengoa, Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean. Tolosaldeko Herriarteko Txapelketa antolatu zuten bere garaian, Fernando Amezketarra Sariketa ere bai, eta, Zizurkilgo Teodoro Hernandorena kultur taldearekin lankidetzan, Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa ere antolatzen dute urtero. Bertsotruk egitasmoan ere parte hartzen dute beste bertso eskolekin elkarlanean, eta Harituz Egunean egun-pasa egiten dute Tolosaldean.

Bertsozale guztiei gonbita

Bertsolaritzan aktiboago dabiltzan bertsolarien bertso eskola bat ere badaukate Harituz elkarteko kideek: Bertso Eskola Ibiltaria. Mendizabalek, halere, gogora ekarri du “bertsozale taldea” dela Harituz. “Askok pentsatzen dute bertso eskola edo bertsolarien taldea dela Harituz, baina, izenak dioen bezala, bertsozale taldea da. Tolosaldean bertsolaritzaren alde ahal dugun gehien eragiten saiatzen gara”.

Egitura itxia ez duenez, Harituz elkartearen ateak zabalik daudela jakinarazi du Mendizabalek, eta Tolosaldeko bertsozale guztiei gonbita egin die Harituzen parte hartzeko.

Helduentzako bertso tailerrak Tolosan eta Ibarran

“Bertsolaritzaren mugimenduan, helduen bertso eskolek ardatz indartsua osatzen dute berez, baina azken urteotan Tolosaldean ez dute izan indar handirik”. Hala azaldu du Unai Mendizabalek, Harituz bertsozale taldeko koordinatzaileak. Horren jakitun, Harituz taldeak helduentzako bertso tailer bat antolatu du Tolosan eta Ibarran. Bi talde elkartzen dira gaur egun. Tolosako garai bateko bertso eskolako hamar bat kidek euren kasa berriz ere martxan jarritakoa da bat; Alegiako Gaztetxean biltzen dira horiek gaur egun. Eta Amasan biltzen den taldetxoa da bigarrena. “Hori sustatzeko beharra zegoela ikusi genuen, eta horregatik pentsatu dugu tailerrak antolatzea”.

Ibarran, otsailaren 19tik martxoaren 19ra izango da tailerra; astelehenetan, kultur etxean, 19:30etik 20:30era. Tolosan, berriz, otsailaren 20tik martxoaren 20ra, astearteetan, Abastos eraikinean, 19:30etik 20:30era. Bost bat saio izango dira guztira, eta Mendizabal bera ariko da irakasle lanetan. Izena ematen dutenen arabera aztertuko dute klaseak nolakoak izango diren. “Lagun talde bat elkartzea, bertsoekin ondo pasatzea, eta zerbait ikastea da helburua”. Hala adierazi du irakasle lanetan ariko denak. “Gogoari eta interesari” garrantzia emanda, ez da beharrezkoa izango maila jakin bat izatea.

40 euro balio du ikastaroak, eta harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzi edo 695-75 14 50 telefono zenbakira dei daiteke izena emateko. Ibarraren kasuan, kultur etxean ere eman daiteke izena. Otsailaren 13ra arteko epea dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!