Santa eskean aterako dira herritarrak igandean

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 1a, 09:36

Santa eskean, iaz, Alegian.

Santa Ageda bezperan herri bat baino gehiagotan aterako dira herritarrak, makilak astintzen dituzten bitartean kantari; entseguak ere egingo dituzte gaur iluntzean.

Santa Ageda bezperan, igandean, santa eskean aterako dira eskualdeko herri bat baino gehiagotan. Agata Cataniakoaren omenez ospatzen da eguna eta kantatzeaz gain makilekin lurra kolpatzen da. Zenbaiten arabera, neguko solstizioaren ondoren, lurra esnatzeko kolpatzen dela lurra.

Santa eskean igandean aterako dira herritarrak, baina hori baino lehenago entseguak ere egingo dituzte hainbat herritan, gaur. Anoetan 19:30ean elkartuko dira liburutegi zaharrean; Ibarran ere ordu berean elkartuko dira Azkueko kale hezitzaileen lokalean; Alegian kultur etxeko areto nagusian bilduko dira 21:00etan; eta Albizturren 16:45ean elkartuko dira entsegua egiteko. Ibarran igandean, bazkaria ere egingo dute Xepla elkartean eta txartelak 15 euro balio du.

Santa Ageda bezpera, herriz herri

Otsailak 4, igandea

  • Ibarra. Goizez eta arratsaldez aterako dira plazatik; 10:00etan ikastola aldera joango dira, eta 17:00etan Izaskun aldera.
  • Asteasu. Usarrabi abesbatzako kideak eta bertsolariak aterako dira 10:00etan plazatik.
  • Berrobi. 17:30ean aterako dira Ekintza guraso elkarteak antolatuta eta ondoren afari-merienda egingo dute Begi Urdin gaztegunean.
  • Tolosa. Lizardi elkarteakoak 19:00etan aterako dira elkartetik.
  • Zizurkil. Pedro Mari Otaño ikastetxekoak aterako dira 18:00etan plazatik abiatuta. Kaleetan barrena ibili ondoren, Urkamendi Elkartean bukatu dute kantujira mokadutxo bat eginez.
  • Anoeta. Goizean aterako dira eskean baserriz baseri eta ondoren, Sarasola sagardotegian bazkalduko dute elkarrekin. Arratsaldean ere aterako dira.  
  • Altzo. Abesbatzako kideak aterako dira kantuan, 12:00etan Altzo Azpitik irtenda.
  • Aduna. 15:00etan aterako dira Txulobi elkartetik eta eguna borobiltzeko ogitartekoak jango dituzte Uztartzan.
  • Bidania-Goiatz. 09:00etan aterako dira Bidaniako frontoitik.
  • Albiztur. Guraso batzordeak antolatuta aterako dira kantuan, 10:00etan plazatik irtenda. Bukatzerakoan hamaiketakoa egingo dute.
  • Alegia. Txintxarri abesbatza eta Zazpi Astoren Gainean bertso taldea aterako dira elkarrekin, 17:30ean Larraitz auzotik.  
  • Ikaztegieta. 09:00etan herriko ostatutik aterako dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!