Irurtzun, finalera

Ataria 2018ko urtarrilaren 30a

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko Nazio Txapelketaren finalerdia jokatu zen igandean Beotibar pilotalekuan. 250 pilotazale elkartu ziren Tolosako frontoian.

Hernani eta Irurtzunek ikuskizun bikaina eskatu zuten, eta hirugarren partidan erabaki zen finalerdia.


Lehen partida, lau t’erdikoa, Hernanik irabazi zuen: 18-1. Arrieta gaztearen jokoa ikusgarria izan zen. Bolada oso onean zegoela erakutsi zuen hernaniarrak, eta Ogayk ezin izan zuen ezer egin.


Bigarren partida kantxa osoan jokatu zuten, buruz buru. Irurtzunek Olano aurrelaria jarri zuen kantxan, eta Hernanik Lizeaga atzelaria. Nafarra izan zen nagusi, 18-7. Partida serioa jokatu zuen Olanok, eta Lizeagak ezin izan zuen bere jokoa erakutsi.


Banakoarekin iritsi ziren bi elkarteak hirugarren partida erabakigarrira. Binaka, berriro ere nafarrak izan ziren nagusi, finalerako txartela lortuz. Olazabal-Bergera bikoteak 22-15 irabazi zien Ojuel-Azpitarteri. Partida borrokatua izan zen lehen tantoetan. Bigarren zatian, ordea, Irurtzungo bikoteak pilota aldatu eta tartea zabaltzea erabaki zuen. Hernaniarrek Ojuelen sakeari esker tartea murriztea lortu zuten, baina ez zen nahikoa izan; partida eta kanporaketa Irurtzunen aldera erori zen.


Bigarren finalerdia igande honetan jokatuko da Tolosako Beotibarren, 17:30etik aurrera. Alde batetik, Amezketako Zazpi Iturriko pilotariak izango dira protagonista, eta bestetik, Ulzamako Buruzgainekoak.
Irurtzun eta Zazpi Iturri edo Buruzgainen arteko finala otsailaren 18an jokatuko da, Tolosan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!