Maria Lasak berriro Euskadiko marka puskatuz hasi du urtea

Asier Imaz 2018ko urt. 29a, 18:24

Tolosa CF Atletismo taldeko korrikalarientzat asteburu oparoa izan da, Lasarteko Krosean gutxiengoak lortuz.

Maria Lasa atleta irurarrak iaz urtea indartsu hasi zuen, 800 metroko Euskadiko Pista Estaliko errekorra lortuz. Maite Zuñigaren esku egon zen marka hori, 36 urtez, irurarra azaldu arte. Aurten 18 urte egingo dituen korrikalariak, 2018a ere modu berean hasi du, Pista Estaliko Euskadiko errekorra hautsiz, junior mailan, 1.500 metrokoan.

Valentzian lortu zuen balentria, Erreginaren Kopan. Atletico San Sebastian taldearekin joan zen bertara Maria Lasa. Tolosa CF Atletismo taldeko kidea da irurarra, baina bi taldeen arteko hitzarmenari esker, donostiarrekin aritu zen lehian Valentzian Lasa. 4 minutu 33 segundo eta 36 ehuneneko denbora lortu zuen irurarrak. Aurreko marka, pista estaliko Gipuzkoako eta Euskadiko junior mailakoa, Natalia Azpiazuren esku zegoen, 4.35.09rekin. Maria Lasak, beraz, dezenteko hobekuntza lortu zuen Valentzian. Tolosa CF Atletismo taldetik atleta irurarraren ahalegina eta lorpena goraipatu eta zoriondu dute.

Lasarteko krosa

Igandean 63. Donostiako Nazioarteko Krosa edo Lasarteko Krosa korritu zen. Tolosa CF Atletismo taldeko kideak bertan izan ziren, eta emaitza ederrak lortu zituzten. Eguraldi eguzkitsuarekin aritu ziren lehian, baina zirkuitua lokazturik zegoen. Hauek izan ziren emaitza aipagarrienak. Absolutu mailan, mutiletan, Ander Ortizek 10. egin zuen, Ander Etxeberriak 17., Ander Garinek 24., Iker Mansok 30., Iñaki Insaustik 32. eta Javi Rodriguezek 35.

Master mutiletan, Sergio Romanek lasterketa irabazi zuen, Unai Señoranen aurretik helmugaratuz. Ibon Gonzalez seigarrena izan zen eta Aitor Odriozola 24.a.

20 urte azpiko mutiletan, Aitor Rekaldek 13. postua lortu zuen, Urko Odriozolaren aurretik. 18 urte azpiko nesketan Paula del Pozo izan zen txapelduna. 16 urte azpiko mutiletan Alain Odriozola bigarren geratu zen. 14 urte azpiko mutiletan Manex Civicok zortzigarren egin zuen, eta nesketan, June Sudupe laugarrena izan zen.

Espainiako gutxiengoak

Asteburuan Tolosa CF Atletismo taldeko lau atletek Espainiako txapelketara joateko gutxiengoak lortu dituzte. Izaro Perurena juniorrak 800 metrotan(2.22.56); Mikel Ezkerro kadeteak 60 hesietan (9.02); Julen Martin etorkizunekoak 60 metro hesietan (8.83) eta Alejandro Herrero juniorrak 60 metro hesietan (8.60).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!