Kale Kantoitik

Mozorroak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Romero 2018ko urt. 29a, 15:40

Bi aste eskas geratzen dira inauterietarako eta iritsi da azken pisuko trastelekutik mozorroak aukeratzeko ordua. Bertaratu eta hortxe hasi zara zamoak bata bestearen atzetik ateratzen, pailazoarena, txakurrarena, mexikarrarena… eta bakoitzarena.

Urtean zehar kanpoko mozorroak ez eta barrukoak ere gordetzen baititugu kaxetan, erabiliak izateko prest.
Norberaren katamaloez ari naiz, haien atzean ezkutatzeko erabiltzen ditugunez. Hauek ez dute kolorerik, ez formarik, ez ditugu gorputz gainean ezartzen, gorputzaren zati baitira.

Ikusgai bezain ikusezinak dira mozorroak, ikusgaiak dira bakoitzak erraz ikusten dituelako, parean dugunaren arabera momentukoa aukeratzen dugu, irribarre handi bat marrazten digun mozorroa kasu, kontziente gara, behar dugu.

Aldiz, ikusezinak ere izan daitezke besteen begietan, inozentzia hutsalaz, parean dugun pertsonaren arrastoak zintzoak bistaratzen baititugu, errealak.

Batzuetan ordea, mozorroek ez dute balio honen atzean dagoena ondoegi ezagutzen dutenen aurrean, momentu horietan katamaloa eranzten zaigu, eta gu berarekin batera erortzen gara.

Ihes egin nahi dugunean janzten ditugu mozorroak batzuetan, edo mugitu nahi ez dugunean besteetan. Lagunekin hitz egiterakoan, gurasoekin, ezezagun batekin… momentu horietan mozorrotzen gara, izan nahi duguna alde batera utzi eta ez garenaz inbadituz. Estalki hauek pertsonalak dira, ez beste inorenak.

Atzean dagoena aldiz denok gara, gutako bakoitza, norberaren beldurrak, pozak, tristurak eta isiluneak.
Sozialak bezain intimoak dira mozorroak, eta geure egiten ditugu. Zuloak estaltzen dizkigu, baina ez ditu betetzen.

Mozorroek aldatzen gaituzte, beraiekin batera antzezten dugu, egiazkoak direla ikusarazteko, batzuetan gu geu ere engainatzeko.

Ez dakit egunero zenbat erabiltzen ditugun, kaxatik atera eta sartzen goaz etengabe, eranzten ditugun bakoitzean geure zati bat kentzen digutela ohartarazi gabe.

Urteak aurrera joan ahala inauterietako mozorroak pilatzen joaten dira, baita geureak ere. Lehenak urtean hirutan soilik erabil ohi ditugu, bigarrenak egunero daramatzagu gainean.

Beraz, etengabe mozorrotuta bizi garen heinean, mozorro bera ere bihurtzen gara. Estalpean ba al dago nor-nor, ala momentuko mozorroa al gara, barnetik hutsa eta kanpotik apaindua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!