Gure Esku Dago-k antolatuta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu giza kate batek, ekainean

Ataria 2018ko urt. 27a, 15:29

Argazkia: Gorka Rubio/Argazki Press

Gutxienez, 100.000 lagun beharko ditu 201,9 kilometroko ibilbidea betetzeko. Tolosaldeko Gure Esku Dago-k azaldu duenez, 2014ko zifra "ikaragarriak" berdintzea du helburu.

Donostia-Bilbo-Gasteiz arteko giza katea, hori da Gure Esku Dago-k aurtengorako iragarri duen mobilizazio erraldoia, "Euskal Herrian inoiz egin den handiena".

201,9 kilometroko bidea egingo du kateak, Alderdi Eder eta Legebiltzarra batuz, eta ekainaren 10ean egingo da. Zapiekin lotuta, gutxienez 100.000 lagun beharko direla esan du herri dinamikak. Helburua: etorkizuna erabakitzeko aukerak sortzea.

Giza kateaz gain, Gure Esku Dago-k badu bigarren jomuga bat: herri galdeketa gehiago egitea eta Herritarron Ituna hedatzea. Horretarako, erabakia gauzatzeko zergatiak bilduko dituzte herriz herri, 2.019 arrazoi, hain zuzen, eta ekainaren 10ean bertan plazaratuko dituzte.

2018a "urte erabakigarria" izango dela aitortu du dinamikak. Anjel Oiarbidek adierazi du euren hiru ardatzek bat egingo dutela urte bukaeran, eta aro berri bai hasiko dela. "Ezin gara geldirik geratu. Gure garaia da. Herritarrona. Erabakitasun osoz goaz aurrera, herri libre bat izateko, burujabe izan behar dugulako".

Eskualdeko zifrak berdintzeko helburua

Tolosaldeko Gure Esku Dago-k martxoan egingo du mobilizazioaren aurkezpena eskualdean. Dena den, Beñat Sarasola, eskualdeko bozeramaileak azaldu duenez, 2014ko giza kateko zenbakiak "berdintzeko" helburua jarri dute. Orduan, '4.000 baietz' parte-hartze kanpaina abiatu zuten, Beasain eta Lazkao arteko 4 kilometroak eskualdeko herritarrez betetzeko. Baita langa hori pasatzea lortu ere. "2014koa ikaragarria izan zen eta zifra horiek berdintzen baditugu kontent izango gara. Eta hobetuz gero, are gehiago", azaldu du Sarasolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!