Osasun publikoaren afera

Osasun sailari Tolosaldeko osasun zerbitzuan esku hartzeko eskatu diote Asuncion klinikako langileek

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 26a, 12:00
Asuncion klinikako langileek elkarretaratzea egin dute Osasun Sailak Donostian duen lurralde ordezkaritzan.

Azken urteetako lan baldintzetan jasan duten "prekaritate larriaren" eta egungo "egoera larriaren" aurrean, Jon Darpon Osasun saileko sailburuarekin bilera egitea eskatu dute. Hori erakusteko elkarretaratzea egin dute Osasun sailak Donostian duen lurralde ordezkaritzaren aurrean.

Asuncioneko langileek 2017ko abendua eta 2018ko urtarrila bitartean 4 eguneko greba egin dute. "Mobilizazioak bultzatuta enpresak negoziatzera deitu gintuen, baina bere proposamena gure aldarrikapenetatik oso urrun dago, beraz, gure eskakizunei erantzun gabe jarraitzen dute", zehaztu dute langileek. Bide batez, klinikako langile guztien izenean eskerrak eman dituzte "Tolosaldeko biztanle guztiei, eman diguten babesagatik eta gure mobilizazioen aurrean izan duten jarreragatik". Langileek gaineratu dutenez, "biztanleak kontziente dira egoera honen erantzule Eusko Jaurlaritza eta Asuncion klinikako zuzendaritza direla".

2011. urtetik ez dutela inongo soldata igoerarik izan salatu dute langileek, eta ondorioz eroste ahalmenaren galera "geroz eta handiagoa" dela. Beraien urteko lan jarduna administrazio publiko langileek duten lan jardunetik "oso urrun" dagoela esan dute, eta 2010. urtetik ez duela inongo murrizketarik izan, "pertsonal falta eta kontratazioen irregulartasuna eta lan kargen handitzea eguneroko errealitatea dira azken urte hauetan". Asuncion klinikako zuzendaritzak osasuna "negozio" bilakatu duela diote, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila horren "konplizea" izan dela, "ez baitzaizkie batere inporta ez Tolosaldeko 65.000 biztanleak eta ezta Invizako langileak ere".

Bestalde, enpresak errealitatea "gezurrekin estaltzen" duela salatu dute langileek, "traumatologiako trasladoak pazienteen onuragatik egiten direla esanez eta profesional faltaren arazoa dela ezkutatuz. Errealitatea ordea hau da, klinikako profesionalak joaten ari direla dituzten lan baldintza txarren ondorioz. Honek Tolosaldeko biztanleen arreta zerbitzuan eragin larria du". Egungo egoera azken urte hauetan "jasaten ari garen prekaritate sistematikoaren" ondorioa dela esan dute, eta horren "arduradun zuzenak EAJ buru den Eusko Jaurlaritza eta Montoya jauna direla". Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko sailburua den Jon Darponi bilera eskatu diote, "Asuncionekin gertatzen ari dena azaldu diezagun".

Langileek galdera bat ere jarri dute mahai gainean: "Tolosaldeko osasun zerbitzua zergatik da gainontzeko eskualdeetako osasun zerbitzua baino prekarioagoa, baliabideak daudenean?". Eta gogora ekarri dute Asuncion Klinikak urtean 20 milioi euro jasotzen dituela diru publikotik, Tolosaldeko osasun publikoaren kudeaketarako. Azkenik, mobilizatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, "Eusko Jaurlaritzak eta Asuncioneko zuzendaritzak gure eskualdean eragin duen arazoa sakonetik konpondu arte".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!