Arantxa Tapiak parte hartu zuen, atzo, Tolosako lehen enpresa egunean

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 25a, 15:17
Argazkia: Tolosako Udala

Bertako enpresa sarea nazioartekoarekin lehian aritzeko helburuz, Tolosako eta eskualdeko industria jardueraren argazkia atera zuten, Oriaburu eraikinean; Tolosaldeko 26 enpresa ertainetako ordezkariek parte hartu zuten hitzorduan.

Tolosako Udalak estreinakoz antolatu zuen, atzo, Enpresa Eguna. Oriaburu eraikina izan zuten topagune, eta bertan izan zen, besteak beste, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Azpiegitura sailburua, udal gobernuko kideekin batera.

Ordezkari politikoen arteko bilerak abiarazi zuen jardunaldia eta, jarraian, gaiari errotik heldu zioten. Horrela, Tolosaldeko enpresa ertain eta txikietako 26 ordezkari gonbidatu zituzten Enpresa Egunera, "eskualdeko enpresen gehiengoa ordezkatzen baitute". Bide horretan, Olatz Peon Tolosako alkateak eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak egoera ekonomikoaren argazkia izan zuen hizpide, eta GFArekin jorratzen ari diren Lehiakortasun Planaren berri eman zien: "Ezinbestekoa da egitasmo publiko eta pribatuen arteko lankidetza eta osagarritasuna indartzea".

Halaber, Olatz Peonek ohartarazi zuen, garrantzitsua dela enpresa txiki eta ertainei gizarteak aitortza eskaintzea: "Helburu horri begira antolatu dugu lehen Enpresa Eguna. Izan ere, nazioarteko lehiakortasuna gero eta korapilatsuagoa da, eta horrek esfortzu handiagoa eskatzen du, noski".

Tolosako eta eskualdeko kasu zehatza aztertu eta gero, Arantxa Tapia sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Industria Plana aurkeztu zien bertaratuei, eta Tolosaldea Garatzeneko Unai Anduezak Tolosaldeko Plan Estrategikoa osatzeko diagnosia aurkeztuz biribildu zuen jardunaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!