[GUTUNA] Eskerrak eman

Asuncion klinikako enpresa batzordea 2018ko urt. 23a, 09:39

Urtarrilaren 10ean, hiru egun eta erdiko grebaren ondoren, Tolosako Sta. Maria de la Asunción (Inviza) klinikako Ordiziako, Tolosako Belateko eta Andoaingo zentroetako langileok manifestazio bat egin genuen Tolosan.

Tolosaldea guztiko herritarrak deituta zeuden eta hotza, euria, haizea… eginagatik ere, manifestazio jendetsua izan zen. Hori horrela, bertaratutakoei bereziki, baina baita babestu gaituzten gainerakoei ere, eskerrak eman nahi dizkiegu gu ulertzeagatik, parte hartzeagatik eta babesagatik.

Herritarrek arazoa Tolosako alkatetzak baino hobeto ikusten dutelakoan gaude; izan ere, alkate anderearekin izan genuen bileran zer esan ez genekiela utzi gintuen alkate andereak.

Honako hitzak entzun genituen: «Osasungintza ez da udalaren konpetentzia…», «Kexarik ez bada…».

Eta kexarik ez izateagatik arazorik ez dagoela ulertu behar al dugu? Gure alkate andereak agian ez daki paziente batek «bizi konstante onargarriak» izanagatik ere «hilzorian» egon daitekeela, eta horixe bera da Tolosaldeko osasungintzarekin gertatzen ari dena. Horrek aldi berean Tolosaldeko ESI (Erakunde Sanitario Integratua) zuzentzen duen pertsona ere agerian jartzen du.

Gure iritziz guztiok ere herritarrekiko edo erabiltzaileekiko ardura handia dugu eta gure egiten dugu Medicusmundiren ondorioa, hain zuzen, osasungintza erabateko pribatizazio bidean dagoela eta horrek sortzen duen kezka.

Guk gure eskualdean osasungintza EZ diskriminatzeko mobilizatzen jarraituko dugu, eta horretarako egoerak eragiten dieten udaletxeetara, partidu politikoetara eta plataformetara joko dugu.

Horren harira, datorren hilaren 26an Donostiara (Pio XII biribilgunea-Osasungitza saila) gonbidatzen ditugu herritarrak 11:00etatik 12:00etara egingo dugun elkarretaratzera eta prentsaurrekora. Sailburu den Darpon jaunari dei egingo diogu entzun gaitzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!