Osasun publikoaren afera

Asuncion klinika publiko egiteko gutxieneko adostasuna lortu nahi du EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urt. 23a, 19:02

Eusko Jaurlaritza erakunde arteko mahaia osatzera deitu dute agerraldian; Tolosaldeko EH Bilduk babesa eskaini die Asuncion klinikako langileei, azken asteotako mobilizazioen harira

Asuncion klinikako langileen lanuzte eta grebak hasi zirenean, EH Bilduk ohar bitartez babestu zituen mobilizazio haiek. Orain, deialdiak amaitu eta gero, agerraldia egin dute Tolosaldeko, Andoaingo eta Legorretako EH Bilduko hautetsiek, langileei atxikimendua azaltzeko, eta «adostasun politikoa bilatzeko».

Amaia Azkue bozeramaleak 2011n Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Inviza SAk sinatutako hitzarmena gaitzetsi du, beste behin, azpimarratuz, «Tolosaldeak erreferentziazko ospitale pribatu bat» duela, eta «jendarte zabala aurka» azaldu dela azken urteotan.

Salaketa horri, gainera, Asuncioneko langileen «prekarietatea» gehitu dio EH Bilduk: «Ez da lan gatazka soila: pribatizazioaren ondorioa da».

Erakunde arteko mahaia

Askotan aldarrikatu duten bidetik, EH Bilduk eskualdeko ospitale publiko bat jo du «berme bakartzat», eta horra iristeko bide bat ireki nahi dute, epe laburrean: «Horretarako, Eusko Jaurlaritzari erakundeen arteko mahaia sortzea eskatzen diogu. Guk lan egingo dugu gutxieneko adostasunak lortzeko». Horretarako, udalez udaleko mozioekin ekingo diote prestatu duten bide-orriari.

Era berean, iragarri dute beren publifikazio proposamena aurkeztuko dietela adostasuna lortu nahi duten gainerako alderdi, sindikatu eta gizarte eragileei, aurrera egiteko.

Agerraldian izan dira Asuncioneko langileak, eta «eskerrak» eman dizkiete: «Asuncion klinika kontzertatu bilakatzea erabaki zuten bere garaian, merkeena zelakoko, baina zulo beltz batera goaz, eta guk bi aldiz jasan behar ditugu pribatizazioaren kalteak: langile moduan eta erabiltzaile moduan. Kanpotik ez da iceberg honek ezkutatzen duen erdia ere ikusten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!