Elkartasun Eguna antolatu dute Gaztelun, presoei babesa agertzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 23a, 11:48
Gaztelu, Lizartza, Leaburu, Elduain, Ibarra eta Tolosako hainbat herritar, atzo, agerraldian.

«Bestelako Euskal Herri baten aldeko ekarpena» egin asmoz antolatu dute Elkartasun Eguna iganderako; euskal presoen egoera salatu dute.

Gaztelu, Lizartza, Leaburu-Txarama, Elduain, Ibarra eta Tolosako hainbat herritar bildu eta Elkartasun Eguna antolatu dute iganderako. «Geure txikitik bultzada eman asmoz herri honen bake eta askatasunaren bidean» elkartu dira eta horrela euskal preso politikoen urrunketa eta dispertsioarekin amaitzea aldarrikatuko dute, «baita iheslari zein deportatuen etxeratzea ere», esan zuen Josune Gorostidik, Gaztelun eskainitako agerraldian. «Zorionez, Frantzian preso egondako Andoni Goikoetxea herrikidea gure artean dugu, baina oraindik asko dira urruneko espetxeetan daudenak, eta horien artean gure bailarako herritar hainbat», gaineratu zuen. Egun, 300 euskal preso daude.

Era berean, duela aste gutxi pil-pilean egondako motxiladun ume eta gaztxoen afera ekarri zuten gogora; «euskal jendarteak badaki zein egoera krudel bizi duten preso, iheslari, deportatu eta euren senide eta gertukoek, eta horregatik astindu ditu kontzientziak hainbeste, motxiladun ume eta gaztetxoek bizi duten egoera gogorrak. Ume eta gaztetxoak motxiladun bihurtu badituzte, adinekoak poltsa eta zakudun egin dituzte», esan zuen.

Presoak bisitatzeko astero eta hilero «zaku eta poltsa handiak beteta milaka kilometro egitera behartuak» daudela nabarmendu zuen, «gehienetan 45 minutuko bisita bat egiteko kristal lodi baten beste aldetik. Eta horrela, jada 30 urte igaro dira, 30 urte luze...», gaineratu zuen.

Erabaki «krudela»
Euskal presoek bizi duten urrunketa eta dispertsioa «erabaki maltzurra eta krudela» dela adierazi nahi izan zuten, beste behin, Elkartasun Eguna antolatu duten herritarrek. Erabaki horren ondorioz errepideetan 16 pertsona hil direla esan zuen Gorostidik. «Familiak eta lagunak presoekin batera etsipenera eraman nahi izan zituzten, baina ez dute lortu. Eta ez dute lortu hein handi batean, herri honen babesa eta elkartasuna ondoan izan dituztelako. Horren lekuko Bilboko kaleak bete izana urtarrilaren 13an egindako manifestazioan. Orain, guretik, Gaztelu jantzi nahi dugu elkartasunez».

Datu gehiago ere eman zituzten Gorostidik: «Azken 200 urtetan ez da izan belaunaldirik preso eta iheslaririk gabekorik gure herrian». Horren aurrean «benetako bakea» lortu behar dela aldarrikatu zuten Gaztelun bildutakoek, «Euskal Herrian askatasunean eta bakean bizi gaitezen gu eta ondorengo belaunaldiak». Horretarako «preso gaixoak kaleratzea, presoen urrunketarekin amaitzea, eta iheslari eta deportatuak etxeratzea» eskatu zuten, «herrian nahi eta behar ditugu».

«Eskaera hori egitearekin batera gure babesa agertu nahi diegu herrira etorri berri zaizkigunei, bailaran falta direnei eta haien ondoan dauden gertuko senideei. Preso, iheslari eta deportatuak kalera, amnistiaren bidean», esan zuen.

Elkartasun Egunerako egun osoko jaia antolatu dute eta bazkaria ere egingo dute. Txartelak ohiko lekuetan daude salgai.

Egitaraua

Urtarrilak 28, igandea

  • 11:30. Bailarako euskal preso eta senideekiko elkartasun ekitaldia. Ondoren, pilota partidak, txalapartariak, gutunak, lore eskaintza, dantzariak, bertsoak eta herri kirolak.
  • 14:30. Bazkaria herriko tabernan, bertsolari eta trikitilariekin. Bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi behar dira Tolosaldeko ohiko tokietan; langabetu eta gazteek 10 euro ordaindu behar dituzte eta gainontzekoek, 20 euro.

5.874 kilometro

Ibarra, Leaburu, Lizartza, Elduain eta Tolosako euskal preso politikoek bizi duten dispertsioa.

  • Maite Aranalde Ijurko. Ibartarra Rennes-en (Bretainia), 750 kilometrora.
  • Andoni Otegi Eraso. Leaburu-Txaramako presoa Almerian (Andaluzia) dago, 960 kilometrora.
  • Garikoitz Etxeberria Goikoetxea. Lizartzarra Sevilla II espetxean (Sevilla, Andaluzia) dago, 969 kilometrora.
  • Aitor Agirrebarrena Beldarrain. Lizartzarra Puerto 3 (Cadiz, Andaluzia) espetxean dago, 1.015 kilometrora.
  • Ana Belen Egues Gurrutxaga. Elduaindarra Cordoban (Andaluzia) dago, 830 kilometrora.
  • Manu Azkarate Ramos. Tolosarra Alcalan (Madril) dago, 500 kilometrora. Larriki gaixo dagoen presoa da Azkarate.
  • Sunny Iruretagoiena Lanz. Tolosarra Bretainian dago, 850 kilometrora.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!