[BIDEOA] Egiten duzuna gara

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 23a, 07:50

Lelo hori aukeratu du TOLOSALDEKO ATARIA-k komunikazio kanpaina abiatzeko, urte berriarekin batera eta bosgarren urteurrena jomugan duela; urria hasieran beteko ditu bost urte eskualdeko euskarazko komunikazio proiektuak.

Ez da harpidetza kanpaina soila. Ez da sostengu ekonomikoa bilatzeko saiakera. Edo ez behintzat hori bakarrik; egia da, Atarikide gehiago behar ditugula eta erronka berriei aurre egiteko baliabideen premia dugula; baina hori baino gehiago da kanpaina: TOLOSALDEKO ATARIA-k eskualdean duen oinarri soziala zabaltzeko urratsa eman nahi du. Eta pauso hori egiten duzunean izango gara.

Izatea egitea baita.

Egiteko hautatu egin behar da: lekua hartu eta lekuaz jabetu, hitza hartu, tontorra zapaldu, uretara salto egin, ausartu, sinistu, lokaztu, busti. Esan genuen, “ezin lokatzetan salto egin zikindu gabe”. Zikintzen jarraitzeko prest gaude!

Zuk egin. Zuk espazioa hartu, eta guk lekua egingo dizugu. Zuk atea ireki eta gu sukalderaino sartuko gara. Zuk eskua luzatu eta guztion artean taldea osatuko dugu.

Esan, kontatu, irakurri, entzun, ikusi, erabili. TOLOSALDEKO ATARIA guztiona da. Zuk egiten duzu TOLOSALDEKO ATARIA. Gu zu gara.

Herria euskaraz egiten baduzu, TOLOSALDEKO ATARIA zara. Egiten duzuna gara.

Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Atarikide egitea, euskararen aldeko hautua egitea, zure herrian gauzak antolatzea, horren berri ematea, etxetik plazara salto egitea. TOLOSALDEKO ATARIA egiten duzun hori da. Egiten duzun neurrian gara.

Guk zuei egitea eta zuek guri egotea eskatzen diguzue. Posizionamendua gorpuztea. Baloreak haragitzea. Adostasuna materializatzea. Bizitzaren une zoriontsu zein latzetan egoteari garrantzia ematen diogu.

Egiten duzulako gara, eta bagaudelako zara. TOLOSALDEKO ATARIA dago eta horregatik zara euskaldun. TOLOSALDEKO ATARIA egoteak egiten zaitu eskualdeko herritar.

Esan eta izan, egiten eta egoten dakigulako. Tolosaldean egoteko modua da TOLOSALDEKO ATARIA-ri ekitea.

Egiten duzuna gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!