%10,3 igo da Tolosaldeko biztanleria mende hasieratik

Ataria 2018ko urtarrilaren 22a

Iturria: Berria.eus / Gaindegia

49.128 biztanle ditu Tolosaldeak, 2000. urtean baino %10,3 gehiago. Euskal Herriak, berriz, inoiz baino herritar gehiago ditu: 3.142.982. Mende hasieratik gaur arte %8ko igoera izan du biztanleriak, eta Zuberoak izan ezik, beste herrialde guztiek dituzte biztanle gehiago.

Are altuagoa izan da eskualdeko igoera: 2000. urtean baino %10,3 biztanle gehiago ditu Tolosaldeak. 49.128 dira, gara, guztira. 2000. urtean, adibidez, ia 44.500 pertsona bizi ziren. Gaindegiak eman ditu datuak asteburu honetan, iturri ofizialak baliatuta.

Joera, ordea, "metropolizazioarena" da. Gero eta jende gehiago bizi da hiriguneetan, eta ahultzen ari dira landa eremuak. Zuberoa, Erronkari-Zaraitzu, Irunberri aldea eedo Arabako Mendialdearen kasuak dira nabarmenenak.

Ez da hori, ordea, Tolosaldeko joera nagusia. 28 herrietatik hirutan baino ez da jaitsi biztanleria 2000. urtetik hona: Amezketan, Belauntzan eta Ibarran, hain zuzen. Badira ere beste zenbait herri 2000. urtetik hona biztanleak irabazi bai, baina azken urteotan beheranzko joera izan dutenak: Abaltzisketa, Alegia, Bidania-Goiatz, Gaztelu, Hernialde, Leaburu-Txarama eta Lizartza.

Igoerarik nabarmenena, berriz, Irurak egin du. Mende hasierako datuarekin alderatuz gero, bikoitza baino gehiago dira orain: 749 herritar izatetik 1.700dik gora izatera pasa dira.

Albiste osoa Berria.eus-en.

Iturria: datuak.net

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!