Eukene Larrarte eta Unai Iribar, 23 urte azpiko Espainiako txapeldunak

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 17a, 11:45
Eukene Larrarte, bigarrena ezkerretik, eta Unai Iribar, eskuinean, elite mailako irabazleekin.

Espainiako Pistako Omniumeko Txapelketak jokatu dira asteburuan Madrilen, eta eskualdeko bi txirrindulariek dominak lortu dituzte. Larrarte tolosarrak hirugarren egin du nagusien artean, eta Iribar ibartarrak seigarren.

Elite eta 23 urtez azpikoek batera lehiatzen dute txapelketa honetan, eta Olinpiar Jokoetarako puntuagarria den proba dela kontutan hartuta, estatuko txirrindulari onenak lehiatu ziren. Larrartek hirugarren egin zuen nagusien mailan eta 23 urte azpikoetan lehen postua eskuratu zuen. Leire Olaberria azkenean ez zen lehiatu proban.

Eukene Larrarte Espainiako selekzioarekin lehiatuko da asteburu honetan, ostiraletik igandera, Minsken (Bielorrusia) jokatuko den Munduko Koparen bosgarren eta azken jardunaldian. Larrartek Madison proban parte hartuko du, Isabel Ferreres bikote duela. Beste proba batean parte hartuko du, baino oraindik hautatzaileak ez du erabaki puntuaketa edo Scratch izango den.

Bere aldetik, balio handiko txapelketa irabazi du Unai Iribar gazteak. Jubenil mailatik pasa berria da 23 urtez azpikoetara eta aurten denboraldia luzeagoa izango denez, beranduago hasi da. Pedal kolpe ona oraindik urrun du, pistan hilabete lehiatzen hasi dela, eta hala ere oso lehiakor eta maila onean ibili zen urrezko domina lortuaz.

Lau proba ezberdinek osatzen dute Omniuma; Scratchean 4. sailkatu zen, Tempon 5., kanporaketan 9. eta puntuaketan 13. Azken sailkapenean seigarren sailkatu zen baina aurreko guztiak elite mailako txirrindulariak izanik, bera izan zen lehen 23 urtez azpikoa. Nabarmendu behar da, puntuaketa lasterketan lehen itzulietan matxura izan zuela, ondorioz bizikleta aldatu behar izan zuen 2 itzuli galduz eta ondoren gaitasuna izan zuen 2 itzuli horiek berreskuratzeko, jubenil mailatik heldu berria den gaztearen ibiliak aho bete hortz utziaz Galapagarko belodromoan ziren guztiak.

Unai Iribarrek Ampo taldean osatuko du errepideko denboraldia otsailetik aurrera, baina aurretik Pistako Espainiako selekzioarekin profesionalekin korrituko du datorren astean Mallorcako Challengean. 23 urtez azpikoekin lehiatu aurretik, profesionalekin estreinatuko da Ibarrako 18 urteko gaztea. Mallorcako estreinaldirako ilusioz beterik dago baina hankak lurrean izanik gozatzea eta bere idolo direnen ondoan lehiatzearekin, besterik gabe helburuak beteta izango ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!