«Eskualdeko herri askotan hutsune bat egon da, euskara agendan sartzeko garaian»

Itzea Urkizu/Iñigo Terradillos 2018ko urt. 16a, 19:59

Garikoitz Goikoetxeak 'Euskaraz bizi a(ha)l gara?' hitzaldia eskainiko du, bihar, 18:30ean, Tolosako kultur etxean.

Tolosaldeko haur guzti-guztiek D ereduan egiten dituzte derrigorrezko ikasketak, euskaraz. Ezagutza datua ere izan liteke baikortasunerako zubi, Tolosaldeko herritarren %70ek euskara ulertu eta hitz egiten baitute. Ordea, azken hamarkadetan nabarmen aldatu da eskualdeko egoera soziolinguistikoa, eta herri txikietako euskararen osasunak beherantz egin duen moduan, herri handienetan hobera egin du. Argazki hori aztertu eta xehetu, eta Tolosako kasu zehatzari begira jarriko da, bihar, asteazkena, Garikoitz Goikoetxea kazetaria, Euskaraz bizi a(ha)l gara? hitzaldian.

Hainbat zutaberen inguruan mamituko du saioa elduaindarrak. Batetik, azken bi urteotan Galtzaundi euskara taldea Tolosatik gainerako 27 herrietara zabaltzeko egindako prozesuaren berri emango die bertaratuei. Era berean, 2018ko erronka euskaltzalearen inguruan ere ariko da, Euskaraldia zer eta zertarako sortu den azalduz.

Ondoren, datuak aztertzera joko dute, hainbat neurketaren emaitzak baliatuz. Garikoitz Goikoetxeak ATARIA IRRATIA-n azaldu duenez, Tolosaldeko herrietako kaleetan, euskara da gehien hitz egiten den hizkuntza. Etxean, berriz, hiztunen erdiek egiten dute euskaraz. Errealitate hori kontuan hartuz, Galtzaundiko kideak argi dio Tolosan eta Tolosaldean «oinarri sendoa» dagoela euskararen egoerak hobera egin dezan: «Baina baldintzak aprobetxatu egin behar dira», dio.

Gari Goikoetxeari elkarrizketa Ataria Irratian:


EUSKARA AGENDAN

Izan ere, 2000. urtetik hona euskarak Tolosaldean izan duen garapenari begiratuz gero, Goikoetxeak bi talde bereiziko lituzke. Herri handienena da bata, eta euskarak gora egin du horietan, belaunaldi berrien eraginez; Tolosa, Amasa-Villabona, Alegia, Anoeta eta Ibarra leudeke gorakada horretan.

Aldiz, Tolosaldea Euskal Herriko eskualde euskaldunenetako bat izatera eraman duten herri txiki askotan, azken urteak beheranzkoak izan dira, euskararen osasunari begiratuz gero: «Herri horietan euskaldunen portzentajea oso-oso altua zen, %90etik gorakoa kasu askotan, baina biztanle mugimenduek errealitate hori aldatu egin dute: biztanleria igo den lekuetan, ezagutza jaitsi egin da».

Goikoetxearen iritziz, Tolosaldeko euskararen egoera osasuntsuari «neurriko erantzuna» eman behar zaio, eta euskaraz bizi ez diren herritarren rolak, adinak eta hizkuntza ohiturak kontuan hartu: «Etorkizun arroxa irudikatzen dugu, baina eskualdeko herri askotan hutsune bat egon da, euskara agendan sartzeko garaian».

Euskaraz bizi a(ha)l gara? hitzaldia 18:30ean hasiko da, Tolosako kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!