Saharara produktuak bidaltzeko kanpaina abiatu dute eskualdean

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 17a, 09:09
Midyick herrian dagoen eskolan 140 haurrek ikasi dezakete.
Tolosaldea Sahararekin elkarteak otsailaren 2ra bitarte jasoko ditu Saharara bidaltzeko produktuak, Piztu Itxaropena kanpainaren barruan.

Urtero moduan elkartasuna bultzatzea da kanpainaren eta elkartearen beraren helburua, eta herriz herri, batez ere, udalen bidez, bilduko dituzte produktuak. Tolosaldea Sahararekin elkarteak ahalik eta produktu gehien bildu nahi dituela esan du; «Tolosaldeko biztanle bakoitzak kilo bat emango balu, ikaragarria izango litzateke. Horretarako ikastetxeetan, kultur etxeetan eta udaletxeetan jarri ditugu bilketa txokoak», esan du elkarteak.

Aurten lekaleak, hegaluzeak eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, konpresak eta haurrentzako zein helduentzako pixoihalak jasoko dituzte.

Bestalde, Tolosaldea Sahararekin elkarteak lurralde askatuetako Midyic herrian eskola bat eraiki zuen eta bertako mantenurako eskola materiala behar dute; koadernoak, arkatzak, ezeztekoak, txorroskiloak, margoak eta abar. Eskola horretan 120 ikaslek ikasten dute.

Tolosaldeko herri guztietan egiten dute bat, urtero, Piztu Itxaropena kanpainarekin eta materiala otsailaren 2ra arte utzi ahal izango dira herrietako udaletan, kultur etxeetan eta ikastetxeetan.

2000. URTETIK, ERAGITEN

Tolosaldea Sahararekin elkarte 2000. urtean sortu zuten «saharar herriari laguntzeko gogoz». Ordutik hainbat proiektu abiarazi dituzte, hala nola, elkartasun bilketak, haurren harrera programak eta Maiatza Borrokan jardunaldiak.

«Guretzat proiektu garrantzitsuenetako bat izan da azken urteetan Saharako lurralde askatuetako Midyick herrian egindakoa. Bertan 140 ikasle hartu ditzakeen lehen hezkuntzako ikastetxe bat eraiki dugu eta mantenuan ere aritzen gara. 200 kilometroko distantzian dagoen anbulatorio bakarra ere eraiki eta mantentzen dugu», esan dute.

Era berean, Tolosaldea Sahararekin elkarteak sentsibilizazioan ere egiten du lan. Hau da, saharar herriak bizi duen muturreko egoeraren berri ematen du. Izan ere, sahararrak zatituta daude duela 42 urte. Batzuk, saharar errefuxiatu kanpalekuetan daude eta bizirauteko kanpoko laguntza ezinbestekoa dute; beste batzuk, lurralde okupatuetan daude, «Marokoko erregimenak okupaturik duen Mendebaldeko Saharan bizirauten duten sahararrak elkartasun politikoa behar dute»; eta azkenak, lurralde askatuetan daude, «Fronte Polisarioaren eskuetan dagoen lur zatian daude». «Ezin ahaztu ditzakegu ere diasporan bizi diren sahararrak», gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!