San Sebastian eguna ospatzeko aukera, eskualdean

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urtarrilaren 17a

Orendainen bazkaltzeko biltzen dira urtero, San Sebastian egunean.

Berastegi, Berrobi eta Orendainen larunbatean, San Sebastian egunean bertan, izango dituzte ekitaldiak, eta Leaburu-Txaraman igandera atzeratu dituzte.

Berastegi, Berrobi, Leaburu-Txarama eta Orendain dira San Sebastianen omenezko baselizak dituzten eskualdeko herriak, eta ohi bezala, hilaren 20a ospatuko dute. Ekitaldi gehienak erlijiosoak izango dira eta mezaren bueltan ospatuko dute San Sebastian eguna, baina Orendain eta Leaburu-Txaraman dantzari eta musikari ere egingo diote tartea.

Leaburu-Txaraman gainera, San Sebastian egunez, arratsaldez, ospatu ohi duten meza egunez eta orduz aldatu dute. Igandean izango dituzte ekitaldiak eta ez arratsaldez, goizez baizik. Ohi bezala dantzarien emanaldia izango dute mezatik ateratzen direnean, eta baita hamaiketakoa ere, Ostatuan. Orendainen ohiturari jarraiki, kalejiran joango dira plazatik baselizaraino eta horretarako trikitilarien laguntza izango dute. Eltxoak elkartean bazkalduko dute ere eta izena emateko epea bihar bukatuko da. Udaletxera edo elkartera jo behar da izena emateko.

EGITARAUAK

Urtarrilak 20, larunbata
  • Berastegi. 09:30ean meza izango da erretoretxeko kaperan, eskola ondoan. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute.
  • Berrobi. 16:00etan meza San Sebastian ermitan, eta ondoren, merienda.
  • Orendain. 11:00etan abiatuko dira herriko plazatik eta kalejiran joango dira San Sebastian ermitaraino trikitilariek lagundurik; 11:15ean egingo dute meza eta ondoren, hamaiketakoa izango dute eraikin berrian; eta bukatzeko 14:00etan bazkaltzeko elkartuko dira Eltxoak elkartean.
Urtarrilak 21, igandea
  • Leaburu-Txarama. 10:30ean meza San Sebastian baselizan; ondoren, dantzariek emanaldia eskainiko dute ermitaren kanpoaldean; eta bukatzeko hamaiketakoa izango dute herriko Ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!