Frantzia aurki presoak gerturatzen hasiko dela eta, «esperantzaz» eta «pozik» hartu dute Maite Aranalde ibartarraren eta Luis Iruretagoiena Suni tolosarraren senideek albistea. Eskualdeko bi preso hauek daude egun Frantziako Estatuko kartzeletan.
Kristina Iruretagoienak, Suniren arrebak, «esperantzaz eta ilusioz» hitz egin du: «Hainbat aldiz komentatu da gerturatuko dituztela eta gero ezerezean geratu da. Azkenean ematen du kontua serioago doala eta errealitate bihurtuko dela. Ikusi egin beharko dugu gero nola egiten den lekualdaketa, taldeka edo banaka. Espero dugu, behintzat, denak gerturatzea».
Jokin Aranaldek, Maite Aranalderen aitak azaldu duenez, «urte luzeak daramatzagu krudelkeria hau sufritzen. Zalantzarekin hartzen dugu albistea, baina aldi berean ikusita esan duten moldean, badirudi gerturatze hori egingo dela. Guretzat izugarrizko poza da, arnas hartze sakon bat da. Urte luzez ari gara sufritzen, eta ezin du beste era batera izan. Guretzako lehen urratsa da, presoak etxera ekarri arte jarraitzeko».
Maite Aranaldek urrian bukatzen du Frantzian ezarritako zigorra. «Gero bi euroagindu ditu eta ikusiko da Espainian zer gertatzen den», azaldu du bere aitak. Bretainian dago egun Aranalde, Renneseko kartzelan, Tolosatik 730 kilometro ingurura.
Iruretagoiena egun Alençon-eko espetxean dago, 850 kilometro ingurura. Hiru egun behar izaten ditu bere arrebak bisita egitera joan eta etortzeko. Epaiaren arabera sei urte inguru geratzen zaizkio Iruretagoienari kartzelan egiteko.
Larunbatean Bilbon egindako manifestazioa «izugarria» izan dela dio Kristina Iruretagoienak: «Ikusten da jendeak interesa duela gaian». Horren inguruan Jokin Aranaldek azaldu du azken urteetan «lan asko egiten ari dela eta nire ustez inteligentzia handiz, eta beraz horrek itxaropena sortzen du eta guretzako herria horrela mobilizatzea oso garrantzitsua da». Aranalderen ustez, «estatuak mugitzeko bidea hortik doa, herriak masiboki erantzuten badio mugitzen dira. Krudelkeria hau aplikatzen dutenekin itxaropen gutxi, ez badute sentitzen herri batek ez duela hori onartzen eta indarra egiten duela mugiarazteko».