Joan den urteko bide beretik eman dio hasiera 2018ko Gipuzkoako Batel Ligari Tolosaldeko Arraun Klubak. 15 talderekin uretaratu zen TAK Trintxerpen eta emaitza onak lortu zituzten.
Haurren mailan nesken bi taldek hartu zuten parte. Estropada irabazi zuen lehen ontziak, Oriori eta San Juani, hurrenez hurren, 10 eta 16 segundoko aldea atera eta gero. Beste ontziak, berriz, zazpigarren egin zuen. Lehen zortzi puntuak, beraz, eskualdeko neskek poltsikoratu dituzte.
Alde estuagoagatik irabazi zuten lehen estropada promesen mailako neskek. Hibaikakoak baino 3 segundo azkarragoak izan ziren eskualdeko arraunlariak. Orio izan zen hirugarren, 7 segundora. TAK-eko beste bi ontzi gehiago ere izan ziren lehian: bigarren taldeak laugarren egin zuen, irabazleengandik 14 segundora eta hirugarrenak bederatzigarren, 26 segundora.
Infantil mutilek lortu zuten urdinen hirugarren garaipena. 5 segundoko tarteaz gailendu zitzaizkion Oriori, eta TAK-eko bigarren taldeak osatu zuen podiuma, 12 segundora.
Kadete mutiletan beste bi ontzik hartu zuten parte. Bigarren taldea izan zen bietan azkarrena. Laugarren amaitu zuen estropada, San Juan, Orio eta Zumaiaren atzetik. 16 segundoko aldea atera zion irabazleak, eta hirugarren postutik segundo bakarrera geratu ziren. Bestre ontziak, berriz, 12. egin zuen, 47 segundora helmugaratuta.
Jubenil nesketan, Tolosaldeko bi ontziak hirugarren eta laugarren sailkatu ziren. San Juanek irabazi zuen maila horretan, eta pasaitarrek baino 23 eta 39 segundo gehiago behar izan zituzten eskualdekoek. Mutilen bi batelek, aldiz, antzeko denbora egin zuten. Zazpigarren eta zortzigarren amaitu zuten estropada, elkarren artean 60 ehuneneko aldearekin.
Azkenik, helduen mailan, emakumezkoen beste bi ontzik lehiatu zuten Trintxerpen. Lehen taldeak bigarren postua erdietsi zuen, San Juanengandik 21 segundora helmugaratuta. Bigarren taldeak 9. egin zuen, minutu bat eta lau segundora.
Hurrengo jardunaldia Pasai Donibanen jokatuko da, hilaren 27an.