Loatzo musika eskolak 15. urteurrena ospatuko du

Jon Miranda Labaien 2018ko urt. 15a, 18:54

Eskualdeko 566 herritarrek musika hezkuntza «integral, osoa, anitza, integratzailea eta euskal kultura oinarri duena» jasotzen dutela aipatu dute eskolako arduradunek.

Loatzo mankomunitatea osatzen duten udalen «jarrera eta borondatea» azpimarratu dute musika eskolaren arduradunek 15. urteurreneko ekitaldia aurkezteko agerraldian. Aduna, Altzo, Alegia, Anoeta, Irura, Ibarra, Villabona eta Zizurkilgo herriek osatzen dute mankomunitatea eta Onintza Erkizia zuzendariak hitz egin du lan taldearen izenean: «Ez dugu esker oneko hitzik besterik proiektua babestu, bultzatu eta egun garen hau izatera iristen lagundu gaituzten udal hauentzat».

Gaur egun 566 ikasle ditu musika eskolak eta hezkuntza «integral, osoa, anitza, integratzailea, euskal kultura oinarri duena baina beste kulturei irekia dagoena», eskaintzen du. Erkiziak nabarmendu duenez, «gora eta beherako aldapak» izan ditu ibilbide honek, baina jasotako uzta azpimarratu nahi izan du: «Musikari profesionalak, musika talde, musika ikasle eta batez ere, musikazale ugari. Gure herri honetatik hasi, eta Finlandiako azken muturrerainoko tartean banatuta geratzen diren hainbat musikari eta musika kide».

Musika irakasle talde bat abiatu zen duela 15 urte, norbere autoa hartu eta eskualdea zeharkatzen. Garai hartan galdera ugari zituztela gogoratu du Erkiziak: «Gure eskualdeko herri txikietako bizilagunek zergatik joan behar zuten herri handietara musika ikasketak jasotzera? Herri txiki hauek ez al dute merezi norbere kultur ekitaldiak izatea eta hauek beraien herritarren musikarekin izatea?». Baiezkoak izan dira erantzunak eta kilometroetan neurtu dute musika eskolaren arrakasta: «400.000 kilometro baino gehiago martxan jarri ginela». Horretarako «dedikazioa eta lan handia» egon direla nabarmendu dute irakasleek.

Emanaldi sorta urteurrena ospatzeko

Orain 15 urte sortutako proiektua, gaur egun, Euskal Herriko Musika Eskolen elkarteko pisuzko kide izatera iritsi da eta ospakizunetarako «nahikoa arrazoi» badituztenez, ekintzaz beteriko ikasturtea prestatu dute.
Dagoeneko Xexili patroiaren ohorez mankomunitateko kide diren herrietako kaleak alaitu zituzten azaroan eta Eguberrietan ere hainbat ekitaldi alaitu dituzte. Aurrera begirako festetan ere egoteko asmoa dute: Kalderero, Santa Ageda eta Tolosako Inauterietan, esate baterako. Urtero bezala, zortzi herrietan banatuta instrumentu guztietako audizioak egingo dituzte eta kurtso amaierako emanaldiak prestatu. Gainera, ikasleak Euskal Herriko herri ezberdinetan ariko dira  udaberrian, saxofoi, zeharkako flauta, tronboi, eskusoinu edota trikitixa topaketetan.

Beste musika eskolakoekin trukeak ere gauzatuko dituzte eskualdeko musikariek. Martxo-apirila aldera, Usurbilgo musika eskolarekin egingo dute hartu emana eta ikasturtea amaitu aurretik, Kataluniako Arenys del Marrera joango dira Loatzoko pianistak, biolin, klarinete eta flauta jotzaileak. Aurten, gainera, lehen aldiz, Herri Urratsen kontzertua eskainiko dute eskualdeko musika eskolako ikasleek. «Jarrai dezala musikak gure herria hezi eta alaitzen» esanez bukatu dute ekitaldia Loatzoko arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!