8 domina lortu ditu Tolosa CF Atletismo taldeak Gipuzkoako Txapelketan

Mikel Iraola 2018ko urt. 15a, 15:21

Tolosaldeko 92 atletek hartu dute parte asteburu honetan Donostiako belodromoan jokatu den Gipuzkoako txapelketan, eta zortzi domina lortu dituzte.

Urrezko bi domina, zilarrezko bost eta brontzezko bat. Zortzi domina eskuratuta itzuli da Tolosa CF Atletismo Taldea Gipuzkoako Txapelketatik. Lorpen bikaina, ezbairik gabe.

Eunate Martinez de Rituerto eta Unai Hernandezenak izan dira urrezko dominak. Martinez de Rituertok altuera jauziko txapelketa irabazi zuen, 1,55 metroko jauzia egin eta gero. Hernandezek, berriz, 1.500 metroko frogako denborarik onena egin zuen, 4:05.

Paula De Juanek lehen aldiz parte hartu zuen 400 metroko lasterketan, eta estreinaldia bikaina izan da, txapeldunordea izan baita, 59:18 denbora egin eta gero. Gizonezkoetan, Aitor Zabalak bigarren postua lortu zuen distantzia bereko lasterketan, 51:30 denbora markatuta, zilarrezko domina jantziz. Hain zuzen, atleta tolosarra eguneko bitxikeriaren protagonistetako bat izan zen. Izan ere, beste zilarrezko domina bat lortu zuen, Ander Uranga taldekidearekin bigarren postuan berdindu ondoren. 22:40ko denbora markatu zuten biek. Bosgarren zilarrezko domina Julen Martinek lortu zuen, 60 hesietan 8:92 markatuta.

Brontzezko domina, berriz, Nora Ituartek lortu zuen, 60 metroko lasterketan, 8:02ko denbora eginda. Bestalde, Andu Martinez de Rituertok Euskadiko M50 mailako errekorra puskatu zuen altuera jauziko proban, 1,74 metroko saltoa eginda.

Elgoibarko krosean ere fin

Igandean, berriz, Elgoibarko Juan Mugerza Nazioarteko Krosean parte hartu zuten eskualdeko korrikalari hainbatek. Eguraldiak baldintzatutako lasterketa gogorra izan zen, ibilbidea oso lokaztua izan baitzen.

Senior mutiletan Ander Etxeberriak 72. postuan amaitu zuen. Afrikarrek erritmo bizia jarri zuten hasieratik eta lanak izan zituen harrapatu ez zezaten. 20 urtez azpikoan, Maria Lasa podiumetik gertu geratu zen. Euskadiko selekzioaren elastikoa jantzita parte hartu zuen atleta irurarrak, eta bosgarren amaitu zuen, podiumetik ez oso urrun. 18 urtez azpikoan, Paula del Pozo alegiarrak 13. amaitu zuen, selekzioko kide guztiak gaindituz. Eta 16 urtez azpikoan, Alain eta Unax Odriozola anaiek hartu zuten parte. 24. eta 42. postuetan amaitu zuten, hurrenez hurren.

Urtarrilaren amaieran jokatuko den Lasarteko Krosari begira jarri dira, orain, atletak.

Parte-hartze zabala

Emaitzaz harago, klubean gustura daude Gipuzkoako Txapelketan izandako parte-hartzearekin. 92 atleta izan dira guztira egunotako lehian: 47 gizon eta 45 emakume. Hauek izan dira gainerako parte-hartzaileak:

60 metroko lasterketan Joseba Larrauri, Alejandro Herrero, John Cabang, Mikel Ezkerro, Angel Uranga, Mario Estanga, Mikel Leonet, Armando Roca, Maddi Lillo, Ainhoa Gibelalde, Jone Agirrezabala, Miren Goikoetxea, Janire Mujika, Arene Belaunzaran, Irene Ayerbe, Aitziber Etxabe, Nere Jauregi, Maier Ezeiza eta Maider Belver.

400 metroko lasterketan: Xabi Artieda, Jon Ander Aurkia, Iñigo Puerta, Juan Carlos Etxebeste, Izaro Perurena, Ane Etxeberria, Maddi Perurena, Laura Biurrun eta Janire Telleria.

600 metrokoan: Ainhoa Murua, Ane Atorrasagasti, Ibone Ezeizabarrena eta Igone Urtatza.

1.500 metrokoan: Iraitz Pikabea, Diego Gomez eta Xabier Urruzola.

Altuera jauzian: Miren Goikoetxea eta Nere Jauregi.

Luzera jauzian: Mireia de la Parra

200 metrokoan: Juan Carlos ETxebeste, Joseba Larrauri, Jon Ander Aurkia, Aimar Villanueva, Ane Etxeberria, Ainhoa Gibelalde, Maddi Perurena, Janire Telleria, Laura Biurrun eta Maddi Lillo.

Pisu jaurtiketan: Iker Esnaola, Andu Mtnz. de Rituerto.

Pertika jaurtiketan: Andu Mtnz. de Rituerto.

800 metrokoan: Unai Hernandez, Diego Gomez, Iraitz Pikabea eta Iñigo Ceberio.

60 metro hesiak: Mikel Ezkerro, John Cabang, Jone Agirrezabala eta Alejandro Herrero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!