Urtemuga biribilaren atarian iritsiko da aurtengoa, bederatzigarrena, urtarrilaren 20an. Oholtzan sei bertsolari eta gai jartzaile bat, eta besaulkietan gose eta egarria, ahozkotasunaz gozatzeko. Batzuk, txapelketa nagusia nahi adina dastatzeko aukerarik izan ez zutelako, edo nahiago dutelako lehiaz kanpoko bertsolaritza; beste asko, berriz, irailean hasi eta abendura bitarteko asteburu guztiak bertsoz bete izanagatik ere, ase ez zirelako.
Guztiek entzun ahal izango dute txapeldun handia, Maialen Lujanbio. Baita handia egin duen Aitor Mendiluze ere; eskualdeko azpitxapelduna. Amets Arzallus txapeldun ohia ere bai, txapela bai baina dirdirarik galdu ez duena. Beñat Iguaran amasarra ere oholtzan ariko da, behetik gorako lanaren eredu, txapelketa txukun baten ahots eta txapeldunaren agurreko gerokoen ordezkari. BECeko atarian geratu, eta TOLOSALDEKO ATARIA-ra bertaratuko da Agin Laburu ere. Eta, azkenik, txapelketa paper eta boligrafoaz jarraitu duena izango dute kanturako lagun: Andoni Egaña txapeldunetan txapeldunena.
Ia etxekoak
Txolarre irratiak 2010. urtean antolatu zuen, estreinakoz, urtarrileko bertso saioa. Eskualdeko irratiaren 10. urteurrena aitzakiatzat hartu, eta euskarazko informazio uhinei ufada bat ematea izan zuten helburu. Urte hartan Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus aritu ziren kantuan, eta Amaia Agirrek jarri zizkien gaiak.
Zazpien izen-abizenek eta jokatu berria zen Bertsolari Txapelketa Nagusiak leporaino bete zuten Leidor, eta beste hainbat eserleku betetzeko moduko ilara osatu zuten, kanpoan, sarrerarik gabe geratu ziren zenbait zalek.
Orduz geroztik, bertsozaleek ia etxeko sentitu dituzten hainbat bertsolari, urtero izan ez bada, ia urtero bertaratu izan direlako Tolosako saiora. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus izan dira ATARIA-ren bertso saioan gehien kantatu izan dutenak, baina, haiekin batera, Tolosaldeko euskarazko komunikabideen aldeko alea jarri izan dute Arkaitz Estiballesek, Aitor Mendiluzek, Jon Maiak, Aitor Sarriegik, Jexuxmari Irazuk, Igor Elortzak, Alaia Martinek, Sebastian Lizasok, Miren Amurizak, Anjel Mari Peñagarikanok, Unai Iturriagak, Unai Mendizabalek, Oihana Iguaranek, Sustrai Colinak eta Iker Zubeldiak.
Imana: betikoa desberdin eginaraztea
Saioaren sorreraz geroztik, Amaia Agirre bertsolari billabonatarra gai-jartzailearen paperean aritu izan da, urtarrileko bertso saioan. Betikoa desberdin eginarazteko dohaina Leidorreko bat-batekoak entzuteko indar erakarle bilakatu da eta, zalantzarik ez da: Agirreren begirada finak, originaltasunak eta oholtzako ezagutzak berezi egin dute hitzorduetako bakoitza.
Leidor aretoan kantatu izan zaie bertsolarien zapatei. Jolastu izan dute bertso-zazpi-jokoan, eta esleitu izan diote liburu bana, bertsolari bakoitzari, azalari bakarrik begiratuta. Leidor aretoan itzali izan dira, erabat, argi guztiak, eta itzaltze hori bera gaitzat baliatu, bakarkako lan baterako. Eta, noski, kantatu izan da, bertsolaritzaren ohiko moldeetan, baratzea belar-txarrek jan dioten nekazariez, sarrerarik gabe geratu den zaleaz, Gu ta Gutarrak telebista saioaz, emakumeen aldageletan egin izan dituzten zuloez, Tolosako gaztetxeaz, Donostiaren kultura hiriburutzaz, Aralarko pisten nahiz haurrei elizgizonek egindako sexu abusuez.
TOLOSALDEKO ATARIA eskualdeko eguneroko jariora nola, badirudi ATARIA-ren bertso saioa ere hala atxikitzen zaiola aktualitateari. Itxaron egin behar, beraz, Amaia Agirrek mamitutako gaiek eta bertsolarien jardunak zein aktualitate marrazten duten ikusteko.
Aurrena bukaera pentsatzeaz
Gaia entzun, mezuaren bideari heldu, eta bukaera pentsatzen du, lehenengo, bertsolariak, atzetik aurrerako lanari ekiteko; bertsoa osatzeko. Bada, TOLOSALDEKO ATARIA-ko lan taldeak ere antzeko ariketa egiten du, urtarrileko bertso saioa antolatzerakoan.
Bukaera pentsatzen dute lehenengo: bertso saioa zein egunetan egin nahiko luketen, eta zein bertsolari gonbidatu nahiko lituzketen. Bertsotan zalantzak nola, bertso saioaren antolakuntzan ere gorabeherak suertatzen dira, noski, eta agenda kontuekin dantza egin behar izaten da, ia urtero. Hortik, esaterako, aurtengo ordutegi aldaketa: 19:30ean hasiko da saioa. Behin eguna eta aretoa ondo lotutakoan, gai-jartzaileari data gordetzeko eskatu, eta bertsolari seikotea osatzea izaten da egitekoa.
Bertsoaren amaiera pentsatu eta aurreko bete-lana egin eta gero, kantari hasi ohi da bertsolaria, bere erantzuna plazarazeko. Bada, urtarrilaren 20ko saioaren antolakuntza bertso bat osatzeko prozesua balitz, saioako kartela litzateke kantaturiko bertsoa. Aurten omenaldi ukituaren inprimitu ditu, ATARIA-k, hitzordua iragartzeko afixak, izan ere, komunikabideko Ibai Luque diseinatzaileak Iñaki Epelde artista tolosarraren joera artistikoetara gerturatu nahi izan du, bere lana osatzeko. Horrela, sei bertsolarien eta gai-jartzailearen argazkiak ertzera daramatzaten koloretako sei trazu ikusi ahal izango dituzte, zaleek, bertso saioko kartelari begiratuta.
TOLOSALDEKO ATARIA-ko lan taldea joan den urria inguruan hasi zen urtarrileko saioa prestatzen eta, txapelketa urtea izateak ekarriko zuen oihartzun gehigarriaren jakitun, Gabonen aurretik sarrerak eskuragarri jarri zituzten, Atarikideentzat. Orduz geroztik, telefono hotsa ia etengabekoa izan da San Esteban auzoko bulegoan eta, sarrerarik gabe geratu nahi izan ez dutenekin batera hots egin dute, ATARIA-ren bertso saioko sarrera Gabon-opari bilakatu dutenek ere.
Ez baita lan erraza izan, eserleku berde eta grisetako batean eseri ahal izateko txartela eskuratzea. Gaur-gaurkoz, Tolosan, Zizurkilen, Villabonan, Ibarran eta Alegian geratuko dira, azken hondarrak.
Zaleei lanak errazteko asmoz, gainera, ATARIA-k lehen aldiz eskaini die, Atarikideei, erreserbatutako sarrerak aurrez jasotzeko aukera; urtarrilaren 20an, horrela, ilara arinxeagoa izango du Leidor atariak.
Zortzi urtean 6.400 eserleku baino gehiago bete ditu, euskarazko komunikazioaren aldeko bertso saioak, eta beste 800 pasatxo betetzera dator bederatzigarren saioa ere. Leidor txiki geratuko da, bai, baina izan dadila ATARIA-ren komunitatea gero eta handiagoa delako.