Artzabaltzako zubia konponduko du foru aldundiak

Ataria 2018ko urt. 10a, 15:27

Gipuzkoako Foru Aldundiak 628.378 euroko inbertsioa egingo du N-1eko zubia birgaitzeko; lanek 10 aste iraungo dute, eta ibilgailuen trafiko handia, astunena barne, jasaten duen azpiegitura hobetuko da.

Diputatuen Kontseiluak Tolosako N-1 errepideko Artzabaltzako zubia konpontzeko proiektua onartu du. Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldu duenez, azpiegitura horren segurtasuna hobetzea da helburua, izan ere, errepide horretan 35.920 ibilgailu ibiltzen dira egunero, batez beste, horien artean kamioiak.

Gune horretan trafikoa desbideratzeko zailtasunak daudenez, taula azpian konponketa eta errefortzu lanak egin ahal izateko, aldamio bat jarriko da. Hegalak eraisteko eta berreraikitzeaz gain, iraunkortasunari lotutako narriadurengatik beste lan batzuk gehiago egingo dira.

Obrak udan hasiko dira, aurreikuspenen arabera. Trafikoaren afekzioak saiheste aldera, obren exekuzio fasean irekita mantenduko dira bi erreiak, eta gaueko orduetan edo asteburuetan programatuko dira errei bat ixtea eskatzen duten lanak.

Artzabaltzako zubia 1944. urtean proiektatu zen N-I errepidearen euskarri gisa, Oria ibaia gainditzeko. 67,60 metroko luzera, 16 metroko argia duten 4 bao, eta harrizko pilareak eta hormigoi armatuzko habe taula bat ditu. Duen euste sistemaren erantzuna eraginkorra izango da talka baten aurrean, baina ibilgailu pisutsu asko igarotzen da bertatik egunero, eta egiturak zama horiek luzetarako flexioan jasateko gaitasun gutxi du.

Proiektuaren helburua da zubia birgaitzea. Horretarako, habe guztiak flexiorako sendotuko dira, karbono zuntzezko xafla bidez. Honek segunrtasuna eta erosotasuna hobetuko ditu. Era berean, proiektuak jasotzen du egungo euste-sistema aldatzea eta metalezko petrilak jartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!