Presoen eskubide urraketekin amaitzeko kaleak betetzeko dei egin du Sarek

Jon Miranda Labaien 2018ko urt. 10a, 11:10
Argazkia: Dani Blanco / Argia.eus

Sare herritarrak Bilbon larunbatean egun osorako antolatu dituen ekimenen artean manifestazio jendetsua izango da eta bertara joateko autobusak antolatu dira eskualdetik. Egoitz Luisa Sareko kidearekin elkarrizketa:

Larunbatean, urtarrilaren 13an, Bilboko La Casillatik 17:30ean abiatuko da manifestazioa: Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude. Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean. Sarek egin du Bilboko kaleak betetzeko deia, eta aurten gainera, manifestazio aldarrikatzailearen formatutik haratago, egun osoko planteamendua aurkeztu nahi izan dute: «Errealitate honen atzean dagoena, hau da, izatez gogorra den gai honi aurre egiteko batzen den indarra, elkartasuna, prestutasuna eta ilusioa erakutsi nahi ditugu».

Azken hilabeteetan Sareren lanketaren erdigunean kokatu da, aita, ama edo biak preso dituzten umeen egoera. Motxiladun umeek transmititzen duten «alaitasun, kolore eta argitasun hori elkarri kutsatuz, ume horiek bizi duten egoera gordina itzalean egotetik, behingoz, argitara atera nahi izan dugu». Ume horiengan pentsatutako ekitaldiak izango dira larunbatean Areatzan prestatutako karpan eta eguerdian amarekin kartzelan dauden haurrentzat, Izar, Xua eta Haitzentzat, argazki herrikoia aterako da.

Motxiladun umeek bizi duten egoera salatzeaz gainera, presoen urrunketarekin amaitu, larriki gaixo dauden presoen askatasuna eskatu eta euskal presoen eskubideak urratzen dituzten salbuespen legeak desagerrarazteko balioko du Bilboko ekimenak. Eskakizun horietan, «ez dugu atzera pausurik eman nahi», esan dute Saretik eta txalotu egin ditu Gasteiz eta Iruñeko parlamentuek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzarrek larriki gaixo diren presoen askatasuna eskatzeko onartu dituzten iniziatibak.

Espainiako estatuak konponbide prozesua martxan jartzeko «inongo borondaterik» erakutsi ez duen arren, instituzioetan bezala, eremu sindikalean eskubide urraketa horiekin amaitzeko eskaera eginez «gehiengo zabala» lortu dela uste du Sare herritarrak, baina oraindik ere urratzeko dagoen bide hori egiteko, «oraingo sufrimendu eta eskubide urraketekin amaitzeko, beharrezkoa da gizarte zibila aktibo izatea, motore».

Helburu hori «lorgarria» dela esan du Sarek eta «norberaren indar eta borondatearekin» lortuko dela. «Jendarte honek elkarrekin aurrera egin nahi duelako, horrenbeste sufrimendu eragiten duten ez ohiko neurriekin amaitzeko prest dagoelako, azken batean, konponbidearen eta bakearen bidean pausuak emateko prest dagoen gizartea garelako».

Horrela erakutsi zuen euskal jendarteak Parisen, abenduaren 9an. Sareren ustetan, «iparraldetik iritsi zaigu konponbidean zein bakean aurrera egiteko gizarte zibilak duen garrantziaren eredua». Bakearen artisauek armagabetzea gauzatzea lortu zuten apirilean, «bi estatuen borondate ezaren aurrean»; eta berriki, espetxe politikari konponbide bat emateko emaitza «positibo eta garrantzitsuak» lortu dituzte Frantziako arduradun politiko eta judizialekin bilduz.

AUTOBUSAK ESKUALDETIK

Tolosaldeko Sare «oso gustura» agertu zen iaz eskualdeko herritarrek eman zuten erantzunarekin. Bilbora, euskal presoen eskubideen defentsan Salatzen dut leloarekin antolatutako manifestaziora herritar asko gerturatu zen eta horietako asko autobusetan. Guztira, 16 atera ziren eskualdetik.

Aurten egun guztiko egitaraua antolatu denez, Tolosaldeko Saretik bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei. Horretarako autobusak antolatu dira eta eskualdeko herrietan ohiko lekuetan jarrita dauden zerrendetan eman ahal izango da izena. Bestetik, ohiko autobusez gain, 09.30ean abiatu eta 00.00etan bueltatuko den autobus bat antolatu da Tolosan. Izena eman nahi duenak Tolosako Amaiur tabernan topatuko du zerrenda.

Larunbatean Bilbon izango den manifestazioaren jarraipena egin ahal izango da sare sozialetan, horretarako #PrestGaude traola erabilita.

BILBOKO EGITARAUA

URTARRILAK 13, LARUNBATA

11:15. Konferentzia La Bolsan: Gizarte zibila subjektu aktibo. Pili Kaltzadak moderatuta, Joseba Azkarraga (Sare), David Fernandez (aktibista katalana), Anais Funosas (Bakearen Artisaua), Mario H. Calixto (Kolonbian giza eskubideen defendatzailea).

11:00. Txistulari, trikitilari eta K-Tum-K batukadarekin kale animazioa, Areatzatik Alde Zaharrera.

11:45. Kantu jira, Areatza inguruan.

12:30. Areatzako karpan Porrotxen eskutik, kantuak, irriak eta marrazkiak.

13:30. Bertso saioa.

15:00. Kontzertua: Kepa Junkera eta Sorginak, Areatzako karpan.

17:30. La Casillatik abiatuta manifestazioa.

19:45. Kontzertuak: Anita Parker eta Tximeleta, Areatzako karpan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!