Altuna III.a bikain, eta Peña eta Erasun ere bai

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 8a, 16:50
Argazkia: larioja.com

Binakako txapelketetan ari dira eskualdeko hiru pilotariak, puntuak batu eta batu

Txapela irabazi eta aparretan jarraitzen du Jokin Altuna amezketarrak. Azken jardunaldian ere garaipena eskuratu zuen Julen Marijarekin batera, Irribarria eta Merinori 22-19 irabazita. Horrela, sailkapeneko lehen postuan dago bikote gaztea, aldeko 25 puntu eskuratuta.

Partida gogorra jokatu zuten Irribarria-Merino bikotearen aurka, Tolosako Beotibarren. Ia 80 minutuko norgehiagoka osatu zuten lau pilotariek eta, guztira, 618 pilotakadarekin iritsi zen markagailua, 22ra.

Azpimarratzekoak izan ziren Jokin Altunaren erremateak, eta baita Julen Martijaren segurtasuna ere, ia pilotarik galdu gabe.

Honakoa izan zen markagailuaren dantza, norgehiagokan: 0-3/1-3/1-4/2-4/2-6/4-6/4-8/8-8/8-9/10-9/10-10/12-10/12-13/19-13/19-15/20-15/20-16/21-16/21-19 eta 22-19.

Zazpigarren jardunaldia jokatuta, binakako txapelketa iritsi da erdi aldera.

Peña eta Erasunek, hasiera ezin hobea

Egun eta leku berean ekin zioten, promozio mailako binakako txapelketari, Jon Ander Peñak eta Jon Erasunek.

Promozio mailako binakako txapelketako lehen partida jokatu zuten, Beotibarren, urtarrilaren 5ean, eta 22-15eko emaitzarekin lehen puntua eskuratu dute eskualdeko pilotariek, Bakaikoaren eta Etchegoienen aurka.

Peñak eta Erasunek ez zuten norgehiagoka nahi bezala hasi, baina hamabi tanto egin zituzten jarraian, markagailuan aurretik jartzeko. Gainera, Etchegoinek zaintiratua egin zuen, eta bere mailan aritzea egoki zion horrek.

Ordubeteko partida osatu zuten bi bikoteek, eta 490 pilotakada behar izan zituzten jokoa amaitzeko. Markagailuak honako bidea egin zuen: 0-3/1-3/1-4/4-4/4-5/5-5/8-5/8-8/10-8/10-9/14-9/14-10/15-10 eta 22-15.

Lehen partida jokatuta, Peña-Erasun bikotea hirugarren postua da, momentuz, zazpi punturekin. Hasierako fasean bikote guztiek bikote guztien aurka jokatu beharko dute ligaxka eta, hurrengo fasera pasatuko dira lehen lau bikoteak, finalerdietako ligaxkara. Finala apirilaren 1ean izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!