Anoetako Euskal Jaietatik, Peruko Tontor Garaienetara

Josu Artutxa 2018ko urt. 8a, 07:41

Esaera zahar batek dion moduan, gustuko tokian aldaparik ez. Hori da Andoni Arregi (Tolosa, 1996) edo Juanjo Oria (Anoeta, 1988) bezalako gazteei gertatzen zaiena. Asteburuz asteburu, izan Pirinioetara, edota Euskal Herriko bestelako gailurretara, eskalatzera, eskiatzera nahiz parranda baten bila joaten baitira.

2016ko udaran ekin zioten bide berri honi, eta oraindik garaiz bada ere, beraietako batzuk, Himalayan ikusten dute euren burua, hemendik urte batzuetara. «Orokorrean, lagun talde bat da. Ez da federazio bat, kuadrilla bat da. Bertako kide guztiok ditugu bi indargune nagusi, eta horietan oso indartsu edo topera behintzat aritzen gara: mendian eta parrandan», dio Arregik.

Askotan, ia lagun talde berdina elkartzen dira, edo behintzat, badute bloke bat mantentzen dutena. Horrez gain, ezagun asko ere elkartzen zaizkie noizbehinka. Beraiekin ibili nahi duen orok, lehen aipatutako bi afizio horiek barneratuta izan behar dituela argi utzi nahi dute, hau da, gustatu egin behar zaizkiola. Izan ere, asteburu askotan egin izan dituzten bidaia, irteera edota ibilaldiek, parranda izan dute helmuga. «Baina, pertsona horri, batez ere, mendia gustatu behar zaio, parrandarako sena, bakarrik etortzen delako, barrutik irteten delako», gaineratzen du Oriak.

Ideia honekin, 2016ko udaran hasi ziren. Lagun talde berri bat elkartu, eta asteburuz asteburu, Pirinioetara txangoak egiteari ekin zioten. Gero, bueltan, astean zehar inguruko herriren batean festak ospatzen bazituzten, bertan, parrandan biltzen ziren kuadrilla berdina. Horrela gogoratzen ditu Oriak hastapen horiek: «Orduan, jendeak horrela esaten zigun: 'Kontxo, zuek mendizaleak zarete, baina yonkiak ere bai e!' edo 'Osasuntsu zaudete, baina ez hainbeste'. Eta segidan, txorakeri hari jarraipena eman asmoz, taldeari izen bat eman eta zerbait serioagoa sortzea erabaki genuen, sare sozialetako kontuarekin eta guzti».

«Esan beharra dago, bidaietako kontuak parrandei esker etorri direla, eta bidaia ezberdinetan ere, parrandaren bat edo beste egin ahal izan dugula. Horixe izan da gure zikloa», dio Arregik. «Talde giro hori mantendu eta kuadrillan bizipoza transmititzea ere ezinbestekoa iruditzen zaigu, eta hori ere baloratzen da, helburu garrantzitsu bat delarik, guztiek ondo pasa eta goza dezaten». Mendian, gainera, gauza politak egitea gustatzen zaie, mendiaz gozatzeaz gain, bestelako erronkei aurre egiten saiatzen dira. «Noski, horrek, norbere buruarekiko gutxieneko konpromiso bat eskatzen du, baita alderdi fisikoari begiratuz gero, lanketa on bat ere», gehitzen du Oriak.

Hasiera batean, eskualdeko mendizale eta parrandazaleei mugatutako taldea bazen ere, Perura egindako bidaia hartan, Urretxuko eta Legazpiko bi lagun ezagutu zituzten, eta honezkero, taldean integratuta daude. Txantxetan bada ere, Arregik honakoa dio: «Federazioko kide izateko froga fisikoak igaro dituzte, izan ere, fisikoki ondo egotea oso garrantzitsua da, bai mendirako baita parrandarako ere». Beraz, eta oraindik goiz bada ere, badirudi taldetxo honen nondik norakoak Gipuzkoan zehar hedatu eta ezagutarazteko lehen pausoa eman dutela.

Parranda pozoitsu bat

Taldea sortu zuten udara hartan, Alpeetara joan eta Mont Blanc eta Cervino mendiak igotzea zuten xede. «Hara joan, bietan gailurrera igo, eta hona itzuli ginen, hazi-hazita, egin genuena sekulakoa iruditu zitzaigulako», dio Oriak. Hortik hiru astetara, Anoetan bertan, Euskal Jaiak ospatu ziren, urriko lehen asteburuan edo. Eta, bertan ere bildu ziren Alpeetako espediziora bidaia egin zutenak. Orduan atera zen Perura bidaia egiteko ideia. «Eta hurrengo urtean zer egingo dugu?» galdetzen genion elkarri; bakarren batek ere, 'Ez dago potrorik!' bezalakoak ere bota zituen tarteka».

Beste modu batera ezin zen izan. Bigarren bidaia indartsu hura egiteko ideia, parrandan atera zen. Horrela izaten da askotan. Festaren batean ondo pasatzen ari zarenean, mendirako motibazioa ere are handiagoa da. «Azkenean, parranda pozoitsu batean sortu zen ideia eta asko berotu ginen». Eta Arregik jarraitzen du: «Pentsa! Euskal Jaiak amaitu eta hiru egunera, jendea hegaldi ezberdinak ikusten eta bat edo beste erosten ere hasi zen».

Alpeetako bidaiarekin alderatuta, ezberdina izan zela diote. Hemendik, Alpamayo, Artesonraju eta Guascaran mendiak igotzeko asmoarekin joan ziren hara, baina azkenean, gailur bakarrera iristea lortu zuten, baldintza ezberdinengatik. «Askotan esaten baita, mendiak norbera bere lekuan jartzen duela». Hasiera nahiko eroa izan zen, ez zutelako guztiek elkarrekin bidaiatu, eta Ekuadorretik, Kubatik nahiz Peruko beste txoko batetik joan zen jendea Huaraz herrixkara. «Peruko herri indigena txiki bat da hura, Andeen magalean kokatuta aurkitzen dena», azaltzen du Arregik.

Artesonraju, Paramount Chanel telebista katearen logoan agertzen den mendia da, eta Guascaran, berriz, Peruko mendi altuena. 6.000 metro inguruko mendiak dira denak, eta hortaz, buruan zerabilten ideia, ez zen inolako txorakeria. «Hilabete eskas izan genuen hiru mendi horiek igotzeko, edo behintzat, denbora tarte horretan egitea zen gure asmoa, eta horrela antolatu genituen gauza guztiak». Lehenengo egunean, beste bailara batera joan ziren, aklimatatzeko asmotan, baina oso gaizki pasa zutela diote, altueragatik. «Perura joan aurretik, gainera, gutako batzuk, txerto batzuk hartu behar izan genituen, baina kalteak eragin zizkiguten. Azkenean, gutxiago edo gehiago, baina guztiak aklimatatu ginen bertan».

Ondoren, handik Alpamayora joatea erabaki zuten, hura eta Artesonraju segidan igotzeko asmotan. Bi egunen bueltan, Alpamayoko gailurrean ziren bederatzi euskaldunak, lehen aipatutako urretxuar eta legazpiar mendizaleak ere tartean. Oria ederki asko oroitzen da itzulerako ibilaldiaz: «Oso nekatuta jaitsi ginen bertatik, eta bigarren gailur hartara ez igotzea erabaki genuen; mendiak, exigentzia maila oso altua eskatzen baitio edonori». Alpamayoko gailurrari, metro gutxi batzuk falta zaizkio 6.000 metroko langa igarotzeko, 5.948 metrotaraino heltzen delako. Hortik atera kontuak.

«Guztira, mendira inguratu, hura igo eta herrixkara buelta, sei egunen inguruan burututako ibilaldia izan zen». Izan ere, gailurrera igo baino lehenago, glaziar baten gainean dagoen kanpamentu batean lo egiteko aukera izan zuten, 6.000 metroko altuera horretatik gertu, eta horrek, zentzu batean, erraztu egiten du gailurrerainoko bidaia. «Ondoren, bi egunetako kontua izan zen, goraino igo eta jaistea». Alderdi fisikoak baino gehiago, mentalak edo psikologikoak ere sekulako garrantzia dute horrelako espedizioetan. Eta gainera, lagun talde bat izanik, norberak bere burua nola dagoen ikusi behar du, baita zaindu ere, baina garrantzitsua da jakitea gainontzeko kideak ere nola dauden, eta ea aurrera jarraitzeko indarrik geratzen zaien ala ez.

Peru eta bere gorabeherak

Bertan zeudela ere, pentsatu zuten, guztia utzi eta Kubara joateko hegaldi bat hartzea, bertan hondartzan hobeto egongo zirelakoan edo. Baina, Huarazera itzuli eta bertan bi egun egin zituztenean, barrenak berriro mugitu eta mendira igotzeko gogoak handitu zitzaizkiela aitortzen dute. Orduan, Artesonrajura egin nahi zuten ibilaldia alde batera utzi behar izan zuten, kondizio klimatologikoengatik, eta Guascaran igotzeko saiakera egin nahi izan zuten. «Ondo joan zen, hasieran behintzat, eta bigarren kanpamendura igotzea lortu genuen. Baina, gailurrerako bideari ekin genionean, hau da, bi egunen bueltan igo eta jaitsi nahi genuenean, ez dakigu oso ondo zer gertatu zen, galdu egin ginen, eta igotako bide beretik itzuli behar izan genuen», dio Oriak.

Ia 6.700 metro inguruko altuerara igotzea lortu zuten, Peruko gailurrik garaienean egotea. Azkenean, gorputzari egin behar zioten kasu, buruari baino gehiago, bihotzari, eta hala egin zuten. «Ondoren, herrian bertan, tragoren bat edo beste hartuta, ederki geunden, zeren eta hor goian zaudenean, behean senti dezakezun erosotasun horrek asko tiratzen zaitu egoera horretara». Mendiak, azkenean, asko nekatzen zaitu, fisikoki eta mentalki. Mentalki agian gehiago. Oriak, hala ere, ez dauka oso argi hori: «Gehiago ez dakit, baina bai behintzat eragin handiagoa duela, eta seguru, norbait fisikoki nekatuta dagoen edo ez, oso erraz antzeman daitekeela, baina mentalki nekatuta dagoela jakitea, oso zaila izaten da».

Bestetik, aipatu behar da, denentzat lehen aldia zela Perura bidaia egiten zutela, eta noski, berria izan zen han bizitako guztia. Arregik ederki asko daki hori: «Limako aireportutik atera, eta lehen urratsa ematen duzunean, jada beste lurralde batean zaudela nabaritzen duzu. Trafikoan, esaterako, oso errespetu gutxi dago, beste hiri handi askotan gertatzen den bezala. Sekulako eromena da. Limatik Huarazerako jauzia ere oso handia da. Herri indigenagoa da, txikiagoa, gertukoagoa, eta beste xarma bat dauka. Huarazen dagoen giroa, gainera, bestelakoa da. Andeen magalean biltzen diren mundu guztiko mendizale ugarik, herri indigena batekin egiten dutelako topo, eta hori zoragarria da».

«Esperientzia, egia esateko, sekulakoa izan da», gaineratzen du Oriak, eta jarraitzen du: «Emaitza, uste genuena baino hobea». Hasierako helburua burutzea ez zuten lortu, baina denetik izan zuten. Beste kultura bat ezagutzea, zure gorputza muturreko baldintzetara egokitzen saiatzea, eta gainera, taldeko kideekin, lau astez eta egunero hogeita lau orduz egoteak, beraiengandik eta beraiekin batera gauza ezberdinak ikasteko aukera eman zien. Arregiren esanetan, «behin hara heldutakoan, gainera, buruari eragin eta gauza ezberdinak inprobisatzeko asti gehiago izaten duzu, eta horrelako egoera eta baldintzetan, hori asko eskertzen da, eta aldi berean, polita ere bada. 'Agian, hau ez dugu egingo, baina horren ordez, honako hau egin genezake', esaten genion elkarri».

Lehen aipatutako bi gipuzkoar haiekin ere, bestelako konfiantza bat izatea lortu zuten, eta hori ere bakarrik ekartzen du horrelako bidaia batek. Arregik esaterako, zorte handia izan zuela dio. «Legazpiko mutil harekin, bestelako gailurrik igo ezin genuela, eta inprobisaziorako garaia heldu zitzaigunean, Esfingeko paretara joan ginen, eta hura igotzea lortu genuen. Batere ezagutzen ez ginenetik hasi, eta bi aste batera egon ondoren, berarekin eskalatzen amaitu nuen, esperientzia eder bat bizi ahal izan nuelarik».

Yonkia ez da ezer txarra

Behin Peruko bidaia ahaztezin hura burututa, batzuk lanari, beste batzuk ikasketei eta beste batzuek beren eginkizun ezberdinei heldu behar izan zieten. Hala ere, oraindik bada bidaia hartako kide eta lagunak biltzen dituen zerbait: hitzaldiak. Herri askotan antolatu ohi dituzten kirol asteak edota mendiaren inguruko hitzaldi ezberdinez osatutako emanaldiak baliatzen dituzte, Perura egindako bidaiaren nondik norakoak kontatzeko, esperientzia berriak ezagutarazi eta plazaratzeko. Hitzaldi hauek, abentura munduan aritzen diren guztiei eta aritu nahi duten mendizale berriei zuzendutakoak dira, izan gaztetxoak, helduak, kuadrillak… «Oraingoz, Elgoibarren, Andoainen, Tolosan, Anoetan nahiz Villabonan eskaini ditugu hitzaldiak. Urte berri honetarako, berriz, baditugu hiru hitzaldi lotuta jada, eta horietako bat oso berezia izango da guretzat». Jakan eskainiko dute, bertako «mendiaren etxean», baina gazteleraz egin beharko dute, eta hori, bien ustetan, «Andeetako mendi bat igotzea baino erronka zailagoa izango da».

Arregik ederki asko daki, taldean kide asko direla, eta gainera, mendia geroz eta zabalagoa dela. Eskalada arrunta dago, izotz eskalada, eskiatzeko aukera ere izaten da eta mendira oinez igotzea ere posiblea da. «Eremu asko edo arlo asko aurki daitezke bertan, eta gu ere kuadrilla oso zabala gara, geroz eta zabalagoa. Batzuei gauza batzuk gustatuko zaizkie, beste batzuk gauza berriak probatu nahiko dituzte, oso abilak ez diren eremu horretan gehiago aritu nahiko dute gutxi batzuk…» Ez dago ezer zehatza pentsatuta edo hitz eginda oraingoz, baina seguru zerbait aterako dela datorren udararako.

«Berriro zazpiak elkartzea oso zaila izango da, ezinezkoa dela ez esateagatik», aitortzen du Oriak. «Hori, bizitzan behin gertatuko zaigun abentura da». Oraingoz behintzat, gauza ezberdinak egiten jarraituko dute, aurreko urtean bezala, Pirinioetara txangoak egingo dituzte, baita eskiatzera edota eskalatzera joan ere. Arregik argi dauka: «Ez dago hara joan beharrik, hemen ere astebururo sekulako abenturak bizi daitezkeelako. Gazteak gara, eta dirua ere justu antzean izaten dugu». Oriak, ordea, bestelako helmugez aritu nahi izan du, taldekide askok buruan darabilten erronka batez: Himalayara joatea. «Hori, ordea, beste liga bat da, bestelako parranda bateko beroaldiaren ostean etorritako ideia».

Jendeak askotan esan izan die, erotuta daudela. Bestetik, Yonki hitzak ere, beldurtu eta atzera bota dezake jende hori, edo beste askori, interesa piztu diezaioke. «Baina, bai, egia esan, badirudi etiketa moduko zerbait ezarri zaigula hitz horrekin. Baina, gero ez zaio horrenbesteko garrantzia eman behar, ez garelako desfasatuta ibiltzen; beti goaz aurrera, nahi dugun hori burutu nahian», aitortzen du Oriak, eta gomendio txiki bat ere badauka beraiengana joan nahi baina animatzen ez diren horientzako: «Egunero kotxea hartzean, arriskua handiagoa izaten da, mendian ibiltzen baino». Arregik, berriz, horrela dio: «Ez gara hasiko aholkuak ematen, gu ez garelako onenak; baina, behintzat, gurekin etorri nahi duenak, beldurrik ez izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!