Porno eredu nagusia iraultzeaz

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 6a, 19:49

Pornoaren hastapenetara jo dugu gaurko saioan. Gaur egunera arte pornoaren munduak egin duen bilakaeraz aritu gara. Halaber, eredu nagusiaren aurka azken urteetan indartzen ari den porno feministaz ere aritu gara, Jon Imanol Etxabe sexologoarekin.

Pornora gerturatuko gara aste honetan. Pornografia hitza, etimologikoki, porné eta -grafos-ek osatzen dute; hau da, prostituzioa eta deskribapena daude esanahiaren atzean.

Sexu harreman bat esplizituki erakusteaz ari garela esan genezake, baina dena ez da pornografia. Zein desberdintasun dago artelan baten eta pornoaren artean? Artelan batean ere irudi biluzi bat ikusi baitaiteke, esplizitua oso, baina hori ez da halabeharrez, pornografia. Zerk egiten du, beraz, desberdin? Helburuak. Pornografia ikuslea pizteko gogoz egiten baita.

Pornoa irudi batekin ikuslea kitzikatzea bada, Paleolitikoko venus hura ekarri behar dugu lerrootara. Emakume handi hori, ugalkorra zena oso... badago jendea esaten duena hori izan zela lehen irudi pornografikoa.

Historian zehar ikusi dira gehiago ere; greziar herri askotan prostituzio etxeak jarri ziren eta karta moduko bat ere bazuten. Hormetan irudi bat zuten, non sexu harremanak izateko postura jakin bat erakusten zen eta azpian prezioa zuen.

Zinemari dagokionez, AEBak da zinema pornografikoaren ekoizlerik handiena. San Fernando Valley edo Porn Valley egiten da, batik bat, zinema pornografikoa, Kalifornian. Eredu jakin bati lotutako porno industria da han egiten dena. Pornografia komertziala da eta beraz, irudi jakin bati lotua egoten da. Bai gizonezkoek eta baita emakumezkoek ere itxura zehatz bat dute; mutilak gihartsuak dira, zakil handia dute eta goitik behera daude depilatuta, eta neskak ere antzeko, argalak izan ohi dira, titi eta ipurdi handiak dituzte...

Itxura zehatz bat behar dute eta baita prestakuntza fisiko jakin bat ere, izan ere, saio luzeak izaten dira eta bideoak egiteaz gain, argazkiak atera behar izaten dituzte, planoak behin eta berriz grabatu... Diru asko mugitzen du porno industriak. Eta industria bat dela onartuta, merkatuak ohiko dituen mekanismo eta gakoak jarraitzen ditu. Saldu egin behar da, eta saltzeko modu jakin bateko pornoa egiten da.

Interneta da gaur egun, pornografia zineman jaun eta jabe. Pelikula horietako klipak jartzen dira pornoari lotutako webguneetan eta sexu fantasia ia guztiek dute lekua. Ia denetarik topatu daiteke webgune horietan, beti ere, aipatu dugun eredu horri lotuta badaude.

Esan dugu pornografiaren helburu nagusia zirrara sortzea dela, ikuslea kitzikatzea. Porno zinema sortu zenetik helburua ez da aldatu. Buenos Aires (Argentina) hirian kokatzen dute pornoaren sorrera, baina lehen keinua 1896koa da. Urte hartan ikusi ahal izan zen jendaurreko lehen biluztea pantailan, Le Coucher de la Mariée pelikulan, hain zuzen. Hura ere eredu jakin batetik zetorren eta biluztutakoa emakume bat zen. 1908koa da lehen pelikula pornoa, A L'Ecu d'Or ou la bonne auberge izenekoa.

Urte batzuetan zinema pornoa legez kanpo ere egon zen, baina ekoizpena ez zen eten, ezkutuan jarraitu zuen. 60ko hamarkadan hasi ziren legeztatzen hainbat tokitan, eta saltoa ere eman zuen; teknologikoki emandako aurrera pausoek ere izan zuten eragina pornoa kontsumitzeko orduan. 70eko hamarkadatik aurrera, nabarmen egin du gora pornoaren zinema merkatuak. Urte hauetan porno izarrak, aldaerak, euskarriak... asko aldatu dira.

Krisia ere iritsi zaio pornografiaren zinemagintzari, baina eutsi dio, hala ere. Kontsumitzeko moduak aldatu dira, eta horretara ere egokitu da merkatua. Gaur egun pelikula gutxiago egiten dira, eta Internetera begirako bideo motzagoak egitea da joera.

Gaur egun kontsumoa zuzenagoa da. Web orri jakin batzuetan eman ohi da izena, erosoagoa baita erabiltzearentzat; hilero kuota bat ordaindu eta justu gustuko duen porno mota hori eskuragarri jartzea da helburua.

Pornografia eta zine pornoa zer den aipatu dugu, eta orain ereduaz hitz egin beharrean gaude. Zer da ikusten duguna? Zein eredu du atzean porno zinemak? Gehiengo den eredu heterosexualean jartzen badugu arreta, eredu horretan gizonaren rola indartzen duela ikusiko dugu, sexu harreman 'bortitzak' mantenduz, eta emakumea 'mendean hartuz'. Horrek arazo asko ekarri ditzake, gizarte mailan eta gizabanako bezala.

Izan ere, pornografiak duen arazoetako bat da, gaztaroan hasten garela kontsumitzen, bataz besteko adina 10 urteetan dagoelarik. Lan horietan ikusten dena gehienetan oso antzekoa da porno heterosexualera mugatzen bagara ikusten duguna ia beti da gizon gihartsua, handia, zakil handiarekin... menderatzailearen papera jokatzen du eta neska menderatzen du. Neskaren irudia ere antzeko: argala, polita, ile luzearekin, bular eta ipurdi handiekin... 'femeninotzat' jotzen diren ezaugarriekin. Gizonezkoa menderatzailea bada, emakumezkoa otzana izango da, eta gizonezkoak 'bere egiteko' zain egongo dena beti.

Hori ez da ona egoera desitxuratzen baitu. Gazteek hori ikusten badute, ikasiko dute hori dela harreman erotiko bat izateko modu normalena edo ohikoena, eta errealitatea hortik oso urrun dago. Erlazio horiek, normalean, bortitzak dira, eta ez dira naturalak.

Gaur egun pornoa eguneroko kontua da gazteen artean eta kontsumitzen duten horretan ikusten dutena uste baino garrantzia handiagoa du.

Zorionez bada berritasunik pornoaren industrian, eta porno feminista deitutakoak bere lekua egin du eta zabaltzen doan fenomenoa da.

Nagusi den porno industria heteronormatiboa eta gizonen boterea indartzen duen merkatua gailentzera dator eta indarra hartuz doa. Izan ere, nagusi den ereduak bortxaketaren kultura ere sustatzen du, eta porno asko ikusten duen batek, errealitatea desitxuratzeko arriskua du. Hortik eta horren aurka, indartu da azken urte hauetan porno feminista delakoa. Zuzendari ezagunena Erika Lust suediarra da, emakume honek beste modu bateko pornoa eskaintzen du. Pornoa da, Erika Lusten filmetan erotika baitago, erotika garbia eta esplizitua, baina beste eredu bat bultzatzen du.

Erika Lusten sexu harreman esplizituak ikusi daitezke, baina erotika beste ikuspuntu batzuetatik ere lantzen du; asko jolasten du sexu harremana izango dutenek elkar ezagutzen duteneko momentuarekin, sedukzioaren jolasarekin... Ikusle gehienak emakumezkoak dira eta filmak errealagoak direla esango nuke nik. Beste erotika modu bat bilatzen du porno feministak eta ohiko pornoaren jomuga bera badu ere, beste jatorri bat du.

Ez nuke idatzia Porno Eskola aipatu gabe utzi nahi. Araban abiarazi zuten, duela gutxi, eta bertan behera utzi behar izan dute Elizaren inguruko hainbat guraso taldek egindako salaketak direla eta. Aipatu dugu gazteek pornoa kontsumitzen dutela, euren egunerokotasunaren parte dela, eta gazteei eta sexu hezkuntzari lotutako proiektu interesgarria da oso. Pornoa errealitate bat da eta sexu hezkuntza egoki baten bidez lortuko dugu sexuaz normaltasunez hitz egin eta sexua normaltasunez bizi ahal izatea. Pena da Porno Eskola horrela bukatu izana. Ideia zoragarria izan baita eta txalogarria oso.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!