Azken Muga, mundu hobea irudikatuz

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 4a, 12:58

'Mundu hobea posible da' lelopean Azken Mugako ekitaldi bat izango da igandean, hilak 7, Tolosan.

Guillermo Olmo eskultore eta Migel Zeberio musikariaren Azken Muga jaialdiak beste urrats bat emango du urte berriarekin batera. Ekimena 2016an sortu zuten Bedaio eta Azkarate arteko muga ardatz hartuta, eta kultura zein musika hainbat lanen bidez elkartzean datza.

Ekimenaren hurrengo urratsa igandean emango dute, Tolosako Trianguloan, 12:30etik aurrera, eta Zerkausian euria egiten badu. Ekitaldia laburra izango dela dio Migel Zeberiok, eta txotxongiloak, musika eta dantza uztartuko dituela. Hiru diziplinak batuz Mundu Hobea posible da leloa gorpuztu nahi dutela gaineratu du.

Aurretik dena den, Azken Mugako «ikono berria» jarri dute Trianguloan. Duela urtebete baino gehiago Gillermo Olmo eskultoreak aulki erraldoi bat jarri zuen Trianguloan, Azken Mugako ikur gisa, eta oraingoan meta erraldoi bat jarri du. Izan ere, 2016an eskualdeko zenbait herritan jarritako aulki erraldoiak zeresana eman zuen, eta gerora, kultur ekitaldi ugari egin zituzten, Aralar mendilerroaren bi aldeak lotu asmoz.

Igandeko ekitaldian Udaberri dantza taldeak, Muthiko dantza taldeak, Gillermo Olmo eskultoreak eta Iruñeko Pinpilinpausa tailerrak hartuko dute parte.

Berez, Azken Muga egitasmoaren kokalekua Zarate da, Tolosako Bedaio auzoaren eta Azkarateren arteko muga, eta Gillermo Olmok proiektuaren aurkezpenean azaldutakoaren arabera, «egitasmoaren asmoa da bi alde horiek elkartzea, aspaldi nahiko elkartuta baitzeuden. Gaur egun, baina, Gipuzkoako aldea eta Nafarroako aldea bizkar emanda bizi dira, ez dago ia harremanik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!