Ia 130.000 bisita gehiago izan ditu 'ataria.eus'-ek 2017. urtean

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 4a, 07:18

Urtebeteko epean milioi bat bisita baino gehiago jaso ditu TOLOSALDEKO ATARIA-ren webguneak; orain arte izandako daturik onenak erregistratu ditu

Hazten jarraitzen du ataria.eus-ek. TOLOSALDEKO ATARIA-ren webguneak goia jo du 2017an, urtebeteko epean milioi bat bisitatik gora jaso eta gero. Hain zuzen, 1.086.435 bisita erregistratu ditu, iaz baino ia 130.000 gehiago, eta 20.000 erabiltzaile baino gehiago izaten ditu hilabetean, batez beste. Sare sozialetan ere nabaria izan da gorakada: 5.000 jarraitzaileko langa pasa du Facebookeko orrialdeak.

Korrikaren, Inauterien, Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi lasterketaren eta herrietako festen aitzakian sortutako edukiak daude arrakastatsuenen artean. Urtetik urtera jende mordoa sartzen da ataria.eus-eko atal berezietara argazki, bideo edota elkarrizketak ikusi, entzun eta irakurtzera.

Produkzio propioko hainbat eduki ere esanguratsuak izan dira 2017an. Amets Arzallusek bere aitari Goiazko jaiotetxean egindako elkarrizketa da irakurrienetako bat. Baita Itzea Urkizuk Amelia Tiganusi egindakoa ere: bizirik irten zen pertsona salerosketatik eta prostituziotik, eta aktibista feminista da orain eskualdean bizi den errumaniarra.

Urtearen hasierako elkartasun uholdeak ere izan zuen eragina ataria.eus-en. Neguko arropaz betetako bi kamioi eta 25.000 euro bildu zituzten Bidaiarien Txokoak eta Zumaria Elkarteak boluntario ugariren laguntzari esker, eta Tolosatik Belgradora eraman zituzten. Bidaiaren kontakizuna bertatik bertara egin zuen Iñigo Terradillos TOLOSALDEKO ATARIA-ko berriemaileak. Bi astez egunero jarraitu ahal izan ziren bidaiaren nondik norakoak ataria.eus-en.

BOST IRAKURRIENAK

Hala ere, ezbehar eta gertakariekin lotutakoak dira joan den urtean zehar gehien bisitatu diren lehen hiru albisteak. Uztailaren hasieran Usabal Kiroldegian izandako kloro isuriaren albistea izan da irakurriena. 28 pertsona artatu behar izan zituzten larrialdi zerbitzuek, eta horietako 15ek erietxean amaitu zuten.

Egun gutxi batzuk beranduago, istripu izugarria izan zen Irura eta Villabona artean, kamioi batek autobus bat jo ostean. 18 pertsona zauritu ziren, eta kale materialak izan ziren Laskibar inguruan. Autobusak, gainera, su hartu zuen eta kea eskualdeko leku askotatik ikustera iritsi zen. Hain zuzen, gehien irakurri den bigarren albistea izan da hori.

Hirugarren lekuan Kalderero gaueko eraso sexistaren albistea legoke. 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuten emakume bat bortxatu zuelakoan, eta ondorengo elkarretaratzeek oihartzun handia izan zuten.

Izan da zabalkunde handia izan duen albiste positiborik ere. Jokin Altunak lau t'erdiko txapelketan lortutako garaipena, horietako bat. 2017an gehien bisitatu den laugarren edukia izan da finaleko egunaren laburpen bideoa. Euskararen Egunean Galtzaundi Euskara Taldeak eskualdeko 28 herrietan antolatutako egitasmo bateratuaren kronikak ixten du bost irakurrienen zerrenda. Herri bakoitzeko plazetan hizki bana irudikatu zuten urte horretarako hautatutako leloarekin: Tolosaldean euskarak 365 egun!.

Bada, Atarikide eta erakundeek emandako laguntzari esker, 2018ko 365 egunetan ere jarraituko du ataria.eus-ek Tolosaldeko gaurkotasunaren berri ematen, gertutasunez eta euskaraz. Jarrai beza aurten ere goranzko joerak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!