GAEL, bigarren Legorretako Gabonetako Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 2a, 17:30

Bigarren postuan amaitu dute GAELeko hiru taldeek Legorretan jokatu den Gabonetako Torneoan. Alebinetan, infantiletan eta kadeteetan aritu dira eta hirurak geratu dira bigarren postuan. Lauburu Ibarra hirugarren izan da infantil mailan.

Infantilei eta kadeteei gol bakarra falta izan zitzaien garaipena lortzeko. Alebinen taldea sortu berria da eta oso entrenamendu gutxi egin dituzten arren, lan ona egin dute.

KADETEAK

Kadete mailan porrotarekin hasi zuen txapelketa zuri-marroiek. 0-2 galdu zuten Rioja Team taldearen aurka, baina aukerak izan zituzten emaitza hobea lortzeko. Errioxarrek neurketa biribila egin zuten, eta merezitako garaipena lortu zuten.

Bigarren neurketan, berriz, GAELek hiru gol egin behar zituen txapelketa irabazteko. Salburuak nahikoa zuen berdinketarekin. Zuri-marroiek oso gertu izan zuten helburua, aukera mordoa izan baitzuen horretarako. Zabalak aurretik jarri zuen etxeko taldea, baina berdindu egin zuten arabarrek. Jurgi Leundak lortu zuen 2-1ekoa, baina berehala etorri zen berdinketa. Hortik aurrera jaun eta jabe izan zen talde zuri-marroia, eta Jokin Agirretxeren bi golek garaipena oso gertu jarri zuten, baina behar zen gola ez zen iritsi. Azkenean, 4-2.

Lopez, Azkarai, Hurtado, Iturriotz, Agirretxe, Zabala, Aramendi, Murua, Lopetedi, Leunda eta Iztueta aritu dira Gael taldean.

SAILKAPENA:

1- Rioja Team 3p (+1)
2- Gael 3p
3- Salburua 3p (-1)

INFANTILAK

Eskualdeko derbia izan zen lehenengo. Gaelek Lauburu Ibarraren aurka neurtu zituen indarrak. Pare-pareko partida izan zen. Etxekoak ongi hasi ziren, aukerak sortuz, baina ibartarrak 0-2 aurreratu ziren. Azken minutuetan zuri-marroiek gora egin zuten, eta partida berdintzea lortu zuten June Zugastiren eta Jon Aldalurren golei esker.

Aurrera Leitza izan zuten ondoren aurkari. Ibartarrek jokatu zuten lehenengo, eta leitzarrak jaun eta jabe izan ziren. Hasieratik hartu zuten aginte makila, eta moretxoak ezinean aritu ziren. Emaitza honekin, nafarrek berdinketa nahikoa zuten titulua eskuratu ahal izateko.

Eta halaxe egin zuten Gaelen aurka. Hau ere partida parekatua izan zen. Kanpokoak jarri ziren aurretik, eta June Zugastik berdindu zuen neurketa, baina markagailua ez zen gehiago mugitu.

Azkarai, Garcia, Olano, Esteban, Aldalur, Amundarain, Labaka, Zugasti, Murua eta Irati aritu ziren Gaelen.

SAILKAPENA:

1- Aurrera Leitza 4p (+4)
2- Gael 2p
3- Lauburu Ibarra p1 (-4)

ALEBINAK

Etxeko taldearen aurka jokatu zuen GAELek lehen neurketa. Hasiera parekatua izan arren, etxekoen golak eragina izan zuen, eta zuri-marroiei kosta egin zitzaien erreakzionatzea. Lukas Gurrutxagaren golak berriz partidan sartu zituen, baina legorretarrek beste bi gol egin eta erabakita utzi zuten neurketa. 1-4.

Bigarren posturako borrokan Aurrera Leitza izan zuen aurkari GAELek. Eskarmendik, Gurrutxagak eta Urtxipiak lortutako golei esker 3-1 irabazi zuten.

Gorostidi, Lizarribar, Arrillaga, Murua, Olano, Dorronsoro, Urtxipia, Luloaga, Sotil, Gurrutxaga eta Eskarmendi izan ziren Gaelen jokatu zutenak.

SAILKAPENA:

1- Legorreta 6p (+8)
2- Gael 3p (-1)
3- Aurrera Leitza (-7)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!