Jokin Altunak Tolosako Beotibarren jokatuko du ostiralean

Asier Imaz 2018ko urt. 2a, 13:06

Seigarren jardunaldiko partida galdu ondoren, Irribarria eta Merino II.a izango dira Altuna III eta Martijaren aurkaria.

Jokin Altunak atzo jokatu zuen Binakako Txapelketako zazpigarren jardunaldiko partida: sailkapen nagusiko lehenak azkenekoen aurka. Eta horrelakoetan sarri gertatzen den bezala, behar handiena zutenak suertatu ziren irabazle: 22-16 Bengoetxea VI.a eta Larunberentzat.

Altuna III.a eta Martija ondo hasi ziren, eta 10-15 jartzea ere lortu zuten. Baina hortik aurrera, Mikel Larunberen nagusitasunak partida eta markagailua irauli zuen.

378 pilotakadako partida izan zen, 55 minutuko iraupenarekin. Altuna III.ak sei tanto egin zituen, eta bost galdu. Bengoetxea VI.ak zortzi tanto egin zituen, eta sei galdu. Datu harrigarria Larunberena da, atzelariak zazpi tanto lortu baitzituen. Horrez gain, bi pilota besterik ez zituen galdu.

Txapelketako hurrengo partida Tolosan jokatuko du Jokin Altunak, Martija lagun, Irribarria eta Merino II.aren aurka. Lehia ostiralean izango da. Pilota aukeraketa, berriz, asteazkenean 16:30ean.

Binakako txapelketa

Sailkapena: Final-laurdenak, ligaxka

1. Altuna III-Martija 4-2 2. Elezkano II-Rezusta 4-2
3. Urrutikoetxea-Galarza 4-2
4. Olaizola II-Imaz 4-2
5. Victor-Albisu 2-4
6. Bengoetxea VI-Larunbe 2-4
7. Irribarria-Merino II 2-4
8. Ezkurdia-Zabaleta 2-4

7. jardunaldia

Urtarrilak 5, ostirala, Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:00etan
Irribarria-Merino II eta Altuna III-Martija

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!