Urtekaria 2017

Handia, ez txikia

Ataria 2017ko abenduaren 29a

Film batean bezala, pelikulako lehen planoaren aukeraketan murgilduta zegoen Ataria duela aste batzuk. Eskuartean duzuen 2017ko urtekaria irekiko zuen albistearen hautaketan, hain zuzen ere. Handia-k behar zuen. 

Urtea borobildu duen albistea, eskualdea pantaila handira eraman duena, Altzo herria berriro ere nazioartean ezagun egin duena, ezbairik gabe Handia efektuak lortu du. Ataria-k bere fokuak albistean jarri eta merezi zuen trataera eman dio aurten ere, 2015ean, gidoiaren idazketa prozesua hasi zenetik egin bezala.

Fotogramaz fotograma urtea aletu beharra ekartzen du urtekariaren prestaketak. Film luze baten trailerra prestatzeak bezalaxe. Trailerrean ezin pelikulako plano, sekuentzia, pertsonaia guztiak sartu. Eta lan hori hartu behar izan du Ataria-k orain, flashback-ean sartu eta 2017 urteak ekarritako esanguratsuena berriro ere, era berrituan paperera ekartzen.

Film honen sekuentzia bakoitzak gai bat hartu du, urtea laburbildu asmoz: euskara, Bertso Txapelketa Nagusia, kultura, feminismoa, Giltzarriaren herri galdeketa, lan gatazkak, Aralar, kirola... Ikus-entzule bakoitzarentzako tamainako albisteak.

Eseri besaulkian eta gogoratu 2017ak eman duena, gure pantaila handian, Ataria-renean.

Txikia ez, handia izaten jarraitzeko bokazioarekin. Datorren astean ekingo diogu 2018ko gidoiaren idazketa prozesuari.

Zuri esker, Atarikide.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!