Urtea lorpen handi batekin hasi zuten errepideen zaintzako langileek. Gipuzkoan lau dira errepideen mantentzeaz eta ustiapenaz arduratzen diren ABEEak (Aldi baterako enpresa elkarteak), eta horietatik hiruri eragin zien 315 egun iraun zituen grebak. Ordainpekoak ez diren errepideen %75-%80ren mantentze lanez arduratzen dira, gure eskualdea zeharkatzen duen N-1 errepidea barne. Goierrialdea 2014 ABEEak bere lan hitzarmena sinatu zuen urtarrilaren 17an eta ituna 2019ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Gainera, Espainiako lan erreformaren kontrako klausula txertatu eta horrek ahalbidetuko du, behin bukatuta, lan itunak aurrera eragin mugagabea izatea; Bestetik, «soldata igoera nabarmenak» adostu zituzten: %9 eta %11 bitartekoak, kategoerien eta beste xehetasun batzuen arabera.
Hain zuzen, errepide horretan gora eta behera ibiltzen diren autobusen zerbitzua aldatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen aurreproiektuak eztabaida piztu du. Lurraldebusen Buruntzaldeko zerbitzua berrantolatzeko asmoak, Tolosa eta Villabona bezalako udalerriei eragiten die. Zerbitzua ematen duten Garayar, Areizaga eta TSST enpresetako langileek, ELA, LAB eta UGT sindikatuen babesarekin, «murrizketen kontra» elkarretaratzea egin zuten azaroan. «Gizartearen interes orokorra interes ekonomikoaren gainetik jarri behar dela» uste dute autobusetako langileek eta aldundia kontrako norabidean ari delakoan daude. Zerbitzua hiru enpresaren artean ematen dutenez, ezinezkoa zaie zehaztea aldundiaren proposamenak zenbat langileei eragingo dien. Aurreikusten dute lanpostuen herenak arriskuan leudekeela. Gainera, salatu dute aurreproiektuak jasotzen dituen neurriek gidarien «lan erritmoak handitzea eta atsedenaldiak laburtzea» eragingo luketela, eta «lan istripuen arriskua izugarri handituko litzatekeela».
Egoera bertsuan daude Tolosaldea Bus enpresako 26 langileak ere. Besteak beste, jai egun askotan lan egin behar izaten dutela argudiatu dute eta protesta egiteko abendu hasieran egin zuten elkarretaratzea Tolosan San Frantzisko pasealekuko geltokian. Lan baldintzak eta egutegia kontuan hartuta soldata «baxua» dutela iritzita, igoera eskatu zuten. Zuzendaritzaren erantzunik jaso ezean, urtarrilaren 8, 9 eta 10ean greba egingo dute autobus gidariek. Tolosan eta eskualdeko herrietan ematen du zerbitzua enpresak.
Bigarren sektorea eusten
Lan hitzarmen duin baten aldeko protesta ugari izan da 2017an. Bide hori abiatu zuten Asteasuko Echesa lantegian 2016ko urte bukaeran, eta aurten, gaixo agiriarekin egon eta kontratu mugagabea zeukan langile bat kaleratu ondoren bost eguneko greba egin zuten beharginek. Protestek ez zuten emaitzarik eman. Siemens eta Gamesak iazko urte bukaeran egin zuten bat eta langileak «mesfidati» agertu izan dira fusioarekin. Azaroan iragarri zuen multinazionalak Euskal Herriko lantokietan 155 langile kaleratzeko asmoa zuela. Bulego nagusi eta biltegietan egin asmo zituen kaleratzeak eta Echesari, printzipioz, ez zion neurriak eragin. Handik egun gutxira, abendu hasieran iragarri zuen Siemens-Gamesak ez dituela kaleratze «traumatikoak» egingo. Asteasun mobilizazioak egin zituzten despidoak salatzeko eta presio horrek ekarri zuen emaitza LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuak esan zutenez. LABek, adierazi duenez «fusioarekin akziodunek 1.047 milioi euroko irabaziak jaso zituzten. Eta fusioaren egiteko erabakia hartu zuten zuzendaritzako kideek 82 milioi euro jaso dituzten azken hilabeteetan eragiketa honen ondorioz. Hau izan da fusioa benetako arrazoia: gutxi batzuk aberastea nahiz horren ondorioz lanpostu asko kolokan utzi». Kritika egin dio LABek Eusko Jaurlaritzari, «ehun industrialaren zutabe garrantzitsua izan beharko litzatekeen Gamesaren egoera, industria politika ezaren ondorioa da. Zergatik txalotu zuen Arantxa Tapiak fusioa, esanez helbide soziala Euskal Herrian gelditzen zela eta hori nahikoa berme zela?».
Bestalde, ekainaren 6an abiatu zuten greba mugagabea, Irurako Euskal Forging lantegiko 43 langileek. 2015aren amaieran iraungi zitzaien aurreko lan hitzarmena eta 2016ko urritik ari ziren berria negoziatzen. Langileen ordezkariek, ordea, ez zuten adostasunik lortu enpresa jabeekin, eta honenbestez, ekaina hasieran jo zuten grebara. Bi astez lanera joan gabe pasa ondoren, azkenean, adostasuna lortu zuten langileek enpresa buruekin. 2016, 2017 eta 2018rako, urteko 770 euro lineal eskatzen zituzten langileek eta hori islatuta gera zedila euren lansarietan. Enpresa buruek proposamen ezberdinak egin ondoren, urteko (2016, 2017 eta 2018) 650 euroko kontsolidatutako soldata igoerari baiezkoa eman zioten langileen gehiengoak asanbladan. Langile ordezkariek esan zutenez, «hobekuntza nabarmena» lortu zuten ezgaitasun egoeretarako: «Istripuagatik %100 kobratuko dute langileek eta gaixotasunagatik lana utzi behar dutenen kasuan soldataren %80a jasoko dute lehen hilabetean eta %90 bigarren hilabetetik aurrera».
Bi astez egin zituzten, baita ere, lanuzteak Lizartzako Insalus enpresan. Nagusiek jarrera aldatu eta hitzarmen duin bat sinatzea lortu zuten martxoa erdialdean. Hitzarmenarekin batera aurtengo soldatetan %4,4ko igoera adostu zuten eta gainerako urteetarako KPIa + %1eko igoera. Era berean, lan erreformen aurrean hitzarmena blindatzea lortu zuten eta baita baldintzak betetzen dituzten langileei txandakatze kontratua egiteko konpromisoa ere. Honekin guztiarekin batera, enpresak langileekin zuen zorra kentzea ere lortu zutela nabarmendu zuten Insaluseko langileek.
Berdina gertatu zen otsaila bukaeran Elduako Munksjö paper fabrikan. 2016ko urtarrilaz geroztik negoziaketetan egon eta lanuzteak egin ondoren, akordio batera iritsi ziren greba mugagabea hasteko atarian. Azkenean adostasunetara iritsi ziren eta beraz datorren urtera arteko lan hitzarmena dute mahai gainean, eta baita 2021a bitarteko non stopari dagokion akordioa.
Villabonako Arteca enpresako langileak ordubeteko lanuzteak egin zituzten apirilean hiru egunez. Enpresak obra kontratua zuten hiru langile kaleratu zituen hil horretan. Maiatza bitarteko obra kontratua zuten eta bukatzerakoan kaleratu zituzten. Langile ordezkariek orduan salatu zutenez, geroz eta aldi baterako langile gehiago hartzen dituzte enpresan eta horrek prekarietatera daramatza. 90eko hamarkada hasieratik Amasa-Villabonako Legarreta auzoan kokatuta dago kautxu eta metal arloan lan egiten duen enpresa. 60 urte bete dituela eta ekitaldia egin zuten lantegian maiatzaren 19an.
Bezperan, Apattaerreka industrialdeko Lizarra garbiketa industrialeko enpresako lehorgailu batean leherketa izan zen eta lau langile larri zauritu ziren. Handik egun gutxira ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea egin zuten industria gunean: «Horrelako lan istripuak prekarietatearen ondorio izaten dira». Sindikatuek lan segurtasuneko neurriak bete daitezela eskatu zuten eta nabarmendu zuten Lan Prebentziorako Legea %100ean ez dela betetzen.
Zaintza erdigunean
Enplegu duinaren sorreran atzerapausoak eman badira aurtengo urtean, are murrizketa handiagoak izan dira zerbitzu sozialetan. Pertsona helduak, mendekotasuna dutenak, gaixo, haur eta umeak artatzeaz arduratzen diren langileek geroz eta egoera kaxkarragoan aritu behar izaten dutela salatu dute.
Kabiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako departamentuari atxikitako organismoak, udal titularitatekoak diren adineko pertsonentzako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako hamasei egoitza –tartean, Tolosako Iurreamendi eta Villabonako Santiago–eta eguneko zentroen kudeaketa bere gain hartuko du, Eusko Legebiltzarrak 2008an onartutako Gizarte Zerbitzuei buruzko legea kontuan hartuta. Irailean, Iurreamendi egoitzako udal langileen izenean hitz egin zuten ordezkaritza duten ELA, LAB eta Satse sindikatuetako kideek. Kabia erakundera eskualdatzeak langile finkoen nahiz behin-behinekoen kontratuetan zein eragin izango duen jakin nahi dute eta 2013an onartutako lanpostu antolaketa eta balorazioarekin zer gertatuko den.
Haserre daude, baita ere, Asuncion klinikako langileak eta euren lan baldintza «prekarioak» salatzeko elkarretaratzeak, lanuzteak, egun osoko grebak eta kotxe karabanak egin dituzte abenduan. Langileen batzordeak bi eguneko greba egiteko asmoa duela azaldu du, urtarrilaren 8an eta 9an. ELA eta LAB sindikatuek «aldebakartasunez jokatzea» egotzi zioten zuzendaritzari azaroan eta, salatu, azken zazpi urteotan galera ekonomiko handiak izan eta soldatak izoztuta eduki dituztela. Langile batzordeak salatu zuenez, urtean 1.670 orduko lan-jarduna dute: «Oso urrun gaude asteko 35 orduetatik eta, 2010. urteaz geroztik, ez dute murriztu Asuncion klinikako langileon lan-jarduna». Horrekin batera, «pertsonal falta, kontratazioetako irregulartasuna eta lan-kargaren handitzea egunerokotasunean» bizi dituztela nabarmendu zuten, gaineratuz, «prekarietate sistematikoan» bizi direla. Klinikan aritzen ziren lau traumatologok lana utzi dutela eta ez dituztela ordezkatu salatu zuten langileek. Bestalde, fokua jarri zieten Jesus Gomez Montoya Invizako buruari eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari: «Egoera honen ardura beren gain hartzeko eskatu nahi diegu. Asuncion klinika kontzertatua da, eta 65.000 pertsonaren osasuna klinikaren esku dago. Horregatik, Montoya arduraduna da, eta Darpon konplizea».
Kalitatezko hezkuntza publiko baten aldeko aldarria presente egon da 2017an Tolosaldean. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek Eskubide Sozialen Kartan bildutako oinarriak aintzat hartzeko eskatu diete Iruñea eta Gasteizko gobernuei. Kartak dio pertsona guztiek «hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa» eskuratzeko eskubidea dutela. Hori bermatzeko, ordea, lan baldintza duinak behar dituzte hezkuntza publikoaren ari direnek eta horregatik unibertsitatez kanpoko hezkuntzan greba egunak izan dira, martxoaren 22a, maiatzaren 16a eta abenduaren 12a.
Irakasleek, hezkuntza bereziko hezitzaileek, sukaldeko langileek, garbitzaileek eta Haurreskolak partzuergoan dabiltzanek modu masiboan erantzun diete Tolosaldean greba deialdiei, honako oinarrizko eskaera hauek egiteko: Hezkuntzan egiten den inbertsioa handitzea, gutxienez Europar Batasuneko bataz bestekora, %6ra, iritsiz; lantaldeak handitzea, 2.000 langiletan, eta behin-behinekotasuna murriztea %40tik %6ra, horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz; ordezkapenak lehen egunetik egitea, bajak bere osotasunean ordaintzea eta erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea, horrekin batera, hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratuz; eta LOMCE Euskal Herriko ikastetxeetatik ateratzea, «eta honen moldaketa hutsa den» Heziberri bertan behera uztea ere gehitu diete aldarrikapenei.
Irailean egin zuten azken mahai sektoriala gobernuak eta langileen ordezkariek, eta Hezkuntza sailak egindako proposamen nagusiak ez zituzten sindikatuek askitzat jo. Mobilizazio egutegia abiatu zuten berriro eta abenduko grebaren ostean, asteotan berriz bildu da mahai sektoriala. Eskaintza hauek egin ditu sailak: ordezkapenak azkartzea, eskola orduak jaistea eta errefortzuak jartzea. Hala ere, sindikatuek ohartarazi dute eskaintza ez dela aski, beste hutsune batzuk ere bideratu behar direla, eta oraingoz, behin-behinekotasunean jarri dute arreta. Negoziazioek jarraituko dute datozen asteetan, baina bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleen lan eskaintza egingo du 2018an. Jakinarazi du otsailean egingo duela deialdia, eta denera, 1.511 lanpostu eskainiko dituela.