Urtekaria 2017

[URTEKARIA] "Hau da gure borroka eta gure jolasa"

Ataria 2017ko abe. 31a, 09:00

Oihana Iguaranek horrela esan zuen Iruñeko finalaurrekoan, azken agurrean. Lan ona egin du amasarrak Bertsolari Txapelketa Nagusian, eta baita, lehenago txapelketatik kanporatutako Mikel Artolak eta Beñat Iguaranek. Eskualdeko azken ordezkariak, Aitor Mendiluzek, ia bururaino ekarri du txapela.

Aurten ospatu den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia jende askok egin du posible. Besteak beste, 18 gai jartzailez eta 20 epailez osatutako taldeak aritu dira lanean eta borondatez aritu diren bertsozaleek hauspotu dute 14 saiotan 43 bertsolarik egin duten lana. Horietako lau eskualdekoak izan dira: Mikel Artola alegiarra, Beñat Iguaran eta Oihana Iguaran amasarrak eta Aitor Mendiluze irurarra. Lauek printza ederrak utzi dituzte.

Lehen fasean, lehen saioan, Baigorrin, txapelketako lehen bertsoa bota zuen Mikel Artolak. Bosgarren tokian sailkatu, eta tamalez, ez zuen finalaurrekoetara salto egitea lortu. Ale ederrak utzi zituen, hala ere, saio horretan. Alaia Martinekin batera, hamarreko txikian irrati zuzendariren paperean, euskal musika jartzeko eskaerarik jasotzen ez duen esatariarekin elkarrizketan: «Nahiz ez eskatzea izan / leiken gure kalte / ez eskatuta ere / jarri genezake».

Final-laurdenetan sartu eta finalaurrekoetara sailkatzeko aukera izan du aurtengo txapelketan Beñat Iguaranek. Seguran saio biribila egin zuen. Prentsaurrekoa ematen ari zela, azken galdera erantzun gabe alde egin zuen Mikel Goñiren ahotik kantatu zuen kartzelan: «‘Mikel kartzela joango al haiz?’ / juxtu juxtuan ulertu / nik ez det horren erantzunik eta / epaileari galdetu». Finalaurrekoen lehen fasean Maulen kantatzea egokitu zitzaion azaroaren 4an eta Amasakoak ez zuen nahi adina gozatu. Hor bukatu zen bere ibilia.

Aurtengo txapelketan hiru saio egin ditu Oihana Iguaranek. Leitzako final-laurdena irabazi zuen eta ederki asmatu zuen publikoarekin bat egiten. Adibidez, zortziko txikian, Iñaki Apalategirekin. Internetera konektatzeko modurik izan ezean, elkarrekin oporretara joateko asmorik ez zuela esanez: «Retransmititu nahi det / Instagramez dena / besteen inbidia da / oporren onena». Arrazoi askorengatik utzi du Iguaranek arrastoa txapelketan, besteak beste, Leitzan bertan, hasierako agurrean plazaratutako doinu berriagatik. Ismael Serrano kantautore madrildarraren Papa cuéntame otra vez kantua moldatuta eman zuen. Harrezkero, bakarkako lanetan erabili izan du Gaur udaberri bat dabil doinua.

Durangon eta Iruñean kantatu zuen Amasako bertsolariak finalaurrekoetan eta BECen atari-atarian geratu zen; gustura egindako lanarekin. Hain zuzen, bi finalaurrekoetan eskualdeko beste bertsolariarekin, Aitor Mendiluzerekin kantatzea egokitu zitzaion. Durangon, esate baterako, saio ederra osatu zuten seiko motzean ikusmen urritasuna zuen Iguarani, tandem proba batean lehiatzeko porprosamena luzatu zion Mendiluzek: «nik gidatu, zuk jarraitu / nik eragin, zuk amaitu / tandemak behingoz / zu eta biok berdinduko gaitu». Azkenenekoan ederki borobildu zuen Iguaranek: «Behingoagatik sentituaz / zer sentitzen dun batak / dauzkazu neke galantak / eta nik indartsu plantak / zu izan zaitez nere begiak / ta ni zure hankak».

Ia hamarreko saioa osatu zuen Mendiluzek Durangon. Bete-betean asmatu zuen ofiziotan eta goia jo zuen puntu erantzunetan, bigarrengoan adibidez, Lehia ez ote dugu / sustatzen gehiegi puntuari erantzunez: «Txapelketan galdetzen / al didazu neri? / Ez joan besteengana / geure hontan segi / lehia eraikitzeko / bide izan bedi». Durangon puntu mordoa batuta jo zuen Iruñeko finalaurrekora irurarrak eta saio dotorea osatu zuen han ere. Kartzelan Imanol Kamiok sortutako doinua baliatu zuen –Durangon lehen aldiz plazaratua–, bullyinga jasaten duen gazte baten ahotik kantatzeko. Hona bigarrengoa: «Hamalau urte ta ezin dira / euren barruan kabitu / edozer eta edozeinekin / libre dela iruditu / ta beste inork ikusiz gero / begiak itxi ohi ditu / nire bizitzan ez nintzan inoiz / horren bakarrik sentitu».

Barakaldon, abenduaren 17an ospatutako finalean kantatu zuen eskualdeko ordezkari bakarra izan zen Mendiluze eta bai goizez, eta baita arratsaldez saio dotoreak eskaini ondoren, buruz burukora sailkatzea lortu zuen Maialen Lujanbiorekin batera. Gogoan geratuko dira zortziko txikian, lagun imajinarioaren gaian, elkarrekin egin zuten saioa. Azkenean, txapeldunorde geratu zen Irurako bertsolaria.

Final handia BECen

Orain arte aipatutakoak, eskualdeko bertsolariek txapelketan utzi dituzten aleetako batzuk baino ez dira. «Egin ezazue zuena, eta gozatu dezagun denona». Bertsolariei agindu hori eman zien Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakariak, irailean, txapelketa aurkezteko ekitaldian. Agindutakoa ederki bete dute.

Bere ikusgarritasunean, Bertsolari Txapelketa Nagusia ez baita ekimen isolatu bat, egunez egun, Euskal Herriko herrialde guztietan bertsolaritza bultzatzen ari diren hainbat eragileren lanaren emaitza baizik. Bertsolari aldizkarian Oihana Iguaranek esan berri du: «Binaka eta zortzinaka ere hazi daiteke bat, elkarren ideiak eta hitzak altxagarri moduan erabiliz. Hori saioan bertan. Ze hortik kanpo eremu interesgarrienetako bat dago, lagun taldeekin egiten dena, sareena, konspirazioena, bertso eskolena, susmagarriena». Hazkuntza horren erakusleihoa da txapelketa eta Argia aldizkarian Kattalin Minerrek esan duen bezala, gauza asko erabakitzen eta kontsentsuatzen dira bertan: «Zein mundu ikuskera eskertzen den. Zeri egin diezaiokegun barre eta zeri ez. Zer den fikzioa eta zer norbere galbahetik kantatzea. Nork ordezkatzen gaituen kulturalki. Zein diren egungo gai sozialak. Zer den politikoa eta zer ez. Zein anitzak (ote) garen. Zer ekarri erdigunera eta zer utzi atzean». Eta bertsolarietako askok zein errealitateri ahotsa eman dioten ikusita, euskal komunitateak onetsi ditu bazterreko mundu horietako asko. Sustrai Colinak, hirugarren sailkatuak, borobildu zuen finaleko bere azkeneko agurrean: «Euskal Herria gelditu / ez dadin euskal erdian / bila ditzagun arnas ta / ardatzak periferian».

Bistakoa da gure hizkuntza gutxituan, txapelketak, eta bereziki, BECeko finalak baduela liturgia kutsu bat; autoafirmaziorako eta batzuetan, akaso, autokonplazentziarako abagunea da. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak, ordea, erakutsi du gauza bat txapeldunaren ahotan laburbildu daitekeena: «Bakea ez da inoiz helduko / bakea joatea da». Berdin bertsogintzarekin. Plazaz plaza segiko dute bertsolariek kristalezko sabaiak puskatzen eta 2021eko txapelketako finala bestelako izango da. Hobea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!