Urtekaria 2017

[URTEKARIA] Aralar nola kudeatu eztabaidagai

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 2a, 20:00

Aralarren ibilgailuentzat pista berriak egiteak ika-mika sortu du. Batetik, abeltzainek mendian dituzten txabolek sarbide «duinak» izatea eskatzen dute. Azpiegitura horiek naturan «inpaktu latzak» sortuko dituztela diote kontra daudenek.

Aralarren kudeaketaren aferak hainbat urte ditu, baina azken hamalau hilabeteetan indarra hartu du, abeltzainen txaboletara iristeko pistak egitearen komenientziaren inguruan. Kronologia moduko bat eginez, 2016ra egin behar da jauzi. Urte horretako urriaren bukaeran ekin zioten Intzensaotik Goroskintxura 1,5 kilometro luze duen pista berria egiteari. 2003tik onartutako pista bat izan arren, 2016ko urtarrilaren 30ean eman zion Enirio-Aralar Mankomunitateak oniritzia proiektu horri, aho batez.

Pista egiten hasi baino lehen, urriaren 19an mankomunitateak egindako batzarrean aho-batekotasuna hautsi zen. Pista berri gehiago egitea onartu zen, eta horren alde mankomunitateko bederatzi udalerrik bozkatu zuten: Ordizia, Beasain, Lazkao, Ataun, Altzaga, Arama, Gaintza, Amezketa eta Abaltzisketa. Beste bost kontra azaldu ziren: Zaldibia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta eta Baliarrain.

Mankomunitatearen onespenak guztira 15 kilometro arteko pistak eraikitzeko bidea ireki zuen. Inguru horretan 125 artzain eta abeltzain aritzen dira lanean maiatza eta azaroa bitartean, eta pistak eraikitzeko erabakiak haien aspaldiko eskariari erantzuten diola zehaztu zuen mankomunitateak. Aurtengo denboraldian ia 19.000 abelburu larreratu dira Eniro-Aralarren. Ardi kopurua zerbait jaisten ari da urtetik urtera, eta aurten 17.000 inguru izan dira. Behor eta behi kopuruak igo egin dira zerbait; aurtengorako 900 behi pasa eta ia 800 behor larreratu dira.

Intzensaotik Goroskintxurako mendi bidea egiteko lanak hasi berritan, makinetan sabotaje bat izan zela salatu zuten. Horren aurrean, Enirio-Aralar Mankomunitateak nabarmendu zuen pista hori egiteko erabakia mankomunitateak berak «aho batez» hartu zuela, eta erasoa «gogor» salatu zuen, elkarteko ordezkari guztiek onartutako idazkian.

Ondoren, abenduan, pisten aferak epaitegietara salto egin zuen, Eguzki talde ekologistak eta Landarlan ingurumen elkarteak jarritako salaketaren izapidetzea onartu baitzuen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Ingurumen Fiskaltzak.

Iazko abendua mugitua izan zen, besteak beste, gaia Batzar Nagusietara iritsi zelako. EHNE eta ENBA sindikatuek sustatutako «Aralarko artzain eta abeltzainen duintasunaren aldeko ebazpen proposamena» onartu zen. EAJk, PSE-EEk eta PPk alde bozkatu zuten, EH Bilduk abstentziora jo zuen eta Ahal Dugu aurka azaldu zen. Ebazpenean, «Aralar bezalako natur guneak babestu eta kudeatzen dituzten abeltzain denei, egiten duten onura publikoa» aitortzen zitzaien. Bestalde, Batzar Nagusiek, «artzainen eta abeltzainen lan eta bizi baldintzak hobetu asmoz», Enirio-Aralar Mankomunitateak onartu eta gauzatutako azpiegitura lanei babesa ematen zien, eta etorkizunean ere «bide beretik jarraitzea» eskatu zuten.

Urtea bukatu aurretik egin zuen mankomunitateak batzar garrantzitsu bat. Bertan bi gai nagusi onartu zituzten. Batetik, 2015-2019 legealdiko kudeaketa plana, eta, bestetik, 2017. urtean Eniriotik Igaratza arteko oinezkoen bidea ibilgailuentzat egokitzea. Mankomunitatetik igorritako oharrean bere mendiko «beharrak identifikatu eta lehentasunak jarri» zituztela zehazten zen: «Lehentasun horien artean daude irisgarritasunarekin lotutako azpiegitura sarea egokitzea, larre garbiketa lanak egitea eta txabolak egokitzea».

Mankomunitateko beharren zerrendari eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek aurretik onartutako ebazpenari erantzunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Legealdiko Kudeaketa Plan bat landu zuela azaldu zuen mankomunitateak, eta bere egin zuela osoko bilkurak. «Lau urteko plan hau bi milioi eurorekin hornitua izango da eta mankomunitateak identifikatu dituen inbertsio beharrei aurre egiteko zuzendua dago», zehaztu zuen.

Bi gaien onarpena bozkatzerakoan, mankomunitateko 15 udalerrietatik hamarrek eman zuten baiezkoa: Ordizia, Altzaga, Beasain, Gaintza, Lazkao, Ataun, Amezketa, Orendain, Arama eta Abaltzisketa. Baliarraingo ordezkaria abstenitu egin zen, eta lau udalerrik, bilera lekura joan baziren ere, ez zuten bileran parte hartu: Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta eta Zaldibia.




Aranzadi Batzar Nagusietan

Hurrengo mugarria aurtengo urtarrilean izan zen. Aranzadi zientzia elkarteko kideak Batzar Nagusietako Ingurumen batzordean izan ziren, Aralarren pistak egiteari buruzko iritzia ematera. Bertan izan zen Aranzadiko idazkari nagusia den Juantxo Agirre-Mauleon tolosarra, eta orain hamasei urteko iritzi bera dutela azaldu zuen: «Autoentzako bide sare hori Aralarko bihotzean inpaktu latza da naturarentzat. Ezin dugu utzi gure parke naturala egoera horietan hurrengo belaunaldientzat. Arduratsu jokatu behar dugu une honetan, berriz ere».

Aranzadi elkartearen esanetan, pisten lehenengo inpaktua «paisajistikoa» da: «Milioika urteetan mendi malkar horiek ukitu gabeak izan dira. Eta orain, gure makinekin eta gure teknologiarekin puskatzen ditugu formazio karstiko guztiak». Bigarren kalte «handi» bat ibilgailuak parkearen erdian sartzea dela azaldu zuten, «bere gasolioarekin, bere kutsadura guztiarekin. Ez dugu ahaztu behar Aralar kare haitza dela, zulatuta dago, eta lur azpian dagoen errealitatea lur azalean dagoena baino gehiago da. Eta hamarkada batzuk eman ditugu ikertzen hori guztia. Geologiaren arriskuen mapan aurreikusten da zonalde gorrietan ez direla ibilgailuentzat pistak egin behar». Hirugarren inpaktua bertako espeziengan eragingo zuela zioten Aranzaditik: «Trafikoarekin hori guztia aztoratu egiten da eta beste ingurumen egoera batera iristen gara. Higadura ere bai, ibilgailuekin eta egiten diren lan guztiekin areagotu egiten da». Agirre-Mauleonek zioenez, «azken batean, azpiegitura honen atzetik dagoen helburua da erabat ekonomikoa, eta eredu bakarra, jasangarria ez dena eta oreka mantentzen ez dena».

Artzainen eta abeltzainen lan baldintzak eta parkearen babesa nola uztartu daitekeen galdetuta, Agirre-Mauleonek erantzun zuen «ez dela erraza. Hondeamakinarekin eta hormigoiarekin ez da bidea. Egin behar dena da sakondu daukagun informazioa. Ikerketa gehiago egin: giza kolektibo hori aztertu, zer gertatzen den hango naturarekin... Parke naturala da ez gizakiongatik, natura eta espezieak daudelako. Hori ere aztertu behar da, gaurkotu egin behar da hori, inbentarioak egin behar dira, eta batez ere abiadura ez dugu hartu behar».

Aranzadik  Batzar Nagusietan bere aurkezpena egin eta gero, erreakzioak eragin zituen. EHNE eta ENBA nekazaritza sindikatuen ustez, Aranzadiren aurkezpenean «datu okerrak, gezurrak eta oinarri zientifikorik gabeko iritziak, uste subjektiboak eta argumenturik gabeko balorazioak» plazaratu ziren.

Bere aldetik, EAJk esan zuen Aranzadik azaldutakoa «alde batekoa eta iritzietan oinarritutakoa» zela. «Aranzadik emandako iritzi hauek gizarte kohesioa eta ingurunearen kudeaketa integrala eragozten dute». EH Bildutik bat egin zuten «Aranzadik egin duen eskariarekin: aldundiak aurrera eraman nahi duen proiektua alde batera utzi eta hausnarketa sakona bideratzea, betiere erakunde publiko guztien parte hartzearekin eta gizarte eragileekin elkarlanean». Ahal Duguk berretsi zuen «beharrezkoa» dela «parke naturalaren garapenean eta babesean inplikatuta dauden sektore guztien iritzia jasotzea, garapen jasangarri eta orekatua izateko», eta horretarako batzorde bat osatzea eskatu zuen.

Naturkonek, Gipuzkoako talde ekologista eta naturazaleen kolektiboak, Bioaniztasun Mahaia martxan jartzea eskatu zuen. Landarlan Ingurumen Elkartea eta Aralar Bizirik plataformak «pista proiektu guztiak» gelditzea eskatu zuten, «Aralar Natur Parkeko araudi guztiak betez eta Aranzadiren irizpide zientifikoetan oinarrituz».



Aldundiak  kudeaketa plana diruz laguntzea erabakitzea

Urtarrilaren bukaeran aldundiak erabaki zuen bi milioi euro bideratzea Enirio-Aralarko 2015-2019 Kudeaketa Planera. Kopuru horretatik zati bat pista berriak egiteko da. Kudeaketa Planaren barruan aurreikusi du Goroskintxu eta Saltarri arteko pista berria Saltarriraino luzatzea, Enirio eta Doniturrieta arteko oinezkoentzako bidea zabaltzea, Ariñate eta Igaratza arteko V-a osatzea eta Pagabe, Pardeluts, Latosa eta Zotaletara arteko «besoak ateratzea». Lan horiez gain, kudeaketa planean aurreikusi zuten garbiketa lanak egitea, Ariñateko ur biltegia egitea, txabolak eta iturriak konpontzea, aska berriak egitea eta Enirioko langan paso kanadiar bat egitea.

Era­baki horren berri ematean, Imanol Lasa foru aldundiko bozeramaileak esan zuen Aralar natur parke bat zela artzainek eta abeltzainek egindako lanari esker, eta gaineratu zuen bermatu egin behar zaiela etorkizun «duin» bat izateko aukera.

Otsailaren hasieran, mankomunitateko lurretan dagoen Oiduegi mendizale txabola erreta azaldu zen. Mankomunitateak ez ohiko batzar batean adierazpen bat onartu zuten aho batez: sutea nahita eragindakoa izan zela baieztatzekotan, «indar guztiekin» gaitzetsi zuten eraso hori, eta elkartasuna azaldu zioten Zaldibiako Gailurrerantz mendi elkarteari, hark kudeatzen baitzuen txabola. Horrekin batera, mankomunitateak eskatu zuen ez erabiltzeko «maltzurki» sute hori Aralarko pisten inguruko auzian.

Epe horretatik aurrera,  Eguzki taldeak eta Landarlanek Intzentsao-Goroskintsu pista proiektuaren inguruan Ingurumen Fiskaltzara aurkeztutako salaketarekin zerikusia duten albisteak iritsi ziren. Hala, irailean Fiskaltzatik azaldu zen «lege hauste zantzuak» egon daitezkeela Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio-Aralar Mankomunitateak onartutako proiektuan eta gaia Tolosako epaitegiaren esku uztea erabaki zuen.

Auzi horren hurrengo pausoa abendu honetan gertatu da, aldundiko bi zuzendari deklaratzera deitu baitzituzten Tolosako epaitegira: Arantxa Ariztimuño eta Felix Asensio. Lehena Mendietako zuzendaria da eta bestea orain Obra Hidraulikoetako zuzendaria bada ere, Ingurumen zuzendari izandakoa. Naturaren kontserbazioan diharduten elkarteak batzen dituen Naturkon kolektiboak jakinarazi zuenez, «lurralde antolamenduaren aurkako delituak egitea egotzita» deitu zituzten deklaratzera bi zuzendariak.



Iritziak alde eta kontra

Azken hilabeteotan Aralarren pistak egitearen eztabaida zabaldu da. Pistak egitearen alde dagoen ordezkarietako bat Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatea eta Enirio-Aralar Mankomunitateak onartutako proposamena landu zuen lantaldeko kidea da: «Landarlanekoek esaten digute ‘artzainak bai, baina pistak ez’. Baina joan zaitez sektoreko edozein eragilerengana, eta denek gauza bera esango dizute; artzain eta abeltzainen baldintzak hobetzen ez badira oso zaila dela Aralarren artzaintzaren jarduerari eustea, eta erreleboa behar bada gutxieneko bide berri batzuk egin behar direla. Eta hori esango dizute gaiari buruz zerbait dakiten eta esateko duten toki guztietan; bai Jaurlaritzako Nekazaritza sailak, bai foru aldundiak, bai sektoreko sindikatuek, landa garapenerako agentziek, Idiazabalgo gaztaren sor-markak… Honi buruz zerbait dakien edonork».

Zubizarretaren aburuz, Aralarri kalte handiagoa egingo lioke artzaintzaren jarduera desagertzeak, pista horiek egiteak baino. «Izan ere, Enirio-Aralarrek duen paisaia, eta jendeak hainbeste defendatzen duen Aralar hori, larre irekiak dituen mendi eremu hori, ez litzateke horrela izango abeltzainen jarduera gabe».

Pistak eraikitzearen kontra hasiera-hasieratik agertu den eragileetako bat da Landarlan ingurumen elkartea. Koro Irazustabarrena elkarteko kideak pisten egitasmoak alde onik ez duela dio, eta alde txarrak bakarrik ikusten dizkio. «Pistak egiteko nahi hau ez da berria. 2002an gaia aztertu zen, eta argi gelditu zen kalteak onurak baino handiagoak zirela. Aranzadik ere hala ondorioztatu zuen gaiari buruzko azterketa sakona egin eta gero». Artzain eta abeltzainen kontra egiteko asmorik ez duela argitu du, halaber, Irazustabarrenak. «Eztabaida ez da artzaintza bai ala ez. Argi dago Aralarko larreak giza jarduerak sortutakoak direla, baina ezin da ahaztu natur parkean habitat ezberdinak daudela, denak balio naturalistiko handikoak, eta balio kultural eta arkeologiko handia ere badagoela. Beraz, artzaintza eta abeltzaintza ereduari buruz egin behar da eztabaida, ez pistei buruz».

Tolomendi landa garapeneko agentziak pisten aldeko jarrera agertu du. Iker Karrerak teknikariak azaldu duenez, «bideak beharrezkoak dira, beti ere eragin kaltegarri gutxienarekin egiten saiatuta. Tolomenditik urte dezente daramatzagu Enirio-Aralarren abeltzaintza, batez ere artzaintza, bultzatzeko proiektuak laguntzen. Bere garaian txabolak konpontzen, eta azken urteotan mendiko gazta proiektua garatzeko diru laguntzak bideratzen. Baina guzti horiek hankamotz gelditzen direla ikusten dugu. Egun gizartea aldatzen ari da eta behar batzuk dituzte Aralarren jarduera ekonomikoa egiten duten artzainek nagusiki, baina baita ere beste ganaduzaleek ere. Ikusten dugu bideak beharrezko azpiegiturak direla baldin eta Aralar bere osotasunean ulertzen dugun bezala kontserbatu nahi badugu».

Nekazaritza sindikatuek azaldu dutenez, «abeltzainok bi premisa ditugu: abeltzaintza estentsiboa natur eremuaren berme gisa aitortzea eta borda guztietara sarbide duinak izatea». Aralarren egiten duten abeltzaintza estentsiboak «etorkizuna duela sinesten» dutela diote eta «etorkizun duina» aldarrikatzen dute: «Gure jarduerak gizarte osoari ekarpen ugari egiten dizkio, maila paisajistikoan, ingurumenari dagokionean, maila ekonomikoan, baita kulturalean ere».

EAJren ustez, «kudeaketa arloa bere osotasunean hartuko duen ebaluazio eta diagnosi sakona egitea ezinbestekoa da, irizpide ekologiko eta sozioekonomikoei erreparatuz. Urte hauetan zehar naturaguneak urrunetik kudeatu nahi izan dira, lurraldeko eragileak kontutan hartu gabe. Denborak planteamenduaren akatsaz ohartarazi gaitu».

EH Bilduk eskatu du «mahai gainean dagoen proiektua gelditzea eta hausnarketarako eta adostasunak bilatzeko prozesu zabal bat irekitzea». Koalizioaren ustez, «bermatu behar dira artzaintza jasangarria, artzainen bizi baldintza duinak, egun txabolekiko sarrera egokiaren eskaerari ere irtenbidea emanez, eta Natura 2000ko eremu babestua den Aralar Parkeko ondare natural zein kulturalaren kontserbazio zuzena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!