#AgurAtaria

Inoizko daturik onenak zituela iritsi da heriotza

Ataria 2017ko abe. 28a, 00:01

Gaurkoa izango da 'Ataria'-ren azken alea, 793.arekin iritsi zaio azkena; arratsaldean emango diogu azken agurra Tolosaldeko Komunikazio Taldeari, 18:30etik aurrera.

ATARIA hil da, baina hau ez da iragarritako heriotza baten kronika. Bat-batean iritsi zaio ATARIA-ri heriotza. Inoizko daturik onenak ematen ari zenean, Atarikideen babes zabala zuenean ez da aski izan, hala ere, kalitateko kazetaritza profesionala egiten ari zela, eskualdeko txoko guztietara iristeko lanean ari zela... Lantaldea lanean harrapatu du heriotzak, ezustean.

Tokian tokiko albisteak herritarren begietatik jorratzen dituen euskarazko komunikazio taldea galdu du Tolosaldeak, aurrera egiteko babes nahikoa jaso ez duelako. Matizatu beharra dago hala ere, ez gaitezen engaina, egia da babesa jaso duela, ataria.eus atariko bisitek etengabe egin dute gora, eta 2017a bukatu aurretik lortu du milioi bat bisiten langa pasatzea, atzoko datua argigarria da oso: urte hasieratik 1.075.115 bisita zituen ataria.eus-ek, iaz baino %13 gehiago. ATARIA IRRATIA-n inoizko kolaboratzaile sarerik zabalena batu du, eduki propioak lantzeko ahalegina egin du eta ez dira gutxi, astero-astero, irratiko mikrofonoetara gerturatzen direnak euren tartea osatu edota Pasahitza magazineko tartea gizentzera etorri direnak.

ETXEAN, EGUNERO

Aipatzekoak dira ere asteartetik ostiralera etxeko atarian egunkaria eta astekaria jasotzen dutenak. Eurek egin baitute posible eskualde mailako komunikabidea abiaraztea, eurek sostengatu baitute ATARIA, eurek eta udalek, Tolosaldeko 28 herriek babestu baitute ere, komunikazio taldea. Baina ez horiek bakarrik Tolosaldea Garatzen, Tolomendi eta beste hainbat eragile ere aipatu behar dira, eta baita Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkako Foru Aldundia ere. Atarikide gabe, ATARIA ez da posible, eta beraz, harpidedun guztiak zoriondu beharrean gaude. Zuek izan zarete ATARIA, zuek egin duzue proiektua posible. Atarikide horiek dira kate luze baten katebegiak, gainera; Atarikide horiengana iristen da egunero ATARIA eta horiei esker, gure lana 200.000tik gora pertsonengana iristen da. Guztiak zarete beharrezko eta ezinbesteko, baina proiektu potoloa osatu nahi izan dugu, bazter eta etxe guztietara iritsi nahi izan dugu eta herritarren lan eta ekarpenak lau haizetara zabaldu. Babesa jaso dugu, baina ez da nahikoa izan.

WEBGUNEA

200.000 erabiltzaile izan zarete 2017an ataria.eus bisitatu duzuenak. Eskualdeko albisteak bertako ikuspegitik, bertatik bertara eta profesionaltasunez jaso nahi izan duzuenak. Euskaraz arnastu nahi duzue eta ATARIA-k bere aletxoa jarri nahi izan du, Euskal Herri euskalduna egiten lagundu dugulako, horretan hedabideok berebiziko garrantzia baitugu.

Aitortza behar dugu. Egunero-egunero ataria.eus-eko bisita kopuruarekin jasotzen dugu aitortza, baina zoritxarrez hori ez da nahikoa izan. Atarikideen aitortza behar da, guztion proiektua egiten jarraitzeko. Horregatik zabaldu genuen harpidetzak egiteko modua. Gizartearen abiadurara egokitu ginen eta ATARIA sare sozialetan, Interneten orokorrean, eta gailu guztietara egokitu zen. Badakigu ATARIA jarraitzen duten asko jada, ohitura berrietara egokitu direla, eta jada ez dutela etxean egunkaria edo astekaria jaso nahi, Interneten dute behar duten informazio kontrastatu, egiazko eta profesionala, eta hori hartu dute egunero-egunero. Baina Interneteko albiste jarioaren atzean lantalde bat dago eta hori eusteko Atarikideak behar dira. Horregatik, egokitu ginen behar berrietara, eta horregatik dibertsifikatu genituen ATARIA sostengatzeko harpidetzak.

Interneteko erabiltzaileek urteko 50 euro ordainduta proiektu osoa hauspotzen laguntzeko aukera izan dute, pentsa, egunero-egunero ataria.eus bisitatzen duten 1.800 erabiltzaileek, harpidetza digitala ordainduko balute, 90.000 euroko diru sarrera izango luke Tolosaldeko komunikazio taldeak. Eta diru hori proiektua sendotzeko, eskaintza zabaltzeko eta gizarteari jasotakoa itzultzeko baliatu ahalko luke. Ametsa ote? Ziur gaude posible dela, baina kontzientziak kitzikatu beharrean dago ATARIA, heriotzera iritsi den honetan. Euskara hutsean komunikatuko duen talde sendoa galdu baitu eskualdeak. Ez da broma, euskarak behar du ATARIA, Tolosaldeak behar gaitu.

IBILBIDE MOTZA, BAINA OPAROA

Lau urte pasatxo dira jada, ATARIA sortu zela. Baliabideak optimizatzeko beharraz ohartuta, elkartu beharraz hitz egin zuten eskualdeko hiru komunikabide nagusiek, Galtzaundi astekaria, Txolarre irratia eta Tolosaldeko Hitza egunkariak, eta ez zuten zalantzarik izan, elkartu eta informazio profesionala helarazteko konpromisoari heldu zioten. Hasierak ez dira errazak izaten, hori esan ohi da, eta ATARIA-rena ere ez zen samurra izan, baina eskualdearekiko eta euskararekiko konpromisoak bultzatuta aurrera egitea lortu eta pausoz pauso talde sendoa egitea lortu zuen. Gaur arte.

Iban Urdapilleta Alkizalete da egun, ATARIA-ko kudeatzailea eta ekarpen guztiak eskertu nahi izan ditu. «Atarikideak, 28 udalak, eragileak eta erakundeak zoriondu nahi ditut, euren babesak egin baitzuen posible ATARIA», esan du.

ATARIA-k proiektu sendoa osatzen duela irakurriko zenuten behin eta berriz, eta horrela da, aurrekontua da horren isla. 700.000 euro inguruko aurrekontua izan du 2017an, eta inbertsio eta gastuak parekatzea lortu du, baina kostata ez pentsa, lan asko egin behar da kontuak parekatzeko eta lantaldeak hartu duen konpromisoa erabakigarria izan da horretan. 2018rako aurrekontua ere prest zuen, hor ere kontuak parean uztea aurreikusi zen, ez baitzuen aukerarik eman inbertsio berriak egiteko, baina horretan geratuko da aurrekontua, paperean.

Gastu potenteak ditu ATARIA-k; gastu finkoak, pertsonalaren gastuak, inprenta gastuak eta banaketa dira aurrekontuaren zatirik handiena hartzen dutenak, eta horri buelta emateko, Tolosaldeko 28 herrien ekarpena zein Atarikideena oso garrantzitsuak izan badira ere, ez da nahikoa izan.

Azken urteetan informazio jarioa urte guztira zabaltzeko ahalegina ere aipatzekoa da. Abuztuan ez zuen jada, etenik egiten. Ez zen papereko alerik kaleratzen, baina Interneten bizi-bizi egoten zen eskualdeko komunikazio taldea. Lantaldeak argi baitzuen: herritarrek informazioa nahi dute egunero, etenik gabe, eta ahal den neurrian hori betetzen saiatu izan da ATARIA.


14.000

IRISMENA

CIES etxearen azkeneko neurketaren arabera, ATARIA 14.000 pertsonengana iristen da egunero.


2.500

BISITAK INTERNETEN

1.800 pertsonek bisitatzen dute egunero, ataria.eus, bai zuzenean sartuta eta baita sare sozialen bidez, harpidetza digitala ordainduko balute 90.000 euro jasoko lituzke komunikazio taldeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!