"Ezberdinen arteko elkarlanaren eredua da manifestazioa"

Ataria 2017ko abe. 27a, 12:18

Ohi denez, Urte Zahar egunerako Aiztondo bailarako udalek manifestazioa deitu dute euskal presoen eskubideen alde. Aurten Sareren babesarekin egin dute manifestazioaren deialdia.

Euskal presoak Euskal Herrira. Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean antolatu dute abenduaren 31rako manifestazioa Aduna, Amasa-Villabona, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek. Agerraldian izan dira, Sareko Ander Goikoetxeaz gain, Adunako Joxe Mari Sarasola alkateordea, Amasa-Villabonako Xabat Laborde zinegotzia, Asteasuko Pili Legarra alkatea eta Joseba Txapartegi zinegotzia, eta Zizurkilgo Joxe Mari Luengo alkatea.

Goikoetxeak azaldu duenez, "Sareren helburua da ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea presoen eskubideen alde, eta uste dugu mobilizazio honek mahai gainean jartzen duela eredu hau. Aiztondo bailarako udal guztien babesa jaso du manifestazioak". Estatuen "immobilismoaren aurka" egin daitekeena, hain justu, hori dela zehaztu du Goikoetxeak: "Herritarrak antolatzea ezberdinen arteko elkarlan batekin, mahai gainean jartzeko ematen ari diren eskubide urraketak".

Horren harira azken hilabeteetan pauso "oso positiboak" ikusi direla gaineratu du Goikoetxeak: "Bake Artisauen eskutik ETAren armagabetzea eman zen apirilean eta ondoren Parisen izan zen mobilizazioa". Bestalde, gogora ekarri du aurten Euskal Herriko erakunde nagusietan "bai preso gaixoen egoera salatzeko bai salbuespeneko politikekin bukatzeko eskaerak" onartu direla, bai Nafarroako Parlamentuan, bai Eusko Legebiltzarrean, eta baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietan ere.

Erakundeen parte hartze horrekin batera, "funtsezkoa" ikusten dute Saretik "gizarte zibilaren aktibazioa eskubide zapalketa hauekin bukatu ahal izateko". Goikoetxeak azaldu duenez, "salbuespeneko legedia aipatzen dugunean, aipatu behar dugu presoen urruntzea eta horrekin batera sakabanaketa. Lekuz kanpo ikusten dugun politika da". Horrekin batera "presoen senideei eta bereziki hauen haurrei" aplikatzen zaien sakabanaketa aipatu du, "ez duena uzten familia egitura bat garatzen". Sara eta Izarren egoera nabarmendu du, "oso kasu larria" dela esanez: "Tratu txarrak jasan ondoren espetxe baldintzetan mantentzen dute Sara eta Euskal Herritik urrun mantentzen dute Izar".

Bestalde, gaixo larrien egoera aipatu du Goikoetxeak: "Ibon Iparragirre hilzorian badago ere, ez dute askatu nahi, nahiz eta erremintak izan gaur egun etxean espetxealdia bete ahal izateko. Ikusten dugu gaixotasunak erabiltzen ari direla espetxean xantaia egiteko". Egun espetxean 11 preso larri gaixo daudela zehaztu du Goikoetxeak, eta horien "berehalako askatasuna" eskatu du: "Uste dugu salbuespenezko legediarekin amaitzea pauso garrantzitsua izango litzatekeela giza eskubideen urraketekin amaitu eta konponbidea eta bakearen aldeko pausoak emateko".

Euskal presoen eskubideen egoera salatu ondoren, Aiztondo bailarako herritarrak deitu dituzte abenduaren 31n manifestazioan parte hartzera. Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatuko da 19:00etan, eta Villabonan amaituko da.

Bilborako autobusetan izena ematea

Urtarrilaren 13an Sarek Bilbon antolatu duen manifestaziora joateko autobusetan izena emateko zerrendak zabalik daude Tolosaldeko ohiko lekuetan. Arratsaldean izango da manifestazioa, baina goizez egitaraua antolatu dute Bilbon. Beraz, autobusean joateko bi aukera izango dira aurten, goizetik eta arratsaldez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!